Hitz neurtuak
Denboraren poderioz
Gerardo Markuleta
Erlojuaren kontrako ekintza armatua
J. M. Lekuonarentzat
Segundu amilduak banan-bana atzeman;
orduen pausu isilen sailkapena egin;
egunen irristoak zehazki zenbatu,
kupida bagerik;
urteen ostraduiz tximisturak ehundu:
denboraren aurkako klandestinitatea.
Etorkizun
B. Atxagarentzat
Maite-maite dizkiat
geroaldian jokaturiko adizkiak:
maite izango dugu, bidaiatuko,
libro dateke,
elkar ikusiko dugu,
heriotz.
Paradisuak eta denborak
Ruper Ordorikarentzat
Orai presenteko denbora hunetan
Axular
Gizakumeok, aintzina,
Urrezko Aro batez
egin ohi genuen amets,
non ez bait zen ez zure ez nererik,
non ez bait zen ez min ez negarrik;
gizakumeok, gero,
Etorkizun Aro batez
sarri egin genuen amets,
non ez lukeen minak indarrik izango,
non ez legokeen ez zure ez nererik.
Aro tristea gure hau,
oraiko presenteko denbora
axola zaigun bakarra den honetan,
non negarra zein mina esku betez banatzen den,
non nerea eta zurea muga igaroezina den.
|