L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Stultifera Navis aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Stultifera Navis-1 (1982) —Hurrengo artikulua




 

 

Ihes?

 

Itziar Laka

 

Ohea ez zen nire gustokoa. Zortzi estalkidun ohe handitan lo egiten ohitu ondoren, ezina egiten zitzaidan orain behearen gainean botatako koltxoi zahar baten gainean etzantzea eta izara soil batez estaliaz biharamonari itxarotea... Edonolako zaratak barrabarra entzun zitezkeen han hemenka; sukaldeko elkarrizketa zurrumurrutsua, irratiaren urruneko musika algaraz nahastu, eta gelako atetik iragazirik heltzen zitzaion erlojuaren tiklikladari bisita egitera; nire arnasa bera ere, gehiegizkoa zen; burkoaren kontra topo egitean eztanda txiki bat sortzen zitzaidan belarrietan, etengabe gora, behera, arnasaren erritmo geldigaitzaren arauera.

        Kaletik ere bazetorren hotsik. Urrunetik, urratsik urrats hurbiltzen ari ziren kantu eta oihu oraindik murmurkariak.

        Neska talde batek, antza, gaur afaria izana zuena, zihur asko, ondoko tabernarantz zeraman bidea farraren ateak zabaltzera agian...

        Leihopeko kaletik zetozen. Bazetozen. Eta etorkerak hazi eta haunditu, zolitu egiten zituen kantu-oihuok, oihu-kantuok, hotsok, diarrotsok, dehiadarrok, negarrok, garrasiok, oihugarrok... Berehalaxe zutitu nintzen, ez bait zen hura lagun koadrila batek sortzen duen melodia. Zer arraio izan zitekeen hura? Ez, ez zen koadrila bat, ez, jendetza izugarria zetorren kaletik behera oihuka, negarrez, korrika. Motore hotsak, klasonak, mugimendua entzuten zer edonon. Beldurraren usaia sartu zen gelan barrena. Pertsiana altxatzeko astirik ere ez nuen izan. Mugimendu hura, beldur hura etxekoon baitan sortua genuen jadanik eta etxe barruan ere ez zen arnas gogor, oihu, negar, zurrumurrurik beste entzuten. Bat batean, gelako atea zabalik. "Ez, ez da posible! Nola ta zer itsasoko ura herria jaten ari dela? Baina zer diozu?" Beldurra burua jaten ari zitzaidan auskada bizkorrez. "Eta zer egingo dugu? Ihes?".

        Baina erantzunik hartzeke, banenbilen zapata pare bat ilunetan bilatzen, jertse bat jazten ari nintzen, eta ezertan erreparatu gabe irten nuen.Kalera, uretara, edonora, beldurrak oraindik ere burua jaten zidan bitartean. Ez zegoen pentsatzerik ere; korrika nihoan, korrika, norabiderik jakiteke, zazpimila garrasi, oihu, negar, gorputz mugikor eta begirada galduen artetik iheska.

        Kresalaren usaia suma nezakeen; korrikak haunditutako arnasak nire barnera gonbidatzen zuen, eta ohartzeke heldu zen une batetan, kresal bustia nire zainetan barrena zebilen, nire larruaren larru zen. Bazetorren itsasoa, hurbilean zuen guztia kresaltzen, bere menpegaia markatzen; eta nik banekien kresaldu ahala itsaso bihurtzen nintzela, eta, gero ta gehiago korrika, gatzaren kontra burrukatzen, hezekeri hura ukatzen, nire gorputzaren mugetan nekatzen nintzen, beldurrak jana aspaldi, zango ez zen "ni" guztia madarikatzeko astirik ere ez nuelarik.Nekeak mozkortzen ninduen ahala, nire belarrietako paretak erortzean, inguruko heiagora zorrotzek inbaditzen zuten nire baita; geroztik nitasuna galduta jarraiki nintzaion deihadartza bizi hari, sentitzeke, ikusteke, itsasoak eramaten ohi dituen naufragio aztarna elkargainkarien antzera.Itsasoa... ai!, itsasoa...

        Norbaitek sartu omen ninduen kotxe batetara, zeren berriz nitu nintzenean, paisaiak ihes egiten zuen nigandik leihatilaren bestaldean. "Nora goaz?" "Eskerrak normaldu zarena!: Shock izugarri batek hartuta zeunden barruratu zintugunean, eta ez genekien zer egin zurekin...A, bai! Madrilerantz goaz; han senideak ditugu eta.. Hau?...Beno, orain Lekunberriko sarreran gaude ia-ia... Benetan?.,. Ondo ba!, Senideak baldin badituzu hemen, orduan ez dago prolemarik, hara zer kasualidadea! Justo hemendik pasatzen garenean esnatzea zu, ezta?...Beti esaten dudana: ezbeharra datorrenean, gaitzerdia segiduan!". Hemen zegoen Lekunberri, betiko tokian, itsasoaren gosea gezurra zela esan nahi balit bezela; oraindik ere gaua izanik, herrian ez zekien inork kostaldean gertatutakoa, eta lotan zeuden. Ez, ordea, herria, nire zain sumatu nuena karreteratik gora paseiatzen hasi nintzenean: etxe harritsuak niri so, zuhaitzak agurra surrumurkiro ahozkatzen, eta haizea, batez ere haizea...Berak esan zidan nora jo.

        Mendia beti bezela zegoen; egia esan ez nuen ezta bidexka bat ere gogoratzen, baina nahiz eta itxuraldatuta, betikoa zen. Egunsenti batez ezagutu zintudan eta berriz ere egunsentia genuen; goiz gorri arrats eiru, baina zerua hamahiru urtetako neskatila balitz legez gorritu zen nire begirada ikusi zuen bezela, eta ez zegoen negarretarako arrazoirik ezta?

        Gorantz jarraitu nuen, birikietan sartutako kresala eztiki kanporatzen uzten niolarik haizeari. Ehiza txakur batek bere jabe ikusi berria miazkatzen duen legez inguratzen ninduen, nire ilea usainduaz, betuleak kirimiltzen zizkidala. Azkenez, larre hartara heldu nintzen, goitik beherakora, lehenengo aldiz ikusi nuenean ezezagun sumatutako zerbaiten biltoki begitandu zitzaidana. Han zegoen, noski, jezarrita: Irrifarre beltzarana, begien zuringoaz niri so. Hurbildu nintzen beraren hile horia laztantzeko, berak besoak zabaldu zituen, kirru beltz bat hartu nuen eskuetan, buru zurbila ikaraz mugitu zen, zerbait entzun zitekeen oraindik murmurkari...

        Bazetozen. "Geuria da"ren bertsio metereologikoa kantatzen, hain zuzen. Dudarik gabe ondoko tabernarantz doaz, gauak prometitzen, dituen hamaika gezurren bila; bakoitza bere amets kunpliezinen baten egiztatzearen bila; eta badaude bideak: bide urratzaileak, gaueko gezurrak egiztatzen dituztenak.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.