L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Porrot aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Porrot-4 / Kontra (1990-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Amodioaren kontra

 

Carlo Fabretti

 

euskaratzailea:

Patziku Perurena

 

        Mito guziak bezala, zalantzaren lainopean babesten du amodioak bere burua, eta honek zaildu egiten du aztertzeko, eta ondorioz, bereizkuntzak egiteko lana. Autokontzientziaren edo cogito ergo sum-aren (edo hobe, patior ergo sum-a proposatzen dutenen) ondotik, amodioa da sentimendurik sakonena eta "adierazgaitzena" (hortatik, literaturak eta arteak, adierazten beren ahaleginak eta bost egitearena), batipat, maiteminari dagokion zentzu zorrotzean.

        Halabaina, hainbesteko konfiantza dugu bere unibertsaltasunean, non, berehala ulertua izanen den zalantza izpirik gabe, "maitemindurik egon" adiera, esanahi zehatzekotzat joaz, hitzetik hortzera erabiltzen dugun. Hauxe da amodioaren mila paradoxetarik bat: denek badakite zer den, baina, aldi berean, oso zaila da, ez noski definitzea, deskribatze hutsa baizik. Honen aldean, "zoriontasuna" edo "libertadea" bezalako konzeptu ulergaitzak, hutsaren hurrengo dirudite.

        Hortaz, ez naiz aurka azaldu naizeneko aztergaiaren definiziorik egitetik hasiko, baizik eta aurkakotasuna bera joan bedi, definitzen ez bada ere, nolabait mitoa inguratzen, ondoren desartikulatzen joateko (lan delikatua hau, bakoitzak nola edo hala bere gisa egin beharko duena).

 

        Amodioaren eta adiskidetasunaren arteko lehia

        Normalean (eta ikusiko dugun bezala, jabetasun guziarekin) "amodio" hitza harreman familiar eta parafamiliarretara mugatzen da. Gurasoen eta semealaben artean, senaremazteen artean, ezkongaien (nukleo protofamiliarrak direnen) artean hitzegiten da amodioaz, maitasun klase honen eta adiskidetasunaren arteko bereizkuntza nabaria eginez, "maitasuna" eta "adiskidetasuna" hitzak elkarrekin zer ikusirik ez balute bezala erabiltzeraino. Maiz esan ohi da "lagunak besterik ez gara", nolabait, elkarren artean amodiozko harremanik ez dela agerian uztearren. Eta bere semeari "zuretzako lagun izatea gustatuko litzaidake" esaten dion aitak argi eta garbi adierazten du, adiskidetasuna ez dela berez aita-semeen arteko harreman tipikoari dagokion ezer, baizik, deus izatekotan ere, harreman hau gainditzeko lortu beharko den zerbait.

        Hona amodioari buruzko beste paradoxa, bi afektu modu —eta bi hauek bakarrik— aipatzeko erabiltzen da amodio hitza: batetik, gurasoen eta seme-alaben arteko afektua, eta bestetik, maitaleen artekoa; hasteko, bateraezinak diruditenak, ezen elkarrengandik zorrozki bereizten bait ditu intzestuaren tabuak. Taburik gogorrenaz doidoian estali izan bada ere, psikoanalisiak garbi utzi du semealabenganako afektuak sorrarazten duen alderdi erotikoa. Halere, gai hau alderantziz planteiatzen hasi beharko litzateke, afektu erotikoak semealabenganako sortzen duen joera ikusiaz, alegia.

        Amodioaren azpian "paradisu galdu" hura berreskuratzeko desio gartsua gordetzen da, non, ama ni-aren luzapena den, eta bere agorrik gabeko atsegin iturri eta segurtasuna. Zentzu honetan, amodioa beti haurtzarora bihurtzen da, ez du onartzen begi bistakoa den etena eta erremediorik gabe helezina den bestetan (seme-alabatan) bihurtze hori; horregatik da erabat justifikatua, betetzen duen momolo beratzaren eta potolo itsumandoaren papera.

 

        Familiaren ideologia

        Amodioa deitzen duguna, funtsean, zelula familiarren arteko lokarriaren indarra da: aurrekoei bateginik eustera eta beste berriak sortzera jotzen du (bikote guzia protozelula da). Amodioaren betiko esklusibotasuna eta posesibotasuna, gizarteko famili nukleoaren egiturari dagokio, ente afektibo-sexual eta ekonomikotzat jotzen den bikotean —eta sor ditezen semealabetan— oinarritua denari. Afektibitatea eta sexualitatea familiaren altzoan gauzatzen dira, eta berau berriro sortzera jotzen dute.

