L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Plazara aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Plazara. 15-16 zkiak. (1990/91-negua) —Hurrengo artikulua




 

 

—Hitz lauz—

 

Karrasiak entzun nituen bart

 

Mikel Susperregi Lekuona

 

Ene anaia maitea,

        Zer nolako lasaitasuna somatzen den belardi honetan; zenbait txoriren kantua besterik ez dut entzuten, eta, ah bai, hori bai, Mirenen oihuak noizbehinka baitare, hemen aulki honetan eserita, erdi etzanda nagolarik. Badakizu bai, umeak beti ume, eta Mirenenak edonorenak baino bihurrikeria zaleagoak baitira.

        Bere senarra bidaia batean denez, asteburu honetan konbidatu nau ohi duen bezalaxe; badakizu, hain bakarrik sentitzen da hemen, mundutik honen urrun, edonorekin mintzatzeko mina zuzpertzen zaiola berehala; erabat normala.

        Oraintxe bertan amaitu dut olerkitxo bat; zeinen ederra! Oh, ez nuke horrelakorik esan behar, baina ez da nolanahikoa. Ulertzen, ez?, zera, oso pertsonala da, Igor, nire oroipen batzu, Christiani buruzkoak, uztartzen dituelarik, guztiz erromantikoa. Zerura begiratu, ezer ikusten ez nuelarik, nire pentsamenduetan murgildurik, oroimenean bidaia luze bat egiten bezala, Christiani buruz pentsatu dut une batez, esperientzi guziak batutzeko asmotan, olerkiak dena adieraz dezan; dena, istorio luze eta konplikatu bat, maitasuna, gorrotoa, desioa, adiskidetasuna, jakin nahia elkar nahasten zituen istorioa.

        Eta une horretan, olerkian murgildu naiz, irudi erraldoi bat bezalexe, nire sena guztiz menperatzen zuen, eta instant batez, ni izan naiz olerkia, eta olerkia nigan zegoen guzia, biok parekoak izan gara, bereizezinak.

        Oroitzen al zara Christianez?

        Bi orduz baizik ez zenuen ikusi arratsalde hartan, duela bi urte, baina ez dut uste ahantzi duzunik. Aldi hartan ez nizun nik esan ba, baina badakit nik bai, oso begi onez bereizten dituzula zure anaiaren adiskideak, lagunak eta maitaleak.

        Jadanik, Igor, ez dut batere atsegin zure edonork-daki-noiz-arteko galdera "...eta, oraingoan non, Iker?". Bai, bai, ez daukazu nire homosexualitatearekiko aurreritzirik, ba dakit bai, gaitzesten duzuna, zera dela, nire promiskuitatea.

        Baina aski da ez, kontatzen dizkizut ba nire harremanak, maitaleei buruzko gauzak; beraz, ez horrenbeste trufatu, zure eritziarekin ez bait nator eta.

        Hampstead-ko kritket zelai batean topo egin genuen, hala beharrez, duela hiru bat urte. Ekainean. Hura egun zoragarria; eguraldi epela eta argitsua. Ez nuen ondurarte halako partidurik ikusi eta kuriositateak eraman ninduen. Bara nire alboan eseri zen; jendez gain zeuden harmailak.

        Ez dakit nola ba, aspertuta edo, inguruari begira hasi nintzen, eta berehala hasi

ginen solasean; bera ere jokoaz nazkatzen hasia bait zen, dirudienez.

        Ez naiz horrekin luzatuko, ez horixe; gainera, ez dut uste une haren erromantikotasuna guztiz apreziatuko duzun. Dena dela, handik hanka egin eta pub batera abiatu ginen.

        Bost ordu liluragarriz solasean aritu ginen taigabe. Zein zoragarria. Begirada bakoitza, mugimendu bakoitza, dena koordinatuta zegoen gure artean. Gogotik ulertzen genuen elkar.

        Christian, dantzari belgiar hura. Berlingo ballet batean dantzaria. Hara, zer zoritxarra nirea, nik ez neukan han bizitzeko asmorik. Nire Christian maitea.

        Honelakorik pentsatu baino lehen, egun batzu igaro genuen elkarrekin, aldiz. Hilabete bete besterik ez hala ere; Donostira itzuli behar nuen ondoren, lana zela eta.

        Hasiera ber-beretik, berataz maitemindurik nengoen. Guztiz itsuki, liluratuta.

