Editoriala
Begira, aspertuta gaude, nekatuta eta pott eginda, eta ikusi eta dastatu ahal izango duzuen azkena da PORROT hau. Bai, azkentzenago eta aspertuago. Eta egoera horretarainoko bultzada gaiztoa eman diguten arrazoiak zerrendatzea eta lerrokatzea nekeaz gain, alferreko derritzogukeelako, eta nola gure asper setatian ihardutea pisua izateaz aparte aspergarriago den, ez gara gehiegi saiatuko gehiegi adierazten eta azaltzen. Beude arrazoiak beren ilunean! Aupa Heraklito!
Egingo dugu, hori bai, lekutze edo kokatze bat. Besterik ez bait dizuegu eskeiniko, bai bait dakigu gure asperrak edo egonezinak edo dena delakoak zuek gutxi arrenkura eta zirrara zaitzaketetela.
Orain urte purrust bat, hainbeste non ia mendea iruditzen zaigun, lehen zenbakia kaleratu genuen, suizidioa gai zuelarik, eta ez zen izan une horretan guk geure buruaz beste egin gura genuelako, aspalditxotik bait geunden moralki suizidatuaren egoeran, baizik eta barruan gordetzen diren sentipen, pentsamendu eta gogoetak azkenez ustel bihurtzen bait dira: ximaur piloa. Ximaur morala gure inguruan jira-biraka, tiobibo kitsch batetako zaldia bailitzan.
Bigarrena ere kaleratu genuen, geure den berezko nagitasunaz. Pereza zuen gai. Eta orduan ere geure buruari agindu genion gehiago ez genuela alerik ezta deusik aterako ere, teorizatzeko ausardia izan genuena praktikaratuko genuela, Pacificoko uharte ezkutatu, sekretu eta urrun batetan. Loteriarenak egin zigun huts.
Bizirik, euskalerri honetan, hirugarren zenbakia kaleratzeari eman genion, haur baten inozokeriaz, arrunt bestelako garaiak bait ziren, aldakor eta eraginkor, eta haur gozo horiei buruz idatzi genuen, horretxen titulupean idatzi ere. Ordainetan inozokeria galdu genuen, eta ez dugu iada berreskuratu.
Hauxe duzue, irakurle maiteok, gugandik jaso dezakezun emaitza bakar eta bakuna. Geratzekotan, hemendik aurrera, eskuak haseran bezain huts. Eta urte pilo bat, agian, alferretan bizitzak eramana.
|