Pozoietara jolas dezagun
Ray Bradbury
euskaratzailea: Jesus Peñagarikano
Gorrotatzen haugu, gorrotatzen haugu! oihukatu zioten hamasei neska-mutilek gelan, Michaelen inguruan irmoki estutzen ziren bitartean.
Michaelek ere oihu egin zuen. Atsedenaldia jadanik amaitua zen, baina Howard Jauna, maisua, artean iristeko zegoen.
Gorrotatzen haugu!
Eta hamasei neska-mutilek, hamaseiak bat bailiren, bultzaka eta arnasestuka, leiho bat ireki zuten. Hiru solairu zeuden espaloiraino. Michaelek aurre egin zien, baina ez alferrik; denen artean heldu eta leihotik behera bota zuten.
Howard Jauna, beren maisua, orduantxe sartu zen gelara.
Itxoin! egin zuen deiadar.
Hiru solairu beherago, espaloian zetzan Michael, zerraldo.
Ezin izan zen ezer egin. Poliziak ere, nabarmenki egin zion itzuri arazoari. Ume guzti haiek zortzi-bederatzi urte zituzten eta ez ziren egiten zutenaren jabe; beraz...
Kolpea, Howard Jaunak biharamunean eman zuena. Ez zuela bere bizi guztian gehiago irakatsiko zioen.
Zergatik ordea? itaundu zioten bere lagunek.
Howard Jaunak ez zuen inongo arrazoirik eman. Isil-isilik geratu zen; bere begiak dizdirati agertu ziren. Geroago, egia esanez gero erotzat hartuko zutela ihardetsi zien.
Howard Jauna, Madison City-tik aldendu egin zen. Handik gertu zegoen Green Bay herrixkara joan zen bizi izatera, bertan zazpi urte emanaz, idazten zituen olerki eta istoriei esker lortutako diruaz mantendu zelarik.
Ez zen inoiz ezkondu. Zenbait emakumerengana hurbildu bazen ere, asmo bera zuten denek buruan... haurrak.
Zazpi urte bazeramatzan berak hala erabakitako erretiroan, udazkenez, Howard Jaunaren maisu lagun min bat gaixotu zenean. Ordezko egokirik ezean, klasea bere gain hartzea bere eginbeharra zela eta, deitu eta sinesterazi egin zioten.
Konpromezua aste gutxitako kontua izango zelakoan, Howard Jaunak, tamalez, onartu egin zuen.
Batzutan zioen Howard Jaunak, Iraileko astelehen goiz hartan, gela alboetan zehar astiro zebilen bitartean, batzutan, haurrak beste dimentsio batetik etorritako erasotzaile batzu direla egiatan uste izaten dut.
Gelditu egin zen, eta begi beltz distiratsuez banan-banan so egin zien bere entzule koxkorren aurpegiei. Jarraitu egin zuen, esku bat, ukabildurik, bizkarrean, bestea, animalia zurbila bailitzen, jakaren paparrean pausatuaz; geroxeago, bigarrengo hau jaso egin zuen betaurrekoekin jolas egin asmoz.
Batzutan jarraitu zuen, William Arnold eta Russell Newell eta Donald Bowers eta Charlie Hencoop-i begiratuz, batzutan, umeak, deabruak berak ere ezin dituela jasan eta infernutik sortutako munstro txikiak diren ustea izaten dut. Eta, nola ez, zibilizatu gabeko buru koxkor horiek aldatzen ahalegin guztiak egin behar direla deritzat.
Egia esan, Arnold, Newell, Bowers eta gainontzekoen belarri zikin-garbiek ez zuten Howard Jaunaren hitzen aditzera handirik. Baina bere ahotsaren tonuak beldurra senti erazi zien. Nesken bizkarrek aulkiarekin bat egiten zuten, ilekordak estutuz, Howard Jaunak, aingeru gaiztoei deitzeko eskila-sokatzat har ez zitzan. Ikasle guztiek, hipnotizatuta egongo balira bezala behatzen zioten maisuari.
