L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Plazara aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Plazara. 18 zkia. (1991/1992-negua) —Hurrengo artikulua




 

 

—Ai gureak balira!—

 

Paolo Ucello, pintore

 

Berez Paolo di Dono zuen izena, baina florentinoek Uccello esaten zioten, edota Paulo Txori, haren etxea betetzen zuten txori eta animali irudi ugariengatik: hain zen pobrea non ezin baitzuen etxean animalirik mantendu, ez eta ezagutzen ez zituenak inguratu ere. Norainokoa zen ezin hori, behin Paduan lau elementuen fresko bat pintatu omen zuen, eta airean kamaleoiaren itxura eman. Gertatzen zen, ordea, ez zuela inoiz kamaleoirik ikusi, eta hala, ganbelu tripandi ahozabal bat asmatu zuen, nahiz ondurako Vasarik esplikatzen zuen sugandila lakar baten antzekoa dela kamaleoia, eta ganbelua, berriz, animalia handi baldar bat. Egia esan Uccellori ez zion askorik axola gauzen errealitateak, eta jaramon handiagoa egiten zien haien aniztasunari eta lineen infinitoari, eta hala pintatu zituen belaze urdinak, hiri gorriak, armadura beltzezko zaldunak ahotik sua zerioten ebanozko zaldi gainetan, argi errainu antzo zeruko zeinnahi bazterrerantz jasoriko lantzak. Eta horrez gain, mazocchiak dibujatzeari eman zitzaion, oihalez estaliriko zurezko uztai horietakoak, alegia, buruan jarri eta dilidan gelditzen diren tolesturek aurpegia bil dezaten. Era guztietako diseinuak imajinatu zituen, puntazorrotzak, karratuak, poliedrikoak, kono eta piramide itxurakoak, perspektibaren alderdi guztiak arakatu zituelarik, konbinazio mundu oso bat aurkitzeraino mazocchioaren tolesturetan. Eta Donatello eskultoreak esaten zion: "Ah! Paolo, sustantzia alboratzen duk itzal truk!".

        Txorik, hala ere, bere ihardunbide pazientziatsuari eusten zion, zirkuluak metatu, angeluak zatitu, izakiak oro aztertzen zituen, ikuspegi guztietatik, eta bere lagun Giovanni Manetti matematikoagana joaten zen, Euklidesen problemen interpretazioan sakontzeko. Gero, bere gelan itxi eta puntuz eta kurbaz betetzen zituen bere pergamu eta oholak. Ez zion inoiz utzi arkitektura ikasteari, Filippo Brunelleschirengana jo zuelarik lagun ziezaion, nahiz ez izan inolako asmorik deus iraikitzeko. Aski zuen lineen norabideari erreparatzearekin, zimentuetatik goihegaletaraino, elkarrebakigunera zihoazen lerro zuzenen konbergentziari bobedak ixteko moduari, sabaiko habeen abanikozko eskortzoari, sala luzeetako urruneko bazterrean bat egiten dutela baitirudi. Animalia guztiak eta haien mugimenduak ere irudikatzen zituen, eta gizonen jestuak, linea soiletara makurtarazteko asmoz.

        Luze gabe, nola alkimista sutegi koxkorrean urtzera jarri dituen metale eta organu nahasteen gainean konkorturik, noiz urrea sortuko, hala zituen Uccellok forma guztiak iraultzen formen arragora. Bildu, konbinatu eta arragotu egiten zituen, forma guztiak bere meneko dituen forma sinple hartara errenditu beharrez. Horregatik Paolo Uccello alkimista baten modura bizi izan zen bere etxe zulo hartan. Otu zitzaion itxura ideal bakar batera bildu ahal izango zituela linea guztiak. Jainkoaren begian isladatzen den bezalaxe irudikatu nahi izan zuen kreaturen unibertsoa, figura guztiak zentro konplexu batetik sortzen ikusten direlarik. Ghiberti, della Robbia, Brunelleschi eta Donatello bizi zituen inguruan, zein bere arteaz harro eta jabe, Ucello koitaduaz eta perspektibarekiko haren grina zoroaz burlaka bezain, pintorearen etxe amaraunez bete eta mantenu-gaiez huts hartaz errukiturik; baina Uccello are urguilutsuagoa zen. Linea konbinaketa berri bakoitzean asmatu uste izaten zuen kreatzeko modua. Ez zuen imitazioa xede, zer guztiak beregainki gauzatzeko ahalmena baizik, eta tolesturadun txanoen serie bitxi hura argigarriagotzat zeukan, Donatello handiaren marmorezko figurarik bikainenak baino.