        Moral kristau-burgesa baretuz joan den ahalean, ezkontz eta famili eskema bigundu egin da, libertade formalei dagokienean ez da halako menpekotasunik, baina, gainditua izatetik bide luzera geratzen da (aitzitik, biguntze horrek lagundu egin dio gizarte permisiboago batean iraun dezan), eta amodioa, aipaturiko eskema horren adierazgarri eta oinarri da. Nahiz ezkontza, gizarte eta erlijio instituzio gisa ahultzen hasi (eta hau ere oso erlatiboa da), bere oinarrizko mitoak —amodioz uztartutako bikoteak— kasik mundu guzian bizirik dirau.

        Amodioa, familiaren ideologia da, —hau da, ideologi hutsa—, barne muinetaraino sartua eta ohiturarik eta mitorik premiazkoen bihurtua. Gaurregun sortu diren mitoaren bertsio paganoak, baliteke bertsio kristau-burgesak hainbesteko menpekotasunik ez izatea, baina, ideologia berbera dute erakusten eta zabaltzen.

        Amodioaren aurrean hartzen diren halako edo honelako jarrera "progresistek" edo "errealistek" apenas jotzen duten mitoa gaurkoratzetik haruntzago (eta honekin, jakina, betikotz iraun dezan lagundu baino ez dute egiten). Ezkontza, ofizialki (libreki, beti izan bait du biguntasunik, batipat gizonezkoentzako) dibortzioaren bidez bigundu den bezalaxe, amodioak ere, nolahalako garai razionalista eta desmitifikatzaile honetan bizirik aterako bada, absolutu eta betiko izate hari egin dio uko. Baina, ez da ukapen sintzeroa izan: atsegin iturri eta segurtasun oso baldintzagabeko, iraunkor eta esklusiboa lortzeko antsia edipotarrak bizirik dirau; bizirik segitzen du ere, beste pertsona batekin elkartzeko irrikak (zerbaitegaitik erabiltzen da "konkistatu" hitza "maitemindu" hitzaren ordez); bizirik, ama muga jakinik gabeko ego baten indar leuna zeneko garai edenikoa berreskuratzeko gogoak ere. Liebe ist Heimweh: amodioa nostalgia da, esaten dute ironiaz alemaniarrek.

 

        Umekeri mundua

        Laburbilduz, amodioa, famili nukleoaren eskema betikotzearen eragile eta ondorio da, aldi berean, gordelekutzat joa den familian —edo bikotean— babes hartzera eragiten duen gizarte esplotazioan eta konpetentzian oinarritutako baten baldinpetzaile eta ondorio izanik, eta afektibotasunari eta sexualidadeari umekeri mailan eusten diena:

        Amodio-gaisotasunaren etologia familiarrak, argi eta garbi erakusten du bere sintomarik komunena eta negargarriena: jelosia, zeloak.

        Zeloak, eta berauek dakarten zorigaitza (posesibotasuna, menpekotasuna, antsia, haserrea, etabar...) amodioaren umekeriaren begi bistako ondorioak dira: bi pertsona maitemintzen direnean, jakinaren gainean dira elkarren antsia edipotarrak asetzeko konpromisoa hartzen dutela, beraz, nahitaez senditu behar beren gorputzak frustaturik, edo frustratzeko edo "abandonatzeko" zorian, ezen beren altzoan daramaten umetxoak, amodio gartsuak itsutua, eten gabeko dedikazio esklusiboa eskatuko bait du, nahiz inondik inola ere ezin dela jakin. Nork bere burua abandonatzearen kontrako bildur hau, bestearen munduan omnipotentea, omnipresentea, eta omniszentea ez izateak sortzen duen frustrazio sorgor eta etengabeko hau, zelotan bihurtzen da.

        Amodioa, gizarte hipokrita eta menperatzaile honetan sarritan benazkotasunaren eta burujabetasunaren azken gordelekutzat hartzen dena, berez, faltsukeriarik handiena eta estuki inguraturik gauzkan gartzelarik hertsiena da.

        Bikotearen bi osagaiek, engainurik lotsagarrienean zapaltzen dute elkar, (eta hau, soilik, elkar engainatzea baino engainatuak izatea nahiago dutelako gerta liteke) eta, elkarren menpekotasun neurotiko baten katean lotuak, bata bestearen presondegiko giltzen jabe egiten da.

