L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Porrot aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Porrot-2 / Pereza (1986-abuztua) —Hurrengo artikulua




 

 

Izan zaitezte zabarrak atseginean eta amodioan ezik

 

Patxi Perurena

 

        Pertsona alferraz, edo zabarraz, edo nagiaz, gure artean maizegi hitzegin izan baldin bada ere, nekez aurki daiteke gai hau bere alderik benazkoenean aztertzen dukeen lanik. Ez dakiket gehitxo esatea denentz, baina, badirudi jaidurarik ederrenak eta, zoragarrienak arbuiatzeko joera izan duela egundainokoan egina dugun historia kaxkarrak. Hemen aztergai dugun honekin, behintzat, ez nuke inolako dudarik hala izan dela. Han eta hemen galde egin dudan arren, hagitz laudorio guti eriden dut perezari buruz (enetzat, bederen, gizasemearen pasiorik behinenekoa denari buruz). Laidoak, berriz, ezin konta ahala bil litzake nornahik, nonahi eta noiznahi, eta zer esanik ez, pereza gaitzestearekin batera izpiriturik gabe geratzen ari den gure herri honetan.

        Karl Marx-en teoria eta pentsamendua aldarrikatzen eta nolarebait kritikatzen ere lan eskerga egiteaz gain beronen alaba Laurarekin ezkondu zen Paul Lafargue izan da pereza franko poliki tratatu duenetariko bat.

        Jakina, badugu obra bat, gure letra apurretan gailenena omen denekoa, eta gai honekin zerikusi estua lukeena. Nik ez dut esanen GERO ahaztu egin dudanik, akordatu ez dut egin nahi ukan, batez ere, perezaren gai hau bere zentzurik lastimagarrienean tratatzen duelako.

        Esan bezala, Marx-en suhia izan zen Lafargue-rengana itzuliaz, hala dio bere «Perezarako Eskubidea» obraren pasarte batetan: «Antzinako filosofoek, lanarekiko, gizaki librearen degradazio horrekiko, arbuioa erakutsi zuten. Gure mendea, agi denez, lanaren mendea da. Halaxe da bai, oinazearen, miseriaren eta ustelkeriaren mendea bait da.» Ez alferrik, mende beteren buruan langabezia munduko kezkarik latzena izateko. Hutsa, filosofo zaharren esanaren eta lanaren arteko erdibide antzeko batera jo izan balitz. Bai zera, haiena desterratuaz lana mitifikatu da ezinbestekotzat.

        Lehenagotik esana zuen Fourier-ek «Lana laidogarri da zeharo gizonarentzako. Zoriona, ahalik eta pasiorik gehien izatean eta betetzen saiatzean datza.» Baita Moreau Chiristophe-k ere izkiriatua zuen «Aisiarako Eskubidea» deritzon lana, eta Dommanget-en ustez gainera, honen eragin nabaria omen luke Lafargueren «Perezarako Eskubidea» lanak; tituluari dagokionean, behinik behin elkarren oso kideko lirateke. Paul, bestalde, egungo espainiar sozialisten aita ere izana da nolabait, mitin eta hitzaldi aunitz eman bait zuen Espainian. Baina, ez zuten harengandik aski ikasi izanen zortzirehun mila lanpostu sortuko zituzten aitzakian boterea berenganatu zuten gaurko sozialista gazteek. Hala esaten zuen hark Espainia aldean eman zuen hitzaldi batetan: «Lana jadanik ez da balore errespetatua, eta lanaren ideologia kinka larrian da. Jada, inork ez du bizirik irabazi nahi bizia galduaz.»

        Ez ote da nahiko adierazgarria azken esaldi eder hori. Bai, behintzat, enetzako. Gainera, lotu daitekeela iruditzen zait honekin Paul eta bere emazte Lauraren heriotza esanguratsua: «1911.eko azaroaren igande ilunabar batez, Parisko zine batetan pelikula bat ikusi ondoren Draveil-go landetxera izuli ziren, eta ohean gozoro etzanik, betiereko hartu zituen loak». Gozamen eta atsegin aldiak amaituko zirenean beren buruaz beste eginen zutela erabakia bait zuten aldez aurretik. Ez zuten, beraz, bizia galduaz bizirik irabazi nahi ukan. Beren diru ondasunak xahutzen zituzten bezain pronto beren burua hiltzeko erabakia hartua zutela ere esan izan da, baina, erizpide hau ez bide da hain segurua.

        Jokaera honek beste norbaitek (Goethek uste dut) esana dakarkit gogora: «Goseak hiltzea gauzarik arruntena iruditzen zait». Ez da, noski, esaldi hau hirugarren munduko zentzu krudelean hartzekoa, ez baita gainera, berez eta, izatez, lehen, bigarren edo hirugarren mundurik. Honelako esaldiak naturaltasunik zoragarrienean hartzekoak dira, beraz. Baluke ideia honek perezarekin ere zerikusirik. Benetako perezosoak ez bait luke goseak hiltzeko bildurrik izan beharko. Enetzako, esate bateko, benetako artistak perezosoak izan dira beti, eta behar bada, horregatik hil dira asko goseak. Baina, hemen, gure Euskal Herri honetan ez da oraindik ezagutzen benetako artistarik, zokorik zoko aterpe jakinik gabe eskean dabilen erratu bakanen batez, edo nagusirik gabeko zakur deslai amoltsuez aparte. Herri hau artisauen herria da. Eskulangile miserableen herria. Gure aita lehenbiziko dela, hemen mila ofiziotako jende artisaua da nagusi oraino. Eta gaitza generazio berrira ere pasa ote den nago. Hemen, basomutilak kazetaritzan, kazetariak basoan, harginak zurgintzan, zurginak hargintzan, filosofoak legegintzan, eta abokatuak filosofian dihardute, eta honelako madreak artisautzari dagozkionak dira, inondik ere.

