L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Porrot aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Porrot-2 / Pereza (1986-abuztua) —Hurrengo artikulua




 

 

Fenland

 

Mikel Lasa

 

        Imijina dezakegu balizko geografia batetan kokaturik, Fenland izendatuko dugun Europa, Ipar Mendebaleko eskualde zeltiar bat. Eskualdea zeharkatzen duen Limerick ibaia goiherrietako haran mehar eta, jausi laisterrean irabiatu ondoren, aintzirez jositako mugarik gabeko erribera nasai zingiratsu batetan baretu eta barreiatzen dira bere urak, itsasoratzen denik ezin esan daitekeelarik, hain baita bereizgaitza ur gazi eta gezaren muga alde batetik, eta itsasoa eta itsas hegiarena bestetik. Lur eta ur edo ez ur eta ez lur eremu lana, ortze sabaiaren azpian, ixil eta mortu itxuraz.

        Aintziretako urak gardenak eta berdeak diren bezala, zingiretakoak aldiz, lohi eta arreak dira. Hauen artean badira batzuk iraunkorki epel dirautenak, hondotik darion metal urberuen kariaz. Fenomeno honi esker, ohiko izaga, ihi eta kainaberadietaz gain, ikus daitezke han-hemenka sakabanaturik, paradisuko baratzak bailira, arte guziz berde eta loratan, landaredi uharteak. Horrela ba eta ez fenomeno bitxi horigatik, bakarrik leku hau uniberso bat ez ezik, multiberso bat dela esan daiteke.

        Fenlandeko paraje hauetara hurbiltzen bazara, lehen harridura hango bakardadea da. Bakardade izugarria dela medio, ez duzu jakingo denboraren zein muturretan zauden; berdin dateke munduaren lehen eguna zein azkena, zeren eta bakardadea baita kreazioaren lehen sorkia (lehen unean ediren daitekeen lagun bakarra) eta halaber, munduaren azken egunean inguratuko gaituen aide bakarra.

        Bakardade itzal honen lekuko bakarra mendebal finisterreko zoriontasunezko golko honetan, zingiretan (noiz lohi epeletan, noiz lokatz izoztuetan) bizi den Iktiosaurio erraldoi bat da.

        Historiaurreko fosiltzar bizidun honen egiteko bakarra putzo zuloetan zeletan egotea baino ez da. Egon, itxoin, iraun, behatu, inguruko fenomeno iragangor guztiak senditu edo, beste modura esanda, aintzirategiaren kontzientzia ilauna izan...

        (Abiatu bedi irakurlea, patxadan, historio honen mila adar posibleetan barna dibagatzen.)

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.