L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Plazara aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Plazara. 19 zkia. (1992-uda) —Hurrengo artikulua




 

 

—Hitz lauz—

 

Ezkutari ttipia

 

J. R. Madariaga

 

                                                Zonbat gerlari, sarraskiz gose,

                                                odolez eta suz hordi...

                                                                        IRATZEDER

 

Surtan zeuden kanborrei ke gardena zerien oraindik eta gorantza joanez gero behelainoarekin nahastu egiten zen, kanpamenduaren gainetik astoluma zuri, handi eta nare bat balego bezala, gauaren estalki balarra izaki, izarrak ere beltzak baitziren.

        Herioaren lurruna zoko guzietarik hedatzen zen eta sua erdian zegoenari esker hura kanpamendu bat zela baiezta zitekeen edo aments, bere aztarna. Gerlariek ez zirauten zutik gudukatu zuten bezala, baizik eta lotan, ametsetan, etzanik edo zendu urran aurkitzen ziren haietariko gehienak, hainbeste odola ikusi ondoan. Gudua oso gogorra izan zen, oso gogorra, arerioa indartsuegia baitzen.

        Orain, gaua zabaltzen zelarik, gerlari bakoitzak bere lagun minari dedikatzen zizkion azken negarraren indarrak, seguraski berari esker bizirik zirauelako edo anaia zelako, edo hainbeste odola, mina, lazgarrikeria eta heriotzaren artean bere amorantea izan zelako.

        Horregaitik zegoen gaua zinkurinez beterik, horregatik gorputzak daldaz, akiturik, bihotzak goibeldurik.

        Kapitaina zenbat gerlari gertatu ziren hilik, saiatzen zen kondatzen, beste eskuaz, gauza gorrotagarria bailitzan, anpuluak ere edekitzen zituen bitartean.

        Lunan Laxague kontea alboratu zitzaion datu hori emateko asmoz.

        — Ene kapitaina, kanpamendua inguratzen duen gizon elemenia handia da. Mila ehun eta hamar dira hilik gertatu direnak eta seinehun eta laurogei bizirik diraugunok. Beste elgaizti batzu hiltzera daude damnaturik eta jauna, gauak heriotza dakarke.

        — Esaidazu Lunan kontea gerlari ausarten artean ezagunenetakoak.

        — Ene jauna, zerrenda amaiezina litzateke... baina... Michele Barbier, Bernard Fidelle, Jean Claude Ager, Jaques Elgart, Cesare Mourlene beste batzuen artean. Eta hauekin batera ere zure ezkutari txikia, jauna.

        — Ene ezkutaria, Alain Bidart, ere, hilik?

        — Damuz bai kapitaina. Bularra zeharkatzen zuen zauri zabal batek, ezpata handi batez eginda, erahil zuen.

        — Bera ere gudukatzen...

        — Bere poltsikoan paper zuri hau eriden dugu, kapitaina.

        Ondo tolesturik zeuden pergamu zuri eta zaharrak zabaldu zituen kapitainak. Bere begien antzinean, txarki izkiriaturik, gutun bat lerrotzen zen.

        Ele batzuk ez ziren apenas endelegatzen euria edo anpuluak ezabatzen saiatu zirela baitzirudien. Halaz ere gutun bat zela antzeman zuen, "ene maitea" hitzaz hasten eta "pot bat, Ama" hitzaz amaitzen zelako.

        — Lunan kontea koan zaitezke zure zaurien eztitzera eta lo egitera, eta gizon guziek eskatzen dutenari, eman ahalak egin, zaila bada ere.

        Lunan kontea irten zenean ixiltasuna barnerago senditu zuen minberatuago bihotza, gizon lander ikusi zuen bere burua eta lanturua lehertzear zegoelarik hasi zen eskuen artean zeukan gutuna irakurtzen.

        Ene seme maitea, gutun hau zu konturatzeke sartu dizut poltsikoan, herriminean, ezaldian maitasunez beteriko lerro hauek irakur ditzazun. Gaztea zara, agian gazteegia, alabaina ikusirik Albert Ronan kapitainari jarraitu nahi diozula, zeren asko mirets baituzu, ez dizut zure nahia erasiatuko; Kontabatetan ereti gutxi izango duzu niri izkiriatzeko. Kapitainaren ezpata eta ezkutua ikuzten arrunt okupaturik egonen baitzara, baina ez larritu maitea haizeak ekarriko dizkit zure eleak, zure ferekak eta musuak eta izarretan ere zure bisai argitsua ikusiko dut eta zutaz ere galdetzen baitiet erantzungo didate.

        Baina nerekin egon nahi dezazunean gutun hau poltsikotik atera eta irakurri bestenik ez duzu egin behar, eta lerroen artean ere begiak kausituko dituzu, ene seme maitea.

        Orain datorkit akordura nola begiratzen zenidan zure begiekin, erabat amoroski, titia ematen nizularik. Gaurko bizitza ostera, gogorragoa dela badakigu, semea. Guziagatik ere, ez ahantzi mesedez txikitan bizi izandako lipar edeerak, hoeiek ere oroimen gozagarri bilakatuko baitira etorkizun hurrenean.