        Halaxe bizi zen Txori; buru gogoetatsua kapan bildurik, ez zuen kontu ematen zer jaten edo edaten zuen; ermitau baten antz bete-betea hartu zuen. Hala, egun batez, belaze batean, belar artean erdi-estalitako harri zaharrez osaturiko zirkulu baten ondoan, burua lorekorda batez apaindua zuen neskato iribarretsu bati erreparatu zion. Soineko luze delikatu bat zeraman, zinta koloregaldu batez gerri parean loturik, eta lirain asko mugitzen zen, ibiltzean zanpatzen zituen zuzterrak bezalakoxe arin. Selvaggia zuen izena, eta irribarre egin zion pintoreari. Uccellok irribarrearen eiteari erreparatu zion. Eta neskatoak begiratu zionean, haren betileetako linearik ñimiñoenak ikusi zituen Uccellok, eta begininien zirkuluak, eta bekainen kurba, eta ileen bihurrikatze sutilak, eta bere kabutan hainbat kokaleku desberdinetan para zuen neskaren kopeteko lorekorda hura. Selvaggiak, ordea, ez zuen halako ezeren berririk jakin, hamairu urtekoa artean. Uccellori eskutik heldu, eta maitatu egin zuen. Florentziako tintorero baten alaba zen, eta hil egin zitzaion ama. Beste emakume batek hartu zuen gero haren lekua, eta jipoitu egiten zuen. Uccellok bere etxera jaso zuen.

        Selvaggiak hantxe ematen zuen egun osoa Uccellok forma unibertsalak marrazten zituen murruaren parean kokoriko jarrita. Sekula ez zuen ulertu zergatik zuen nahiago gizonak linea zuzen nahiz arkeatuak aztertzen ihardutea, eta ez aurrean zuen figura xamurrari so egitea. Gauez, Brunelleschi edo Manetti Uccellorekin ikastera zetozenean, loak hartzen zuen, gauerdia ordurako ondo jorik, lerro zuzen elkargurutzatuen pean, argiontziaren pean zabaltzen zen itzal-inguruaren barruan. Goiz esnatzen zen, Ucello baino goizago, eta bai bozkarioz bete ere pintaturiko txoriz eta animalia kolorezkoz inguraturik ikustean bere burua. Uccellok pintatu zituen neskatoaren ezpainak, eta haren begiak, eta haren ileak, eta haren eskuak, bai eta tankeratu ere haren gorputz-manera guztiak; baina ez zuen haren erretraturik egin, emakumerik maite zuten gainerako pintoreek egin ohi zutenez. Txoriak ez baitzuen gizabanakora mugatzearen pozik ezagutzen; ez zekien leku bakar batean egoten: nahi zuen, pausatu gabe, aurkientza guztien gainetik hegan ibili. Eta Selvaggiaren maneren formak formen arragoan erori ziren, animalien mugimendu guztiekin batera, eta landare eta harrien lineekin, eta argiaren distirekin, eta lurreko lurrunen eta itsasoko olatuen uhin-ikarekin batera. Eta Liccellok, Selvaggiaz gogoratzeke, formen arragoaren gainean betirako konkortua zirudien erremediorik gabe. Bienbitartean, Uccelloren etxean ez zegoen zer janik. Selvaggia ez zen ausartzen Donatellori edo besteri kontatzera. Isildu egin zen, eta hil. Uccellok gorpuaren zurruntasuna irudietaratu zuen, eta neskatoaren eskutxoen elkardura, eta haren begi itxi tristeen linea. Ez zen konturatu hilik zegoela, eta lehen ere ez zen jabetu bizirik ote zegoen. Lehendik bilduak zituen formen artera bota zituen forma berri horiek; hori izan zen guztia.

        Txori zahartu egin zen, eta ordurako inork ez zituen ulertzen haren koadroak. Kurba-nahaste bat baizik ez zen ageri. Jadanik ez zuen bereizten lurrik, animaliarik, gizonik. Aspaldiko urteetan, bere maisu-lana burutu nahian zebilen Uccello, inork ikusterik nahi ez zuena. Obra hark bere bilakuntza guztiak besarkatu behar zituen, eta haien irudira taiutua izan. Santo Tomas sinesgogorra Kristoren zauria ukitzen. Larogei urterekin bukatu zuen Uccellok bere koadroa. Donatello etxera gonbidatu eta, jaiera handiz, haren aurrean kendu zion estalkia, eta Donatellok orduan, espantuzko ahotsez: "Oh, Paolo, estali koadro hori!" Txoriak itaun egin zion eskultore handiari, baina ez zuen lortu hitz gehiago ateratzerik. Hala, bada, Uccellok jakin zuen erdietsia zuela miraria. Donatellok, ordea, linea-kaos bat besterik ez zuen ikusi.

        Urte batzu aurrerago, Paolo Uccello jan-edan faltaz hilik aurkitu zuten bere oharkan. Paregabea zen orduko haren aurpegiko zimurren ederra. Begiak misterio errebelatuan josirik zeuzkan. Esku estutuan pergamu orri bildu bat zeukan, zentrotik zirkunferentziara eta atzera berriz zirkunferentziatik zentrora zihoazen linea behin eta berriro gurutzatuz betea.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.