        Urte luzea igaro behar izan zuen berriro elkar ikusi arte. Desioz beterikako urtea, maiteminez, oroipenez. Egunero itxaroten nituen bere gutunak, egunero hartaz pentsatzen, ametsetan. Etxeratzean, sotoan sartzerakoan, pentsatzen nuen, ia gaur eskutitzik baden, ia nitaz garaiz oroitu den, ohi duen bezala, ah bai noski; gero, postakutxa begiratu eta nahiz eta gehienetan bezela hutsik egon, eskailerak igotzean ametsei emanda ibiltzen nintzen, etxeratu arte.

        Olerkiak idazten nizkion maiz. Berak ez zuen halako ohiturarik, baina beste idazleen esaldi finak esan ohi zizkidan. Hitz bakoitza maitasunez beterik zegoen, mirespenez, liluraz, edertasunez. Baina ez genuen elkarri buruz hitzegiten bakarrik. Baita Coca-Colaren formulari, gazteriaren ametsei, txingurrien kolorei, eguzkiaren prezezioari, gizon modari, Allan Poe-ren lazturari, burgesiaren monotonitateari eta betebeharrerekiko zintzotasunari, eta Boulognaise sauce-aren errezetari buruz etabar ere mintzatzen ginen.

        Udako oporrak eskatu nituen lehenbailehen bulegoan urte hartan. Zereginak nituela eta, eta gurasoak noizean behin ikustearren ere, badakizu ba, oporrak Goizuetan igarotzea erabaki nuen. Christian konbidatu nuen, baita berak gustora onertu ere. Beraz, dena primeran zihoan.

        Zu beti etxetik kanpo zaudenez, baita oporretan ere, —inork jakingo ote du oporrik al duzun—, etxean tokia soberan bada, eta gurasoek bizitasuna eta etxea jendez gainezka ikusteko irrikaz egon ohi ziren.

        Nik esan dizut ba, betidanik, Igor, bai, aktorea izatea gauza zoragarria da, baina zure antzerkiak eta filmak dinela eta, ez duzu beste edozertarako astirik izanen.

        Hori beste kontu bat da anaia maitea; hon konpon.

        Christian joan zen ba, Goizuetara urte hartan. Oh, hura poza!

        Gurasoak ezin hobeto moldatzen ziren berarekin. Ez ginen herrixkatik irten. Mendira joaten ginen paseatzera eta desioz maitatzen genuen elkar. Baita etxean ere. Alabaina, paseatzean adibidez, muxukatzea erromantikoa da gogotik.

        Ez naiz une hauetako amodiozko gauzez mintzatzen ahal. Ez oraingoz bederen. Badakizu aita erahil zuela Christianek iritsi eta biharamunean. Igor, maitea, barkaidazu hau gogoratzeagatik, baina garrantzitsua da argitu behar dizudana.

        Inork ez daki zein latza izan zen amarentzat, asto beltzarenak eta bi igaro izan behar zituen hura gainditzearren, ama gaixoak, orain isebaren etxean bizitzen; zerk zuzpertuko luke eta atzera alaitasuna berpiztu?

        Zergatik borrokatu zuten aitak eta Christianek, aita hilda eta Christian oso larriki zaurituta suertatu arte?

        Inork ez duena ikusi esango dizut nik ba, neronek bakarrik dakit eta.

        Badakizu Igor, gurasoak ez zirela gure harremanaz jabetu, nire sekretua ez zekitan. Ez zuketen ulertuko.

        Aitak muxukatzen ikusi gintuen goiz hartan, ustekabez, ez dakit nola gertatu zen; badakizu zuk Igor, goizetan bera ez zela inoiz liburutegira sartzen, ba nik ez dakit, ba, zertara etorri zen, hantxe harrapatu gintuela "pasio besarkatiei" emanda. Ez ginen hartarako joan, olerki bat baino ez nion erakutsi nahi Christiani.

        Nik berahala konortea galdu eta aitak nire maitalea txikitu nahian zoritxar handia izan omen zuen. Biek elkar jipoitu zuten.

        Esnatu nintzenean, nire logelan nintzen, ohean etzanda, eta erizain batek kontatu zidan igaratakoa. Bazirudien liburutegian lur-ikara bat izan zela; haltzari gehienak txehetuak, pitzadurez josiak, liburuak edonon, eroriak, boteak. Aita anbubantzian hila zen, eta Christian hil-zorian zegoen eritegian.

        Agian, maitale asko ez liratake horrela sentituko, baina nik Christian ikusteko izugarrizko gogoa nuen. Hotzean ausnarturik, istripua izan zela onartzera behartua nintzen; ez zen inolako erahilketarik izan.

        Bere egoerari ordea, bisitaldiak ez zitzaizkion batere komeni eta, beraz, aste batez ez nuen ikusi ahal izan.

