1. Itzulpenen garaia igaro da euskal literaturgintzan?
1968 eta 1973 artean argitaratu ziren bospasei obra itzuli. Geroztik hona, zenbait editorial hondatu, beste batzu sortu, genuen bi poeta presentableak hil, guti gehiago agertu, baina ez batzuek ez besteek itzulpen batere* argitara ematera dira ausartu.
Itzulpena, literatur genero bezala, gaizki ikusirik baitago aspaldi honetan. Haren ugaltasunari, maxime literatura orijinal gabezia batek laguntzen badu, kultur ahuleziako sintoma bat deritzate gure literatur soziologoek. Giza-zientzietan eta peritaje industrialaren alorrean ontzat ematen da itzulpenen beharra, jakina. baita euskaldunok ez dugula polbora asmatu ez Das Kapital eskribitu, eta gainera, ze demontre! horretarako egiten da hainbeste Hiztegi Moderno-General-Eskolar-Zientifiko-Tekniko-Erotiko-Liturgiko. Baina utz ezak literatura pakean: itzul azken parida althuserianoa eta Euskal Unibertsitateko despatxoen loterian sartuko haiz, baina egik propioa nobela batekin eta ikusiko duk okertzen diren Bontzo Nagusien muturrak...
Zeren Literatura etxeko alaba guztiz birjinala bihurtu baitzaigu, familiaren ohorea ankartean daraman dontzeila mantxagabekoa, edo, nahi baduzue, gure Gu, gure nortasun kolektiboaren ilusio zitala mantentzen digun azken Maskara, herri identitatearen mitoa haragiztatzen duen mozorroa.
2. Azken finean, Literatura Hizkuntzaren raison d'étre sakona da. Jakobsonek edo Barthesek baieztatzen dutenaren kontra, Literatura ez da Hizkuntzarekiko écart bat, idazkeraren maila-zero batetik alde egiten duen subkodigo bat. Aitzitik, Hizkuntza Literaturatik desbiazio bat dugu. Federiko Zaratustrak ikusten jakin zuen hitz bakoitzaren etorkian metafora argitsu bat zetzala; Heideggerek etimologia japones batean deskubritu zuen Hizkuntza Primigenioa (Poesia) petaloezko euri isil bat izan zela.
Beraz, Literatura Lengoajerik lehena edo Ur-Hizkuntza izanik. Hizkuntzaren Ukazioa eta Utopia bilakatzen da. Hortik haren balore erboluzionarioa: poema orok Historia eta Lanaren aurreko Paradisuko errauts batzuk daramatza bere baitan.
Baina bestalde Boterearen ahots posible bakarra dugu Hizkuntza, eta ongi dakite, estatu-gizonek. Haiek ere Literatura bat nahi dute, baina literatura domestikatu bat, Hizkuntzaren Konfirmazio eta Eredua izan dadin. Baina alferrik, zeren literatura guztia, inozenteena ere, bakarrik lortzen baita Hizkuntzak ezartzen dizkion mugak gainditzean. Literatura transgresioan sortzen da. Heraklitori parafraseatuz esan genezake Literaturak Hizkuntzaren heriotza bizitzen duela, eta Hizkuntzak Literaturarena.
3. Tamalez, Euskal Herrian munstro bizefalo espezie bat proliferatzen da: politikari-eskritorea, hau da, bere presupostu politikoak hedatzeko asmoz Literaturari dedikatzen zaion plazagizona. Nahiz eta haren biotopoz-a eskualde menditsu hauk baino askozaz zabalagoa izan, hemengoak oso ilaia monokolore bat presentatzen du: nazionalismo sozialista deskafeinatu bat politikan. Etnolinguismo marxistizatu bat filosofian, eta literaturari dagokionez, berdin zaio nobela existenziala edo teatro sozial-patritikoa, zeren literaturgintzari ematen dion funtzioa zera baita: euskararen omnipotenziaren fede ematea, artzain dialekto multzo ilun bat zibilizazio hiperindustrial baten espresabide ahalguztiduna bihur daitekeela frogatzea...
Inork ez dezala beste inorengan pentsa. Hemen guti dago pekatuz garbirik, eta euskal artikulurik errazena osatzera heldu garen gehienok sailketa zoologiko honetan sar gaitezke. Hona hemen funtsean dagoen argudio ezkutua: herri batek hizkuntza propio eta berezi bat behar du, nazio bezala existitu nahi badu behintzat, eta hizkuntz bizitasunaren garantiatzat literatura bernakulo bat ere. Honelako literatura batean, soberaz daude itzulpenak.