Zuen zio, sineskizun eta ez obeditu beharrekin, guztiz arraza ezberdina zarete jarraitu zuen Howard Jaunak. Ez zarete gizatiarrak. Zuek, zuek..., umeak zarete. Beraz, harik eta helduak izan arte, pribilegioak eskatzeko edota zaharragoei galderak egiteko inolako eskubiderik ez duzue, berauek zuek baino hobeto dakite eta zer egin behar den.
Gelditu eta garbi baino garbiago zegoen mahaiaren atzeko aulkian eseri zen.
Zeuen irudipen munduan bizi zarete esan zuen kopeta beztuz. Bada, jakin ezazue hemen ez dela horrelakorik izango. Berehala konturatuko zarete nik emandako belarrondokoa ez dela amets bat, laster jaitsiko zarete Peter Pan-en mundutik bafada bat bota eta itaundu zuen: Beldurtu egin al zaituztet? Lortu dut bai, lortu dut. Ondo, ondo, oso ondo. Ongi merezia daukazue. Non gauden jakin dezazuen besterik ez dut nahi. Eta gogoan izan ez naizela zuen beldur. Ez, ez naiz zuen beldur bapatean, aulkiari atzekaldera eragin zion, begi guztiak bereetan tinko zeuden bitartean. E! zulatu nahian bezala gelara begirada jaurtiki zuen. Zer ari zarete hor atzean marmarka? Nigromantziaz ala beste zerbaiti buruz?
Zer da nigromantzia? galdegin zuen neska koxkor batek eskua jasoz.
Hori, Arnold eta Bowers gure bi lagun gazteak zer murmurikatzen ari ziren esan eta gero eztabaidatuko dugu.
Donald Bowers altxa egin zen.
Ez zaitugu gogoko. Hori besterik ez dugu esan.
Eseri egin zen berriro.
Howard Jaunak bekainei eragin zien.
Egia esatea atsegin zait. Eskerrik asko zuen zintzotasunagatik. Baina matxinada ganorabako horiek ere ez ditut inondik inora onartzen. Gaur arratsaldean, klasea bukatutakoan. hemen geratuko zarate ordubetez arbelak garbitzen.
Klaseak bukatu ondoren, hostoak, udazkenero bezala, bere inguruan erortzen ziren bitartean, etxera zihoala, lau ikaslerekin egin zuen topo. Espaloian kolpe lehor bat eman zuen:
E! Zertan ari zarete?
Bi mutilak eta bi neskak, harriturik, bastoiak beren bizkarrak jo izan balitu bezala atzeratu ziren:
Ene! ozen bat irten zen lauen ahotik.
Tira, tira, adieraz iezadazue zer ari zineten ni iritsi baino lehen.
Pozoietara jolasten esan zuen William Arnold-ek.
Pozoia! oihukatu zuen maisuak, aurpegia zimurtuz. Ondoren, ondo baino hobeto neurtutako sarkasmoz: Pozoia, pozoia, pozoietara jolasten. Ederki, eta nola jolasten da, bada?
Gogo txarrez, William Arnold-ek korrikari eman zion.
Etor hadi hona! agindu zion Howard Jaunak.
Nola jolasten dugun erakutsi nahi dizut ihardetsi zion mutilak, espaloian zegoen porlan bloke baten gainera jauzi eginez. Hildako gizon baten aurrera heltzen garen bakoitzean, bere gainera salto egiten dugu.
Benetan egiten al duzue? galdetu zuen Howard Jaunak.
Norbaitek hildako baten hilobi gainera jauzi egiten badu, pozoindurik geratu, jausi eta hil egiten da adierazi zion Isabelek berehala.
Hildako gizonak, hilobiak, pozoinketak esan zuen Howard Jaunak isekaz. Hildakoarena, nondik atera duzue?
Ez al duzu ikusten? itaundu zion Clara Parris-ek bere hatza luzatuz. Lauki horretan, hildako bi gizonen izenak daude.
A ze txorakeria! osteratu zuen Howard Jaunak zeharka begiratuz. Horiek, espaloiko porlana egin eta jarri zutenen izenak baino ez dira eta!