        Maiteminduek —beren odolez— honako kontrato eliptiko hau izenpetzen dute: "ni, zuretzako garrantzizkoena, zure unibertsoaren ardatza, naizelako itxura eginen duzu zuk, eta nik, zu neurearen ardatza zarelakoa eginen dut; honela, ahaztu eginen dugu haurtzaroa galdu genuenez geroztik, erremediorik gabeko bakardadean bizi garela, bakoitza geure unibertsoaren ardatzera mugaturik... Ni zuretzako zerbait bakarra eta inork ordezkatu ezina naizelako plantak eginen dituzu zuk, hain zuzen, ni naizelako zaudela nirekin, nahiz eta eiki nire sakoneko identitatea ezezaguna eta helezina izanen zaizun, eta ni zuretzako paper hau bete lezakeen mila antzesleetarik beste bat gehiago baizik ez izan; nik ordainetan, zu neretzako bakarra eta ordezkatu ezina zarelako itxura eginen dut (ni zuretzako bakarra eta ordezkatu ezina naizela sinestarazten didazun neurrian, errazago eginen dudan gauza), hain zuzen ere, zu zarelako nagoela zurekin, etabar..."

 

        Elkar engainatzea

        Sikologoek ongi aztertzea mereziko lukeen mekanismo ad hoc baten bidez, aktore biek, ez batak bestearen farsa bakarrik, baita nork berea ere sinistu egiten dute. Seduktorearen eta "benetako maiteminduaren" arteko desberdintasuna horixe da, aurrenekoak bere partner-a besterik engainatzen ez duen bitartean, bigarrenak bere burua ere engainatu egiten duela.

        Elkar hainbeste engainatzerik, bestalde, sustraiak ongi sendotutako mitologia batetan bestetan ezin daiteke eman. Erlijioa-jainkotutako aitarenganako (edo agintari nagusiarenganako) amodio modua den gisa berean, amodioa erlijio modua da, hots, alteritatearen edo bestetasunaren izaera eskuraezin eta ezagutezinari ematen zaion erantzun mitikoa. Erlijioa herio bildurra konjuratzeko sortutako mitologia bada, amodioa, bakardadearekiko bildurra konjuratzeko sortua den mitologia da; eta hala denez, arazo honi irmoki aurre egiteko oztopoak jartzen ditu, bizi gareneko bakardade ikaragarri honen kausa nagusia den aberatsenen esplotazioan eta konpetentzian oinarrituriko sistemak betierekoan iraun dezan lagunduz.

        (Honako galdera hau egin daiteke: erlijiozko mitoak jende askok alde batera utzi baldin baditu (1), baina, amodiozkoak kasik inortxok ere ez, honek zera esan nahiko ote luke, bakardadearekiko bildurra heriotzarekikoa baino askoz ere gartsuagoa eta menderagaitzagoa dela? Behar bada, honen esplikazioa zera da, heriotza berez fenomeno bakarra, erabatekoa dela, eta gehientsuenek alferrekotzat eta urrutikotzat jotzen dutela, Eguzkiaren antzera, aurrez aurre begiratzen uzten ez duenatzat joaz La Rochefoucauld-ek esaten duen gisan. Heriotzarekin ezin da entsegurik egin; hala gogorarazten du Epicurok: "zu zarenean, heriorik ez da; herioa denean, zu jadanik ez zara". Bakardadea, ordea, zuzenean eta sarritan —etengabean ez esatearren— entseiatzen dena da, eta gure gizarte konpetitibo anonimoan gutxieneko modu egoki batean nekez erremedia daitekeena. Heriotzari dagokionean baino bakardadeari dagokionean nork bere burua engainatzeko beharra askoz ere hurbilagoa eta premiazkoagoa da).

 

        Traumetatik...

        Ezin da egungo sistemarik inola ere irauli, famili nukleo patriarkalari aurka egin gabe. Eta honek, aldi berean, amodioaren mito atzerakoari maskarak kentzea dakar, eta "mirari arrotz" baten gisan hartzeko joera uztea, izaera ideologikoaren trastornu afektibo-sexuala izanen balitz bezala aztertzen —eta tratatzen— hasiaz.

        Hizketa arruntean maiz aipatzen da amodioaren alderdi traumatikoa: "amore minaz" hitzegin ohi da, "amodio sukarraz" (honetan brasildarrak argiagoak dira, tarado hitza erabiltzen dute maitemindu-aren ordez), eta, zerbaitegaitik, irudikatzen da Cupido bere arku eta geziz armatua. Baina, hain dago erroturik amodioari buruzko erlijioa, non, jainko itsu eta tiranikoa dela zabalki onartzeak ere, ez bait du eragozten era batera edo bestera adoratzen segi dezaten.