4. Hala eta guztiz ere, literatura bat ez da gauetik goizera sortzen. "Un análisis, incluso superficial, de la historia literaria nos muestra sin lugar a dudas que el impulso motor de su evolución lo constituye ante todo la interacción e influencia de unas obras sobre otras. Sería ocioso recordar que toda creación artística se produce en un ámbito cultural ya atestado de obras cuya existencia reitera, modifica o niega...", oroiterazten digu Juan Goytisolok. Literatur giro baten behar honek ez ditu hizkuntz eta nazional mugak errespetatzen, noski, eta etxean ogirik ezpadago, hauzokoaren atea joko du. Hau izan da euskal literaturaren kasoa, delako klasikoarena barne ere: Julio de Urquijok "Gero" eta Fray Luis de Granadaren "Guía de Pecadores"-en arteko kointzidentzia harrigarriak seinalatu zituen, Tartasen "Onsa Hilceco Vidia" XVgn mendeko best-seller baten bertsio berankor bat besterik ez zen izan... eta halako zerbait gertatzen da paraliteraturaren alorrean: Zuberoko pastoralen gaiek (Aymonen lau semeak, Roberto Deabrua, Karloman eta Hamabi Pareak, etab.), Katamiako Santa Agedak eta Brabanteko Genobebak Europako herri literaturaren altxor komunean parte importante bat osatzen dute. Baina guzti honek ez du esan nahi euskal literatura kaso arraro eta lotsagarri bat denik Europako textoinguruan. Aitzitik, direlako "literatura nazional" guztiak elkarrekiko zordukan ditugu; hobe esateko, sorterri bakar batean erroturiko landareak dira: Europako tradizioan.
5. Hona ailegaturik, galdetu beharko genion gure buruari: ze hostiak pintatzen ditu adjetibo maradikatu hark? Ene eritziz, "nazional" kalifikatiboak ez du beste funtziorik betetzen Estatu eta herriaren arteko nahasketa, literatur mailan ere, mantentzekoa baizik. Eta, honen ondorioz, literaturgintza akademikoak deituriko nekrofago mafia horren inkisiziopean sartzekoa ere. Zentzu honetan itzulpen eskubidea defendatzea "literatura nazionala" den taifako erreguloen belauneskubideak zalantzan jartzea dateke: gauden dilemarako beste irtenbiderik ez dagoelako: apologia ala traizioa.
Eta tradikzioa tradizioa eta traizioa (traduttore, traditore) batera da. Tradizioa textoinguru historiko bat dugu, hau da, texto kate bat zeinean texto bakoitzak aurrekoa itzultzen eta traizionatzen du, zeren, nahiz eta texto orijinalaren mamiari irauterazi nahi izan, ezin baitezake zerbait berri baten agerketa eragotz. Honela, Octavio Pazek literatura bera traizio konsumatzen den espaziotzat salatzen du:
"En todos los casos, sin excluir aquellos en que sólo es necesario traducir el sentido, como en las obras de ciencia, la traducción implica una tranformación del original. Esa transformación no es ni puede ser sino literaria, porque todas las traducciones son operaciones que se sirven de los dos modos de expresión a que, según Roman Jakobson, se reducen todos los procedimientos literarios: la metonimia y la metáfora. El texto original jamás reaparece (sería imposible) en la otra lengua; no obstante, está presente siempre porque la traducción, sin decirlo, lo menciona constantemente o lo convierte en un objeto verbal que, aunque distinto, lo reproduce: metonimia o metáfora."
6. Ergotiza dezagun: literatura ergo tradikzioa, zeren obra oro literatur lantze-salda batean sortzen baita, giroan dagoen materia batez baliaturik. Literatura ergo tradizioa, zeren irudi arketipikoen metamorfois amaigabe bat baitugu, edo, Eliotek berak bere Quartetto batean East Coker esan zuenez, literatura egia orijinalen estalpen eta berdeskubrimendu etengabeko bat da eta: Literaturaren izen sekretua Maia baita, munduaren aurpegi izugarri ezkutatzen duen Zapia, eta literaturgintza, hots, ahantzkortasun eta memoriaren artean urratzen den kontraesan eternoa. Literatura ergo traizioa, zeren pour donner un sens plus haut aux mots de la tribu Printzearen Hitza gainditu behar baita eta Botereak ezarririko mugak baino haruntzago joan behar ere, barne ere Printzea, gizontxo probidentzial bat ere izan gabe, aurpegirik gabeko Big Brother-a denean: Partidoa, Klasea, Herria edo beste edozein hipostasis bat. Krimenik ez dagoen idazkeran apologia agertzen baita, hain zuzen.
Hona hemen zergatik erabaki dugun editorial berri bati itzulpen batekin hasera ematea. Pott eginda gaudenoi ez zaigu Kriselu proletarioa jasotzeko humorerik geratzen, ezpaikara birjinak, ez zuhurrak eta ez eroak, inoren erreinu ustela etor dedila esperatzeko. Horregatik, toaja jaurtiki ondoren, lopedeagirre guztien seinupean jartzen gara.
* Hobe esanda, bat: K. IZAGIRREK itzuli duen CASTELAOREN "UN OLLO DE VIDRIO". (KRISTALEZCO BEGIA. Kriselu, 1976).