Isabelek eta Clarak bi mutilengana zuzendu zituzten beren begirada salatariak.
Hilarriak zirela esan zenuten! oihukatu zuten bi neskek bateratsu.
Bai esan zuen William Arnold-ek oinetara begiratuz. Halaxe dira. Beno, ia-ia. Berdin da begiak jaso eta erantsi zuen: honez gero berandu da. Etxera joan beharrean nago. Gero arte.
Clara Parrisek, espaloian grabaturik zeuden bi izenei so egin zien.
Kelly Jauna eta Terrill Jauna esan zuen irakurriz. Hortaz, hilobiak ez dira, ez? Kelly eta Terrill Jauna, ez daude hemen ehortzirik, ezta? Ikusten al dun, Isabel! Hamaika aldiz esan dinat horixe bera.
Ez didan inoiz esan erantzun zion purrustadan Isabelek.
Ongi pentsatutako gezurrak esan zuen Howard Jaunak makilaz emaniko kolpetxoez bere ezinegona adieraziz.
Neurririk gabeko faltsukeria. Jainko maitea! Arnold, Bowers, ez duzue aurrerantzean horrelakorik egingo; garbi geratzen al da?
Bai Jauna ahopekatu zuen bi mutilek.
Ozenkiago hitzegin ezazue!
Bai Jauna erantzun zuten berriro.
Howard Jauna arinki aldendu zen kalean barrena. William Arnold, maisua begibistatik noiz galdu zai egon zen zera esateko:
Txoriren batek sudur puntara zirina egingo al ziok!
Tira Clara, jarraituko dinagu pozoietara jolasten esan zuen Isabelek ilusioz beterik.
Dena hondatu dun irazkindu zuen Clarak aurpegi txarra jarriz. Etxera nitxen!
Pozoindurik nitxok oihukatu zuen bapatean Donald Bowers-ek, bere burua lurrera bota eta ahotik bitsa dariola dagoenaren itxurak eginez. Begira! Pozoindurik nitxok! Aaaa!
Ene! jaulki zuen haserre Clarak, eta korrikari eman zion.
Larunbat goizez, Howard jaunak kale aldera zegoen leihotik begiratu eta birao bat egotzi zuen, Isabel Skelton, espaloian klarion arrastoak egin eta gero, lelo monotono bat abesten zuen bitartean, saltoka ikusi zuenean.
Aizan, nahikoa dun!
Kalera oldartuz, zalaparta hartan lurrera bota zuen. Oratu ondoren, gogorki astindu eta azkenik lurrean laga zuen; Howard Jauna zutik zegoen klarion arrastoen gainean.
Txingoan nenbilen esan zuen neskak negar zotinka eta begiàk igurtziz.
Berdin zion. Hemen ezin dun jolasean ibili arrapostu zion Howard Jaunak; musuzapia atera, makurtu eta klarion arrastoak ezabatzeari ekin zion, zera marmaratuz: sorgin txiki bat haizena. Pentagramak. Errimak eta araoketak, eta dena guztiz xaloa bailitzen. Ene, hau ume inozoa! «Deabru» koxkor bat haizena.
Jotzeko keinua ere egin zuen, baina azkenean ez zuen jo. Isabelek, aiene artean, korrikari ekin zion.
Korri bai, korri, tuntun halakoa! oihukatu zuen amorru bizian. Joan hadi eta esaien porrot egin dunala. Beste bideren batetik saiatu beharko dinate. Nirekin alferrik ari ditun. Ez dinate ezer lortuko. Ez horixe.
Berriro etxean sartu zen, basokada bat pattar hartu eta traskada batean irentsi zuen. Egun guztian zehar, umeek jolasean ihardun zuten eta bazter guztietatik irteten ziren beren buila eta karraisiek ez zioten pakean utzi.
Honelako beste aste bat zioen bere baitarako eta burutik erabat nahastuko nauk eskua bere buru mindura eraman zuen. Jainkoaren izenean! Zergatik ez ote gaituk denok heldu jaiotzen!