        Badakit orainokoan gure bizia ez dela oso alegera izan, zeren lanarik, xoxik eta jakirik eza nabaria izan baita, halarik ere ezin kexa dezakegu beste dohakabe batzuk okerrago dabiltza gu baino.

        Zure aita hil zitzaugunean, tanpez mutildu eta gazte ardietsia izango zinela konprenitu nuen eta handik hona haboro, mutikoki bat bazara ere. Horregatik esplika diezazuket nola Olgak, Dubaratzekoak, galdetzen baitit zuzaz hain sarri, gainerakoaz den bezainbatean, nik badakit plazent zaizula, zeren ur bila zoazenean betertzez begiratzen baitiozu. Guda bukatu ondoren nahi beste diru ukanen duzu eta plazer baduzu ezkont zaitezke berarekin, ene aburuz boztarioki biziko baitzarete.

        Zure anaia Beñat utzi didazu begirale eta hau ere mutilduz doa, ostera zu ezi ekuruagoa da, etxekoiagoa, beraz nasai egon zaitezke, esku onean nago.

        Orain maitea, esango dizudana entzun iezadazu ondo, othoi. Zure bizia, baita zure kapitainarena ere garrantzitsuak dira, eta zaindu behar dituzu. Izan zaitez balent eta prestu eta nagusien manatuak konpli itzazu obedienteki. Ez ibili izan loka baten gisan, handik hona ezerezean, alferrarena egiten, hori ez bait da ezkutari baten izaera ez eta presentzia ere.

        Jan ezazu emango dizutena, ona zein txarra eta ez egin muzinik, gizon guziak direna izateko halakoak jan baitzituzten.

        Konbatetara ez zaitez joan, ez hurbildu, hori baita gizonentzako gauza, gerlarientzako gauza eta ez zuretzakoa.

        Jainkoak manatzen duen bezala zain itzazu zauriturik gertatu den gizon oro eta haien zauria edo eritarzuna, halaber zuen eskuetan presorik erortzen diren etsaien zauriak eta sakailak, ekintza honetan baitatza zorionaren kakoa eta merezi honez ordainduko baitizu gure Jainko urrikalmendutsuak.

        Jainkoari eskaiozu pakea, zintzotasuna, zuzentasuna eta eguneroko ogia, berak eta ez beste inork emango baitizu eta halaber eskaiozu gure pakea eta ona, nola kapitainarena ere, zu bere ezkutari txikia baitzara eta segurantzan nago maite zaituela aski, berarentzat semea bazina bezala zarelako.

        Eta zure kapitaina zauriturik gerta baledi, zaindu semea, zaindu zendu arte, eta hilez geroztik hilobiratu baino lehen abestu iezaizkiozue gerlari inperialen azaliak eta eresiak, dagokion moduan, Jainkoaren pakean eta magalean egon dadin, ezperen arerioaren izpiritu eta mamuek inpernura eramango dute.

        Azkenez maitia, izan zaitez apala, sotila eta onestu zure gudakideekin, zurekin batera bizi direnekin, haiek baitira zure orainoko familia eta etxea, gu hurrun bait gaude, agian hurrunegi.

        Eta entzun hau maitea. Ez ezazu nehoiz nehor eho, ez baitzara zu gerlari bat, ezkutari bat baizik eta etsaiaren aitzinean aurkituko bazina ez ezazu ez agotzik, ez ezkuturik ez lantzarik eta gezirik hartu, halaz ere arerioa zuregana egotziko balitz erakuts iezaizkiozu zure esku ttipiak zutaz urrikal dadin, baina mesedez zuk ez nehor eho. Orain agur maitea eta izan zaitez balent gau beltzetan. Pot bat. Ama. Hohana Borthayre.

        Jadanik, bera bezala, adiaz zegoen gaua.

        Eskutartean zeukan gutun zahar hori bukatu zuenean daldaz zeukan bihotza, daldaz ere eskuak, daldaz begi urdinotan agertzen zaizkion malko geldoak, eta daldaz ere lurra, ostoketen poderioz. Minaren nabala zorrotza, jagoitikotz sendituko zuela iruditu zitzaion eta hain barnetik azalaratzen zitzaion lanturua non hil-etsian senditu baitzen.

        Eta negar egiten zuen bai bere ezkutari txikiagatik, amagatik eta halaber bere buruagatik.

        Oroimenak zitzerra bezala golpeka hasi ziren bere baitan hau azken liparra bailitzan, bizitze osoan agiturikoa bergogoratu beharko bailuen.

        Bera ezkutari izan zenean, bere kapitainari leku orotarik zerraionean, kapitainari berari ere hilotsak kantatu zizkionean, bera ere hainbat guda eta estrosadatik garaile atera zenean, kapitaina izendatu zutenean eta berak ere ama eduki zuenean, haren gutuna irakurtzen zuenean.

        Altxatu zen eta ohearen kantian zeukan mahaian, paper eta arroparen nabasa hartan kutxa ttipi bat ediren zuen.

        Enkaria bailitzan zabaldu eta barnean zegoen paper tolestua amoltsuki hartu zuen. Aintzinean bere amak bidalitako gutuna zen, bera izkutari zelarik.

        Eta gau hartan azkenengoa izango zelakoan, umeen ele traketsa arraoroituz hasi zen idazten malkoen lausengupean. «Ene ama maitea, hona hemen zure ezkutari ttipia...»

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.