Hitz lauz
Ipuinlaria
Karlos Linazasoro
Ofizioko bati eskatu zion aholku. Hark (nahikoa hotz, bere etxean sartzen zela pentsatuz), erantzun guztiz, Quiroga irakur zezala gomendatu zion, Horacio Quiroga. Erantzuna, uzkurra izan arren, ez zen txarra. Eske joan zenari, ordea, kaxkarra iruditu zitzaion, iheskorra; ofiziokoari, berriz, nahikoa eta soberakoa. Berak ezin zezakeen gehiago esan, lagundu edo eskaini.
Halaxe irakurri zituen, bada, gizonak Quirogaren ipuin eta nobelak eta ipuingintzaz idatzi zituen hiru saio labur bezain interesgarriak. Ofizioko lagunak (idazle famatua zen) adierazi moduan, hantxe zegoen, dudarik gabe, ipuin on bat idazteko behar zen guztia. Eta berak ipuin bat idatzi nahi zuen, bazeukan historia polit bat kontatzeko modukoa. Bera ere, ez lotsarik gabe eta errespetoz eta duintasunez eta beldurrez, ausartu egin zen langintza hartan, beste asko ausartu bezala. Izanez ere, iharduera bakarti eta izpirituala zen hura, onuragarria, inor mintzen ez zuena. Zergatik, orduan, ez saiatu? Zertara hainbeste erreparo, hainbeste mitifikazio faltsu?
Historiak erre egiten zizkion barrenak, ongi zekien zer nahi zuen kontatu. Baina gertaera, leit-motiva, laburra zen oso, laburregia akaso ipuin baterako. Baina ez, bere historiak sei-zortzi foliotarako eman zezakeen, bai. Huraxe zen literatura, baliapideak, trukoak, mozorroak ziren literatura: historia jantzi, apaindu, espazio eta denbora jakin batean kokatu, pertsonaiak sortu eta hitz egiteko, mugitzeko, pentsatzeko gaitasuna eman... Eta amaia begien bistan zeukan, oro ezin hobekiago borobiltzen zen. Hasera zen gaitzena, nola hasi, zer esan, nola erakarri. Quirogaren trukoez baliatu zen orduan: "lehen hitzak, nolabait, ipuinaren amaia iragarri behar du".
Quirogaren hasera-trukoez baliatu zen, hortaz: "Aspaldi samarretik bion arteko su eta misterio hura nahikoa itzalia zelarik, senarrak, goizeroko ohiturari jarraituz, gabardina deseskegi, sonbrerua jantzi eta adio hotz bat bota zuen irten garaian. Berak, emazteak, ez zituen plantxatik begiak jaso". Baina hasera hura ez zetorren, inolaz ere, berak kontatu nahi zuenarekin bat eta, bi aldiz pentsatu gabe, puskatu egin zuen. Hurrengoarekin saiatu zen: "Semearena garaiz harrapatzera, orain ez lukete egoera hura bizi behar izango. Baina orain alferrik dira lamentazioak". Hasera hark jakinmina sortzen zuen, bizia zen, interesgarria, baina bere historian semeak ez zuen ezer jokatzen, ez, behintzat, halako paper garrantzizkorik eta, beraz, bide hartatik ez zihoan inora.
Bi saio haiek izugarri abaildu zuten gizona. Ez zituen mekanismoak menderatzen. Ipuinak, erloju bat bailitz, ez zuen atzera egiten behin rnartxan jarriz gerotan. Denbora, espazioa eta memoria ziren artez, maisuki konjugatu beharreko ardatzak, erabili beharreko pintzelak. Historia hura, ordea, lehertuko ez bazen, kontatu beharra zeukan. Horregatik saiatu zen, berriz ere, hutsezinak omen ziren formulekin literatura egiten: "Behinola behin, zehaztezina den garai batean..." eta "Udaberriak bere galak jantzi zituen egun batez, duela hamar bat urte, gauzak okertu egin zitzaizkien..." Baina hura ere ez zen. Hura ez zen bere espazioa, bere memoria ez zen kaxoi hartakoa.
Eta orduan jabetu zen ipuinlari frustratua bere historia, bere obsesioa, ezin zitekeela ipuin bihurtu, ez zuelako haserarik, ezin zitekeelako, erregela jakin eta zehatz batzuen arabera, itxuraldatu, egokitu, hornitu, fikzio bihurtu. Literatura beste gauza bat zen. Jakinbidea. Komunikazioa. Irudimena. Eta orduan jabetu zen, era berean, ofiziokoaren aholku hotzaz. Baina hura guztia, arropajea, literatura, hutsalezkoa zen orain gizonarentzat, engainu. Esentziak soilik ardura zion, muinak, leit-motiv biluziak. Gainerantzeko guztia Artea izango zen baina berak ez zuen halakorik bilatzen. Soilik bakea edo zoriontasuna edo barkamena. Horregatik (aitorpen gisa) idatzi zuen: "Lau buelta eman zituen egin aurretik. Sukaldera sartu eta, atzetik, ahalik eta gutxien sofri zezan, punturik leunena aukeratuz, laban luzea sartu zion beste eskuarekin lurrera eror ez zedin sostengatzen zuen bitartean. Aurrez-aurre ez zen emaztearen irribarre goxoarekin ausartu izango. Kanpoan lehen eguzki printzek herabe urreztatzen zituen udaberriko lehen lili airosoak".
|