        Bere puskak biltzen hasi nintzaion; ez zuen gauza askorik ekarri, ez. Libururik ez zeraman; egunkari kahiera ttiki bat ezik. Hori zirudien behintzat. Badakit ez nukeela horrelakorik egin behar, intimitatea errespetatu behar dudalako eta guzti hori, bla bla, baina ezagutzen nauzu eta, kuriositateak gidatzen ninduela, ba begiradatxo bat eman nion, eta orrialde batean irakurri nuen "...eta jokaera honetan argi eta garbi azaltzen zaigu berriz ere asimetriaren beharra..."; baina, zer da hau?

        Jarraitu nuen irakurtzen eta bazirudien nire Christian psikologian aditua zela oso; gauza interesgarriak adierazten zituen. Kahiera hartu eta oso osoa irakurri nuen egun haietan.

        Azkenean, eritegira joan nintekeen. Aste luzea izan zen hura. Bere logelan sartu nintzenean han ikusi nuen, etzanda, lotan beharbada.

        Hurbildu eta bere aurpegiari begira egon nintzen une batez; zer nolako edertasuna, azal leuna eta delikatua. Han zetzan nire maitalea, nire bizitzako zati bat zena, otorduak bezain ezinbestekoa.

        Begiak zabaldu zituen eta far-murritz batez kopeta muxukatzera makurtu nintzaion. Zoritxarrez, ez nuen alaitasun hark luzaro iraun zezan. Eskuboltsatik nire pistola atera eta tinko zabaldu nuen besoa tiro egiteko keinua eginez. Hark ez zuen deus ulertzen ahal. Aitaren heriotzaren mendekua izango zela hura segurasko. Ez horixe, ez.

        Asko maite nuela esan nion, baita itxaropen handiak jarri izanak nituela berarengan, eta beste hainbeste; oh, Igor, ez dut jarraituko, dagoeneko negar egitear naukazu. Ondoren, bere egunkaria atera nuen eta zati batzu irakurtzen hasi nintzen, besterik gabe. Berak, adierazpen ugari ematen zidan, baina nik ez nezakeen fitsik ere entzun eta aurrera jarraitu nuen ba; gupida eske modura mintzatzen zitzaidan.

        Galdetu nion: zer esan nahi du honek "...kasu hauetan arrazoirik nagusiena, heterosexualitatearekin konparatuz, simetria soberan izatea da, sexu berdineko bi pertsonen arteko harremanak simetria oso baitute, naturak, ezta moralak edo etikak ere, ez bait du bakoitzarengan rolik inposatzen, eta jakina, ezinezkoa da rol berean jokatzen duten bi gizakik harremanak edukitzea. Hortarako rol edo jokaera kontrakoak hautatu behar dituzte, nork bera aukera eginda,..." eta beste honek, "...bi emakumeren eta bi gizonen artean aipatutako aukerak libreak dira derrigorrez. Nire maitalearekin aztertu ditudan egoeretan,...".

        Ez nuen gauza handirik irakurri, baina aski zen hura. Christian ez zen inolako dantzaria. Psikiatra bat baizik. Psikiatra aztertzaile bat eta ni, ostera, bere pazientea. Besterik gabe, nik jakin gabe ere.

        Nola sinetsi ote nion hainbeste gezur, eskutitz haiek, laztan haiek, hura dena, halako inozoa!

        Kahiera ttiki hark biltzen zituen elkarrekin igarotako egun bakoitzaren datuak, xehetasunak eta ondorioak. Denbora berean, datu hauez baliatzen zen bere harreman sexualen teoria aztertzeko.

        Irakurtzen nuelarik, galdetzen niolarik, hau eta hura, ez nion entzuten, ezta ikusi ere. Etsipena ikusten nuen nire aurrean. Ni bakarrik nengoen, maitalea nigan zegoelarik, nire biziaren zati bat bait zen; gatazka nire barnean hedatzen ari zen, etsipena, damua, eta errukia epaile zorrotzaren —arrazoi hotza— parez-pare.

        Baina ez zen nigan etsipenik. Etsipenak amaiera jo zuen. Maitalea, nire Christian maitea, arnas eskasean edo, begitartean hitsas-hitsasez eta begiak zabal zabalik, bapatean hil zen bertan.

        Beraz, ez nuen pistolarik erabiltzearen beharrik izan.

        Nik banekien bai, pistolak ez zukeela nire maitalea erahilko; ezerk ez du nire biziaren zati bat hiltzerik, osoa baizik.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.