L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Ustela aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

<stel0300>— Mermelada Ustela (1976) —Hurrengo artikulua




 

 

 

Ez Meb ez. Gureak ez dik erremediorik. Botoa ematen bazigutek edo alderdi komunista permetatzen baditek ere, gureak ez dik erremediorik izanen. Ezetz Meb ezetz. Eskuizkribuak saltzeko hire kiosko desiratu hori avenidan zabaltzen uzten baditek ere ez Meb. Mozkortuko garenetan ere berdin berdin jarraituko zaizkiguk hostiatzen, hi ama eta atsoa ni. Eta hil zaiguk Xalbador ere. Lehen bai, gehiago bagenituen. Gehiago gintuan triste edo hamorraturik bizitzeko arrazoiak genituenak. Orain berriz benetako tristeak geldituko gaituk bakarrik triste, edo egiazko hamorratuak hamorrazioz ukabilak patrika barrenetan hersteko. Eta triste edo hamorraturik bizi ahal izateko arrazoinak kenduko zizkigutek. Eta arrazoin berriak —hain ondo entendituko ez direnak— bilatu beharko dizkiagu, Buena Vistatik gora hartu eta Rotetako puta zaharren magalean negarustutzeko, gure mozkorraldi memorable haietan bezala. Bai Meb, memorableak hituen gure mozkor haik, eta koherenteak, zentzu batetan behintzat, mozkor politikoak hituen eta neurri batetan ondo ikusiak —hire amarena, hire amarena aparte duk—. Aurrerantzean mozkor hutsak izanen gaituk Meb, besterik ez. Hutsa. Eta delinkuenteekin batera bakardadean eraman beharko dizkiagu geure gauak. Rotetako putek ere ez zigutek garai batetako faborezko tratua eskainiko. Eta hire korkobarena ezinen diagu iadanik demokrazia faltaren aitzakiz esplikatu. Korkobadun puto bat izanen haiz hemendik aurrera, besterik ez, sentitzen diat Meb. Ai Meb, zer izanen ote da gutaz traduzio simultaneoa eta botoa ematen dizkieten egunean.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.