L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Ustela aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Zorion Ustela (1976) —Hurrengo artikulua




 

 

Oraindik ere egun

 

Historia mediko bat: Anamnesis, Sintomatologia, Diagnostico Clinico. Observaciones: "El niño habla mucho pero no se le entiende". "No se le entiende", haurrak euskara besterik ez baitaki hitzegiten. Ingelesez mintzatu balitz "el niño habla inglés" izkribituko zuketen, "no le entiendo", "no le entiendo yo", eta "recomendable le vea un médico sepa inglés".

        Gezurra badirudi ere, bada oraindik Euskalerrian eguneroko bizitzan euskal kulturaren munduarekin topo egin gabe bizi daitekeen jendea. Jakina denez, edozein errealitateren aurrean, pertsona bakoitzak interesatzen zaiona ikusten du, edo hobe esan, berarentzat sentidurik duena besterik ez. Ikustea ez da begiratzea, bide batez konprenitzea baizik. Gizonak jokaera determinatu batzuei esker, bererentzat sentidua duena aukeratzen du soilki errealitatetik. Eta azken finean, sentidu bat eman diezaiokena barneratzen bakarrik sudur aurrean duen errealitate horretatik. Dudarik gabe. "San Sebastian Guipúzcoa España Distrito Universitario de Valladolid etc." eskema ideologikoekin bizi den psikiatrak ez du zergatik ez entenditurik, Donostian, "San Sebastián Guipúzcoa España etc." jaiotako haur bati, "hijo de tal y tal con domicilio en etc.", haurrak hitzegiten duena gauza koerentea bada behintzat.

        — A este niño no le entiendo. ¿Es un niño turista inglés?

        — Francés tampoco, porque le entendiría. ¿Será hijo de algun importador de zapatos alemán?

        — No.

        — Es acaso un niño ruso. Porque mudo no es.

        — Tampoco.

        — Pues no le entiendo. Escriba: observaciones. El niño habla mucho pero no se le entiende.

        Horren xinplea.

        Kasu hau ez da ohizkoena dudarik gabe, baina beti ere komeni da aipa dezagun, zeren askorena ala guti batzuena, geure ukazioa den aldetik esplika baititzake gure zenbait portaera, deseperatuak bezala kalifikatu ohi direnak. (Xinaurria ez du inork ukatzen; eta horregatik dute beharbada humore ona xinaurriek). Bai, jeneralki euskal kultura errealitate bezala izan ohi da begiratua eta ikusia ere, eta aski ondo interpretatua gainera, konsideratua behintzat, egungo eskema ideologiko gehienek ez baitute eragozten euskal kultura errealitate bezala ikustea. Egun, hemen, Adornoren eskala F moduko zerbaitekin, pertsona baten joera faxistak analizatzeko mailetako bat, euskarak batxillerra egiteko balio duen galderari ezezkoarekin erantzutea izanen litzateke. Mundu guztiak daki hau, eta mundu guztiak hartzen du kontuan ideien brageta zabaltzerakoan, gure lehendakaria bezalako Quijote erromantiko batzuk izan ezik.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.