L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Porrot aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Porrot-2 / Pereza (1986-abuztua) —Hurrengo artikulua




 

 

Lana? Ken hemendik!

 

Esteban Antxustegi

 

        Lanari uko egitea langilegoaren betebeharra eta kapitalista eta sindikalisten kezka iraunkorra den neurrian, egitarau komunistek betidanik azaldu izan duten zutabe klasikoa dugu.

        Hala eta guztiz, baztertua eta irrigarritzat jo izan da behin eta berriro. Horrela, ikuspegi ezkertiar batetatik gehiegi ideologizatua eta lanaren baztertzea «bazterturik» agertu zaigu: bere mezua lan alokatuaren aurka azaldu da, hots, historikoki kapitalismoan lanak bete duen egitea adieraziz soilik, lanak berak duen «esentzia ezgizakorra» aditzera eman gabe inoiz.

        Hemen eta orain, daukagun krisialdi ekonomikoarekin, eta langabezian gutxienez bi miloi pertsona izanik, lanaren aurka mintzatzen garenean badirudi trufatzen ari garela; eta hauxe besterik ez zaigu sinestarazi nahi «despidoak ez, lana bai», «langabezia ez, lana bai» eta antzekoak aldarrikatzen direnean. Kontsigna hauek nahita (?) lana bera lanpostuaren «eskakizunarekin» nahasten dute, eta nahaste-borraste honekin lana deitzen diogun horri inolako kritikarik ezartzea ezinezkoa gertatzen zaigu; are gehiago oraindik, lanari eginiko kritika erreakzionario eta antilangiletzat jo daiteke.

        1782.ean lana zegoelako proletarioak behar ziren, 1982.ean, aldiz, proletarioak daudelako lana behar dugu. Langileak betidanik «kritikatu» izan dute lana. Orain, benetazko axola bere «ezabatzeak» eduki behar du.

        Lana, historian zehar, modu askotara baloratua izan da, eta ez da ahaztu behar ere erdaraz «trepalium» —torturako tresna— hitzetik datorkigula. Gaur egun lanari uko egiten dion edozein inkontziente edo delinkuenteaurretzat hartua izaten denean lanak bere baitan ongarria dakarrelakoan gaudelako besterik ez da. Bai urrun gaudela Grezia Zaharreko kontzepzio haietatik! Urre Aroko grekoek biziki mesprezatzen zuten lana. Izan ere, esklabuak ziren lanari ekiten zioten bakarrak, gizon askeak gorputz-ariketa eta izpiritu lanetaz aritzen ziren bitartean (politika, matematika, filosofia...). Egun, lanari dagokion etika nagusia kristautasunaren bedeinkapenez (katolikoen arloan, «Elizaren Dotrina, soziala» deituriko mezu produkziozale eta korporatibistaren bidez eta, protestantismoaren alorrean, Max Weber-en liburu ezagunean frogatu zuen legez) eta garapen kapitalistak dituen beharrez erabat loturik aurkitzen da.

        Lanaren baztertzea gauza konplexua, sailkapen zailekoa dugu. Zergatik hau? Zergatik —ikuspegi burges bai ikusmolde ezkertiar batetatik— hainbat kezka eta oposizio sortzen ditu?

        Arrazionaltasun honek ez du, bere aldiz, lanari uko egiteak dakarren indar askatzailea hautematen utziko. Alferkeri, nagikeri, aktibitate ezarekin nahastuko du, arrisku sozial bat bezala plazaratuko du, gizartea bera ere krisian jarriko lukeen «zoritxarreko» zerbait bailitzan. Hoberenean ere, etengabeko zulo indibiduadista eskeintzen duen alternatiba eskas baten itxura emango lioke, hori bai, inolako balore baikor gabekoa.

        Honi buruz murrizte-saio ugari egin dira, baina guztiak alferrik. Lanari uko egitea hori baino askoz gehiagokoa da, erabat eta arras desberdinagoa, hain zuzen ere.

        Bere ahalmen iraugarri eta menperagaitz guztiarekin «lanari uko egitearen kontzeptua berreraikitzeak» suposatzen du, gaur egun, gehiengo / gutxiengoko egitarau-derminoetan eta taktika / estrategiaz pentsatzen ari den arrazionaltasun horrekin haustea. Lanaren baztertzea beste «eskakizun» hoiekin homologatu ezinezko proposamena dugu, eta hoiekin konparatzen den bakoitzean, ezinbestean, murriztu eta desbalorizatu egiten zaigu.

        Lana baztertzea, «aberastasun soziala eta, denbora librea eskuratzeko borroka» bezala, prozesu iraultzaile baten mami bihurtzen zaigu, honen arrazoi bakar izatean bilakatuz. Egun, «kontraboterea» defendatzeak lanari uko egitearen alde azaltzea suposatzen du. Honi dagozkion modu guztiak —sabotai, abstentzio, eskuratze, politikarekiko ukapena...— benetazko iraultzaren ardatza osatzen dute, egituratze eza eta desestabilizazioaren eredua. Era honetaz, gure askatasun bidean lanaren ukapenak gorakada-neurri bat adieraziko du.

(In/dolencia aldizkaritik jaso eta moldatua)

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.