Bapo afaltzen dakienak
ez ote daki mahaia garaiz uzten?
Mikel Azurmendi
«Cur non ut plenus vitae conviva recedis?»
(Lukreziok)
Gizakumeok munduan daukagun izateari bizitza deritzaio.
Bizitza ez da bizi. Geu bakarrik bizi gara. Arnasartuz.
Bizitza izen bat besterik ez da. Bizi geranon arnasartzea nolabait adierazteko izena. Bizitza ez da beste ezer, ez da inun ere esistitzen, ideia bezala baizik.
Bizitzak ez du eskubiderik ezeta balorerik ere; ezerk edo inork izatez gerotan, gizakumeak bakarrik dauzka. Arnasartzen dabilen hori dateke balorea, horrek bakarrik bere esku har dezake edozer (baloretzat edo).
Arnasartzen duelako, gizakumea ez da arnasartzen ez duena baino ezer hobeagorik ezeta ezer okerragorik ere. Bata ba da, eta bestea ez, horixe da guzia. (Ba-dena bakarrik izan daiteke zintzo ala gaizto, beste ba-denaren bat baino hobeago ala okerrago agian).
Izatea ez da ez izatea baino hobeago; okerrago ere ez. Ez izatetik izatera eta izatetik ez izatera ez da ezer baliotzen, desbaliotzen ere ez.
Ez-izateari buruz ezer ez dakigu. Izatearen balioa bere erabileran datza: Biziaren ibilia bera da bere balioa. Luzeago ala motzago bizi? honela ezin da bizitza neurtu; bere neurria ez baita espaziala: luzaeran ez, erabileran baizik. Ibilian, ibilian, bizian dabilenari helburu bihurtzen zaio ibiltzea bera; bizitzaren sentidua zer ote da hori ez bada?
Arnasartze bakun hauxe da bizitza. Atzetik letorkiokeen urrengo arnas unea ez da ezer, eta besterik ez baletorkio ere, ezer ez litzateke. Denborak heltzen ditu intxaurrak, bai, baina bizitza ez da intxaurrondo bat. Gerotik gerora bizitzekotan dauden horientzat bakarrik dagoke heriotza. Horientzat ez-izatea kalte edo oker bat izan ohi da, edo inperfekzioa behintzat, izatea ez baitute helburu bihurtu, bidezko zerbait baizik.
Honoko hauen bizitza ondorioez neurtzen da: beren ekintzak neurtu, pixatu, konparatu besterik ez dute egiten bizi direneino, ekintzaren ondorioak baitira beren bizitzaren sentidua. Bizitza on ala txar den ondorioaz dakite: arrazoiez aditu nahiko lukete bizitza, kalkuluaren gisa. Honoko hauen joerari UTILITARISMO deritzaio eta gure inguruan dagoen joera ugariena da.
Bizitza ez da ordea arrazoiaren gauza. Bizi ala ez bizitzeko arrazoirik ez baitago eta izango ere ez; bizitzeko nahi eta grina sentitzen da, ala ez. Hori da dena. Ideiak, kontzeptuak, argudioak asma ditzake arrazoiak bizitzeko, baieta bere burua hiltzen duenari ero deitzeko ere.
Zuhurrak ez du bere burua hiltzen bizitzeko arrazoirik ez dakusalako; eztare eroak «burutik sano» ez dagoelako. Gainera, ez ote da han «burutik-ez-sano» gelditu, gehiago bizi nahi ez, baina arrazoiak irautearen alde eragin diolako?
Geure bizitzari mesede asko dakarkio arrazoiak, baina bai galera ugari ere. Hauetarik handiena salatu dugu arestian, baina bejondeiola bakoitzari bere bizitzarekin! Arrazoiaren beste galera utilitarista bat zera da: inor bortxatzeko arrazoiak eta justifikapenak ba daudela ustea. Hau nazkagarria da, besteren biziarekin jokatzen baitu arrazoiak.
Askotan inork inor hiltzen du bizitzaren alde egiten duelakoan, edo pakearen alde, gizartearen eskubide, demokrazia edota justiziaren alde. Halakoetan huts handia egiten da: inoren ez-izateak ez dakarkioke inori izatea. Inoren biziaren aurka egin daitezken kalkulu zorrotzenak ere ez daude bizitzaren sentiduan. Inoren biziaren truke lort daitezken ondorio onenak ere ezingo dute bizitzeko poza inori suspertu.
Inori bere nahiaren kontra bizitza salbatzea, hiltzea bezala da. Bizia salbatu nahi duenari, bizitzen lagundu nahi ez izatea, hiltzea ez ote da? «Zergatik ez haiz erretiratuko biziaz beteta dagoen gonbidatua bezala?» (De Natura Rerum, Lukrezio, III. kantuan) «Cur non...?» Zergatik ez? Zergatik ez duk mahaina utziko bapo afaltzen dakienaren antza?
|