Baztango kronika
Haur baten memoriatik
Juan Kruz Igerabide
Badugu jolastoki bat Ipursalto deitzen diogun basagune batean. Errekazuloaren ondoan, hantxe daukagu gaztelu galanta, harrizko arku eta guzti sarreran. Haundiek karobizuloa dela uste dute; ez dakite gure gazteluaren sarrera dela. Han barruan dauzkagu gordeta zaldiak, ezpatak, jantzi luzeak, urrezko ontziak, urrezko diruak ontzurreak, esaten du aitonak, eta tximu txiki batzuk, berdez jantzita, gure zerbitzari ibiltzen direnak. Baina badabil inguru haietan etsai bat, Lazedemon, eta begiak argi eduki behar izaten ditugu zaldiak ura edatera ateratzen ditugunean; beti jartzen gara han eta hemen zelatan. Gazteluko atea ireki edo itxi behar denean, eskuak aho inguruan jarriz, Lazedemonek adi ez dezan, hitz giltza esaten dugu: "ireki masusta", edo "itxi masusta". Kaballeruak eta damak bakarrik dira hitz horien jakitun; gurasoek ere ez dakite horren berri.
Aurtengo udaran, ordea, gurasoek ez digute utzi Ipursaltora joaten. Sugegorriak agertu omen direla diote; hotzak etortzean aldegingo omen dute. Bitartean, gure zaldi gaisoak egarriak egongo dira; eta tximuak, aspertuta, gu gabe. Ziur nago Lazedemonen gauza izan dela guztia; hark botako zituen sugeak.
Halere, iritsi dira noizbait lehenengo hotzak. Bai gu joan ere azkar asko Ipursaltora. Baina, hura ezustekoa! Lazedemonek sasiz itxi du gazteluaren sarrera eta sarrailtzat barraskilo haundi bat jarri du. Alferrikakoa da hitz majikoa esatea, ezin da pasa. Ikaragarri haserretu gara eta harriak hartu eta basora jo dugu, esanez: "Lazedemon, aurkituko haugu, nonahi egon!". Eta Ikerrek topatu du zulo batean: "Hor zegok, hor! Begira zein beltza den! Eta harriak bezalako begiak dizkik!". Eta denok harrika ekin diogu zulo beltz hari, amorruz beterik. Han utzi dugu Lazedemon, negar eta negar, eta etxera itzuli gara.
Gauean aitari deitu diote, "sua zegok mendian!" eta itzaltzera joan dira. Oso amets gaiztoak egin ditut.
Jeiki, jantzi eta tximista bezala irten naiz, gosaldu gabe. Besteak ere han zeuden zain. Guztiok gauza bera pentsatu nonbait.
Korrika batean heldu gara Ipursaltora. Dena beztuta zegoen, zuhaitzak erreta, dena errauts, gaztelua ere bai. Lazedemonek bengantza hartu du eta gure ametsak erre ditu. Burumakur itzuli gara denok eskolara.
|