        Galiziar emigrantea, langile eta emakumezale izateagatik nabarmendu izan omen da atzerrian. Euskaldunaz, lanari dagokionean behinik behin, beste hainbeste esan daiteke. Euskalduna, batez ere, bere lanerako grinagatik izan de estimatua mundu zabalean. Euskaldunontzat, deliturik gaitzena, alferra edo nagia izatea izan da. Gure orguilo guzia eskulana izan da. Eta harritzekoa badirudi ere, giza izpirituaren defendatzaile omen direneko apaiza beltzek areagotu egin dute lanaren magnifikatze hau; «Lanak salbatuko du gizona. Lanak libratuko du gizona bere grina txarretatik, eta jaidura likits guzietarik».

        Norbaiti entzuna diot amesturiko bere aberri biak Zuberoa eta Andaluzia direla. Behar bada, hemen artzain perezosoak eta han ahuntzain alferrak edo xabarrak aurkitu dituelako izanen da. Hala balitz, bat nentorke. Hemen ere izan ditugun artista apurrak zabarrak eta nagiak izan bait dira. Dudarik ez nuke, Asiako baskiren eta beste askoren antzera, artzaiak izan direla euskaldunik alferrenak. Ihesi ibili izan dira beti nekazaritza lanetatik; perezarako edo kontenplaziorako joera nabaria izan dute, eta ondorioz, gogoeta eta imajinazioak ase izan ditu batipat.

        Isiltasuna, baretasuna eta kontenplazioa behar beharrezkoak dira artistarentzako, eta ez dakit hiru ezaugarriok non jarri beharko liratekeen, edo perezaren aurretik edo ondotik, baina, nonahi den ere, oso hurbilean.

        Gure bertsolaririk bikainenetakoa ere hargin alfer edo zabar bat izan zen, benetako artzaien antzera emazte ederrik, etxe dotorerik eta dirurik sekulan izan ez zuena.

        Baina, artzai zabarrak ere gogoetarako espaziorik gabe geratu dira, eta ziutatera itzuli behar izan dute, ostatu ilunetan horditzera, edo kale ertzetan eseri behar izan dute, xirula edo bibolina joaz goseak hiltzera. Eta honelaxe hasi dute berriro beren iraultza zoragarria, menderik mende gizatasun faltsu baten gorantzan mitifikatu izan diren, lana, justizia, morala eta enparauak arbuiatuz, beren helburu nagusia ahalik eta lanik gutxien egitea, atsegina bilatzea eta etengabean unibertsoa kontenplatzea dutelarik.

        Besteok, ordea, artisau tristeok, geure eskulan latzaren truke saldu ditugu geure buruak. Eta zer egin gurekin? Nik beti esan izan dut, borrero gartsu horietako bat izanen banintz, eskuak moztuko nizkiokeela erro errotik euskal artisau orori, ea honela ikasten dugun alfer, zabar eta nagi izaten, eta honekin batera, noski, gogoetarako, atseginerako eta esploraziorako joera izaten.

        Ez al zarete ohartu euskal artistarik sonatuenak eskultoreak ditugula mundu zabalean. Eta honekin ez dut deus esan nahi eh. Hutsa baino hobea da. Baina, niri, behintzat artisauen seme pribilegiatuak iruditu izan zaizkit beti geure eskultore famatuok. Ez ote du zer ikusirik geure eskulangile miserable izatearen eta eskultoreak geure kulturaren gidari izatearen egitate honek. Eztakit, behar bada, ene irudipen hutsa izanen da. Bestalde, ideia abstraktuak, ukan, beti ukan ohi ditu pertsonak, eta nik, gizakia berez ihesi doaneko ideia ukan izan dut. Pertsona berez izua denekoa, alegia. Alienazioan eta gatibuan harrapatua bizi nahi ez badu, etengabeko ihesean bizi beharko lukeen ideia. Eta ihes egiteko biderik aproposena perezarena izan daiteke. Beraz, oraindainoko predikariek ez bezala «perezak salbatuko du gizona» esan beharko nuke hipokrita ez izatekotan.

        Funtsean langabezi gorrian izanik ere, benetan lanik maite ez dutela seguru badakiten gazte guziei, berriz, 1988.eko maiatzean Sochaux-ko harresietan irakur zitekeen esaldi erromantiko hauxe proposatuko nieke «Gilda, maite zaitut, utikan lana!». Baina, kontuz, maitasunak ere gatiba bait lezake lanak ez bezain krudelki.

        Berriki irakurria dudan Jon Miranderen «euskalduntasun erromantiko baten alde» deituriko artikulu batetan hara zer esaten den: «Langilletasuna ez onbide, bainan gaizbide da, aberastasunak sortua denean, gure realisten artean gertatzen den bezala, ezen ondasunak ez badu gogoa zikintzen ere, bai ondea, ondasunen billatzeak».

        Bukatzeko, hortaz, euskal hiztegi modernoei ukitu edo orrazaldi tipi emanik, alfertasunean, nagitasunean eta zabartasunean oinarrituriko hedonistak, nihilistak eta artistak (ez artisauak) aldarrikatu nahi ditugu, Miranderi jarraikiz euskalduntasun erromantiko baten alde. Bestalde, lehen aipatu ditudan «izanen banintz» eta horiek famili haundi omen ziren, zoritxarez ordea, ez izaki ni borrero. Beraz, artikulu ezerez honi azkena emateko, sugerentzia hits bat egitea baizik ez zait geratzen, harako Leissing harek egin zuen gisan: «izan zaitezte zabarrak gauza orotan, atseginean, imajinazioan eta amodioan ezik».

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.