        "Amodioagandik gorrotoagana pauso bat besterik ez delako" esanera latzak aski izan beharko luke amodioaren gaitzari buruz gixaixoenaren baitan ere errezelorik sortzeko. Amodioa eta gorrotoa dira aztergai dugun txanpon afektiboaren alderdi biak; bortxakeriaz, bildurrez, gezurrez, eta abar... egindako aleazio oparo batez grabatutako txanponarenak. Inkomunikazioaren txanponaren bi alderdiak dira, eta horregatik daude elkarrengandik hain hurbil, non, batetik bestera pasatzea edo elkarrekin nahastea oso erraza den. Jendeak elkar ezagutu, ulertu, lagundu ahal baleza, eta solidaridadea eta "sinpatia" (etimologiazko norbaitekin batera sentituaren zentzuan) izan, gorrotoa ezezik bere beste alderdia —bere bikote dialektikoa—, amodio gartsua ere desagertu eginen litzateke. Eta adiskidetasuna besterik ez litzateke izanen orduan, intimidade gutxi gehiagokoa, sexualidade gutxi gehiagokoa, baina, batez ere, norberetasun urkoa, irekia eta librea errespetatzen duena.

        Amodio gartsuaren "gorrotoagandik pauso batera dagoen" aspektu negatibo hauek benazko amodio jator eta argi baten "esentzia" hipotetikoaren zer ikusirik ez duteneko eta "gertakari huts" direneko uste ustel zabaldua saihestu egin behar da. Zeloak, antsia, frustrazioa, haserre (agerikoa ez bada) ezkutukoa, etabar... ez dira amodioaren "zikinondorrak", bere berezko osagai intrinsekoak baizik. Posesibotasun eta menpekotasun edipotarrak ezinbestean sortzen ditu zeloak, antsia; idealizazioak frustrazioa sortzen du; eta antsiak eta frustrazioak (edo berauen ebita ezinak) haserrea dute sortzen.

 

        ...Alineaziora

        Ez da batere erreza amodioa zerbait benazkotzat-ontzat-edertzat jotzeko errotua den joera hautsi, eta alienazio era bailitzan, aurka egiten astea. Jenderik gehienak berea eta benazkoa izanen balu bezala ikusten eta bizi izaten du amodioa, ego-aren nukleoaren beraren adierazpen eta atseginik sakonen eta gorenen iturrri nagusitzat hartuaz.

        Eta hori, zein bapateko dezepzio haundi baten bidez, zein pixkanako dezepzio ttikiek ekartzen duten hoztasunaren bidez, amodioaren bilakaeraren prozesua bera gu "engainatzeaz" arduratzen dela, gainera. Gizartea gorpuzkulu familiar edo antzekotan atomizatzeko xedea betea duenean erakusten du amodioak bere funtsezko engainua. Baina, jende askok ez du hori ikusi nahi izaten: hain halabeharrezkoa edo erremediorik gabekoa dela iruditzen zaio! Eta ikusten dutenek ere, gehienek, norberaren erru edo halabehar bailiren hartzen dituzte, hutsa, planteiamenduaren beraren oinarrian dagoela konturatu gabe. Baita "ezeptikoak" direnen artean ere, gehienek, alternatibak baino gehiago lehengoaren ordezkoa bilatzen dute, eta areago mitifikatu baizik ez dute egiten "egia izateko politegia dela" esanez, eta huxkeriatzat jotzen dituzte beste era bateko esperientzia erotikoak (edota zuzenean huxkeria bila hasten dira "besterik ezinean").

        Era honetako "eskeptizismoak", "etsipenak" edo"desengainuak" ez datoz amodioaren mitoaren aurka; aitzitik, indartu egiten dute, beren benetako helburuak (amodioaren mitoa bera eta ideologia zabaltzeak) sorrarazten duen haserrea bestetaratzen eta frustrazio afektiboen sorburuak ahanzten dituzten neurrian.

        Bukatzeko, laburbilduz, zera esan genezake, gure egungo amodioa kontzebitzeko eta senditzeko modua, seguraski ere, barne muinetaraino sarrarazi diguten ideologia baten gordelekurik ezkutuena eta babesena dela ideologi menperatzaile honen aurkako burruka mila bidetatik eraman daiteke, eta hauetarik gogorrenetako bat geure izatearen erraietan, geure sentiberatasunaren muinean berean daramagu. Oso lan gaitza da, baina, aurka agiten ez badiogu, sistemak gutariko bakoitzarengan eraikia duen bunkerra geure "bihotza" bera dela ikusi nahi ez badugu, aldez aurretik galdua dukegu gatazka. San Paulok ongi esaten zuen bezala, ideologiaren tenplu biziduna da geure burua (zein uxo zuriz, zein momolo hegaldunez jantzi), eta, geure barrendik nola merkatariak hala apaizak —eta batipat— barne muinetaratu dizkiguten jainkoak kanpora botatzen ez baditugu, ez gara libre izaten sekula santan hasiko.

 

        (1) Ez hainbestek, benetan: erlijioa alde batera utzi duela uste ohi duen jende askok, honen ordez beste mito sasizientifiko, moralista eta abarri heltzen bait die, herio bildurra konjuratzen dutenei ez bada ere, gutxienean bai behinipein bizitzaganako bildurra indartzen dutenei.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.