Beste aste bat ere joan zen. Eta bien bitartean, bera eta umeen artean gorrotoa nagusitu zen. Ezinikusia, beldurra, artegatasuna, funtsik gabeko zaputzaldiak, eta gero... zelata isila. Haurrak zuhaitzetara igotzen ziren, sagarrak janez, Howard Jaunari so egoteko; udazkenaren usain malenkoniatsua hiriaren gainera abailtzen zen..., gero eta egun laburragoak..., gero eta gau luzeagoak...
Baina ez natxek ikuituko, ez dituk ez, ni ukitzen ausartuko esan zuen bere kolkorako, pattar basokadak bata bestearen atzetik edanaz. Nolanahi ere, hau ergelkeria baizik ez duk, gibelasmorik ez zegok. Luze baino lehen hemendik eta... beraiengandik aldegingo diat. Luze baino lehen, bai...
Burezur zuri bat zegoen leihoan.
Ostegun bateko ilunabarreko zortziak ziren. Astea, elkarrenganako zakarraldi ugarirekin, luze joan zen. Etxe aurrean egiten ari ziren ubide berrirako lubakitik behin eta berriro uxatu behar izan zituen umeak. Umeek, zulaketak, leku izkutuak, hodiak, erretenak..., oso gustokoak dituzte, eta gora eta behera, edota hodi berriak jarri behar zituzten zuloetan sartuirtenean ibiltzen ziren.
Jainkoari esker, dena burutua zen, eta biharamunean, langileek, lubakia lurrez bete, ondo zapaldu eta gero porlan geruza berria botako zuten, espaloia lehen zegoen bezala utziz. Horrek umeei alderagingo zien. Baina une hartantxe...
Burezur zuri bat zegoen leihoan!
Garbi zegoen ume baten eskuak eusten ziola burezurrari, beiran bermatuz, kolpatuz eta higituz. Haur irribarrea ere entzuten zen leihoaren bestaldean.
Howard Jauna, zalapartaka irten zen etxetik.
E, aizue! egin zien deiadar ihesari eman berriak ziren hiru umeei.
Oihu batean, bera ere antxintxika abiatu zen hiru umeen atzetik. Kalea oso ilun zegoen, baina bere aurrean eta azpian, zalapartaka mugitzen zirela ikusi zuen. Elkarturik baleude bezala ikusi zituen, zergatik ote zen gogoratu ezinik, beranduegi izan zen arte.
Bere aurrean lurra zabaldu egin zen. Erori eta putzu batean geratu zen, hodi batekin egundoko kazkarrekoa hartuz, eta kordea galtzen ari zen bitartean, bere erorketak benetako lurbizia eragin zuen ustea izan zuen; eta hotz eta hezea, bere praka, oinetako, jaka, lepezur eta burura jausi zen, ahoa, belarriak, begiak eta sudurzuloak estaliz.
Etxekoneko andreak, arraultzak eskuzapi batean bildurik zituelarik, Howard Jaunaren atea jo zuen. Bosten bat minutuz ihardungo zen ate joka. Azkenean, atea ireki eta etxera sartu zenean, eguzkiaren errainuek aidean nabarmentzen zituzten hauts izpiak besterik ez zituen kausitu; gelak hutsik zeuden, sotoan ikatz hautsaren usaina aditzen zen, eta atikoan, arratoi bat, armiarma bat eta gutun kolorge bat baino ez zegoen.
Harrigarria Howard Jaunari gertatu zitzaiona esan zuen behin baino gehiagotan ondorengo urteetan.
Eta helduak, diren bezalakoak izanik, ez dira batere begizorrotzak, eta ez zieten Oak Bay kalean ondorengo udazken guztietan pozoietara jolasten zuten umeei kasu handirik egin. Ezta HOWARD JAUNA G. B. jartzen zuen porlanezko bloke karratu eta arraro baten gainean jauzi egiten zutenean ere.
Zein duk Howard Jauna, Billy?
A! hemen porlana bota zuena izango duk.
Eta G.B. hori, zer duk?
A! Auskalo. Pozoinduta hago! Zapaldu egin duk!
Tira, tira, mutikoak. Baina, baina, kontuz ibili, bada! Goazen hemendik!
|