Landatzen ditut belaunak lurraren gainean
eta otoitz egiten dut herri honen alde,
neure herri triste, hil eta iadanik usteldu
honen alde.
Hartzen dut ezpainetan hitz arrotza;
trakeski osatuz noa
neure arrosa.
Inoiz ez dut esan ahalgo zenbat lotsa,
zenbat ahalge pairatu nuen bakarrean;
zein eroa,
zein ergela izan nintzen dena soportatzen dudala
esatean.
Baina holakorik ez; akaba ezazue: badut nahikoa.
Heriotzeraino eraman duzue herria.
Kiratsa dario.
Begira: dardarrean nago, hortz karraska.
Nolako haurra izan zen, patu gaiztokoa!
Leialen azken dorrea,
«Herriarentzat Kultura-Lur»,
hainbat maite ukan nituenek beti (zergatik?),
hainbat borrokatako lagun zuhurrek
isildu egiten dute nire bozaren amorea.
Eta nire boza isiltzean, herria hiltzen da,
boz bat isiltzean, herria hiltzen da,
harena edo nirea isiltzen da, eta hil,
hil, hil egiten da.
Herria hiltzen da liburu bat erretzen bada.
Herria hiltzen da haur bat zikiratzen bada.
Horregatlk, honela diot:
Euzkadi hil dela
Ramon Saizarbitoriak (nire lagunak),
artaziak adorez harturik
liburu baten orria ebaki zuen mementoan,
nire haurra zikiratuz:
«Canico et Belchitine». Neure haur errukaria.
Arestiren Poema Guztien (Kriselu, Bilbao 1976) 486-487 orrialdeen artean adorez pegablea
|