L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Porrot aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Porrot-2 / Pereza (1986-abuztua) —Hurrengo artikulua




 

 

Idazlea alper zerri hori

«Oblomov» eta «La conjura de los necios» liburuei buruz

 

Felipe Juaristi

 

        Jainkoak nagiak dira, sentitzen dut esateagatik. Eta bertute horren jabedunak izateaz aparte, bortitzak, lizunak, berekoiak, plazerrei emanak. Dohain asko izango dituzte baina horien artean ez dago gizonen bizitza erraztea, beraientzat egiten duten guztia erraza izanik. Baina ez dute behin ere nagiaren gorespenik egin. Hori bakarrik ez, jainkoek zigor moduan lana egin beharra ezarri zioten gizonari. Pandoraren kutxa ondoan gizonari esperantza besterik ez zaio geratu. Sua ohosteagatik prezio justua.

        Gizona jainko nekatu bat da; eta denok gure sortzaileak direnak edo beraiek izan nahi dugula egia bada, gizonari lanarekin jainko izateko ahalmen guztia hautsi zioten. Paradisu galduaren imajina geratu denarren, ahaztu du gizonak bera ere nagia izanez jaio dela eta bizitza aurrera joan ahala gehienez alperra izatera iritsiko dela eta beti lanari makurtuta.

        Hala ere gizonek, beraien baitan, mundu idilikoa goratuz ere, gutxitan egingo dute nagiaren, nagikeriaren edo alperkeriaren gorasarrerik. Munduan egon diren lehendabiziko poetek garbi laga izan dute Inmortalen gozoa lortzeko lan egin behar dela, jai dagoela lanik gabe.

        Zeren horrela bait dio Hesiodo handiak: «Alperraren laguna gosea bait da. Jainkoek eta gizonek zabarki ikusten dute zabarrean bizi dena». Eta are gehiago: «Ez dago duintasunik eza lanean, ezer ez egitean baizik».

        Literatura gizonaren pentsamendu, gura eta frustrazioaren islada izan da beti. Horrela lana goraipatzean argi ikusten da gizonaren desiorik izkutuena nagia izatea dela, jainkoen pareko. Horrela literaturan nahiko lan lago, lana ugari lanari buruz: «Herkulesen lanak», «Persiles eta Segismundoren lanak». Eta literatura aipatu dugu, zeren literaturgilea bere mistifikazioetatik kanpo, gizakirik alperren eta nagiena bait da.

        Garai guztietan zenbait jendek pentsatu izan dute beraien destinoa jainkoena zela, beraiek aukeratuta zeudela munduan zeuden moduan eta egiten zuten guztiak zeruaren onespena zuela. Ezaguna da Espainiako noblezia handiak edo mixerableak lanarekiko zuen jarrera. Nahiago zuten edozein gerratan hil landa luze batetan garia ereiten baino. Dena den, batzuei ez zitzaien ezer falta eta asperrari hautsa kentzeko gizonen gerratan edo emakumezkoen gerratan murgiltzen ziren, tramankulu guztiekin.

        Errusiako noblezia ez da ezberdina. «Oblomov» nagiaren nobela da, indolentziarena. Berrogeitahamar orri irakurri dituzu eta artean ez da jaiki pertsonaia nagusia eta bere oheko jantzi barruan bizitzak eskeintzen dion guztiari pasatzen uzten dio. «Lurreko arazoak ez dira nereak» dio baina badaezpadaere, esaera hori praktikan jartzen du. Ez beste batzuek bezala, eta horrekin ez natzaio inori zuzentzen ari. Esan behar da Oblomov-entzat etzanda egotea ez dela beharra, ezta kasualitatea ere; bere egoera normala da. Hala ere behin edo birritan saiatzen da egoera normal hau gainditzen, gizarteari egokitzen, baina beti ere nagiegia da ondo ateratzeko. Kontraesan honetan isladatzen da XIX mendeko gizarte errusiarra, aldatzen ari den gizartea.

        Gontxarov, «Oblomav» idatzi zuenak bere garaiko errealitatea transkribatzeaz aparte, errealismoko nobelatan, errepresentatiboena idatzi zuen. Esan behar da dena dela, hemen ez zaio inori barkartzen, idazlea pintatzen ari zen iruditik urrutiegi ez zegoela.

        Oblomobismoa inertzia eta apatia arteko oreka da, esklabotasun moral eta lanerako jarreraren artekoa. Errusian garai batetako aristokraten joera.

        Errealismoaren handitasuna da pertsonaien ezaugarriak horren zehatzak izateagatik, eta gainera zabalak, hortik edozeini aplikatzeko modukoak izatea. Idazle handiek pertsonaia handiak egin ohi dituzte eta era berean identifikagarriak. Oblomov, beraz, Errusiako sektore sozial bat da, besterik gabe zehatzik deskribatuta.

        «Animan gorputzean baino nagikeria gehiago dugu» dio La Rochefoucauld, XVIII mendeko moralista frantziarrak, eta jakina da moralistak gehienetan erreakzionarioak direla, eda behintzat kontserbadoreak. Horrela ez espero moralista batengandik zeuen alperkeria txikientzako laguntzarik.

        Baina aipatu duguna ondo datorkio XX mendean agertu den nobela kurioso bati. «La conjura de los necios» du izena eta bertan Ignatius J. Reilly-ren «lanak» eta «afanak» deskribatzen dira.

        Alperkeriaren erresuman sartu gara, alperkeria metafisikoan. «Filosafiaren kontsolazioa» lagun duela eta ama maitale, Ignatius J. Reilly-ren burua saiatuko da liburuan zehar lana egiteko hemeretzi mila aitzakia bilatzen, sikologikoki eta fisikoki nagia, lanari makurtzen bazaio amaren ona lortzeko da, bere Edipo konplexu barruan.

        Baina esan dezagun, Ignatius J. Reillyren nagia sobrenaturala dela, ideia metafisiko batek sortua eta metafisika ez da lurrekoen artean oso maitatua, jainkoen kutsua ematen bait zaio.

        Ez dago liburuan inongo kritika soziala egiteko asmorik, inongo kritika pertsonala egiteko gogirik. Pertsonaia den moduan agertzen bada, ez da karikatura bat agertzekotan. Ez dago irrealitateari lotuta baina guztiok ezagutzen dugu Ignatius J. Reilly-ren bat gure lagunen artean, gure ezagunen erdian, beti aitzakiak bilatuz munduan ez egoteko, egin nahi ez duguna egiteko luzapenetan. Azkenean beti lanean hasten da, inolako grinarik gabe eta lan mekanikoa traszendentea bihurturik, segundu traszendenteen abuliak jaten dituen arte. Eta dena lehen bezala.

        Irakurlea liburua pasatuz gero konturatzen da Ignatius J. Reillyren arazoa zein den. Amaren maitasuna absorbentea egiten da eta bere maitearekin ez du larrua behar bezala jotzen. Horrenbeste katramila sinplea dena konplexua bihurtzeko!

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.