Hitz neurtuak
Poetika
Juan Ramon Madariaga
Ekiak zurierazten du haboro
Ekiak zurierazten du haboro
gakorratzaz brodaturiko oihal fina,
ohetarik bi aldeetara
aintzinatik baretua dirudiena.
Besoak ere zolurantz seinalatzen du
ixekia bailitzan
ekia ihakindatuz.
Horman kuadro ttipi batek
liliz beteriko bedatsea erakusten du,
balizko urrelilien lurruna
bogelaren xoko guzietarik
barreiatuz.
Haizetxoak gortinai urdinak mugierazten ditu
txiripiri handi baten hegabak gomutaeraziz.
Bakardadeaz eta ixiltasunaz blai
amoranteen gorpuak
ohe zurian dautza.
Haien soin ahulak
uztarturik daude pozoamenduaren zioaz.
Eta laguna, negar zotinka,
uzte handian dagoela ohartzen da,
eta ezin paira dezake lanturu eta deitorea,
ezin paira dezake amodio honen galera.
Lehen erromesa nintzen
"Et perdrás pel camí
que no té mat tornada."
(S. Espriu)
Erromesa nintzen
iparraren billa mundua korritzen duen haietarik.
Jendakiaren gain elikatzen eta janzten nintzen,
nik ordainetan arkameluak kondatzen nizkien
supazter-txokoan.
Apopilo ere hartzen ninduten
ostatuz ez nengoenean.
Boztarioki bizi nintzen
negu beldurgarri bat heldu arte,
elurte hartan etxola tipi batetan sartu arte,
eta han, zu kausitu zintudan arte.
Handik hona ez ditut bide berriak desiratzen
zure ezpain gerezidunak baizik.
Lehan erromesa nintzen,
munduz mundu dabilen kaietarik.
Hedoi uherra
Ortzia uherra dago,
hedoiak uherrago,
eza-aldi honen erraietan,
ezin dira karanago.
Oroimena lahartzen ez denean
Laket nago izarrak gauari joka ikusiz
eta boboia zuhaitzen atzean,
ostotsak mendien haindian
eta lotan ortzondoa ene ohean.
Laket nago denborak oroimena lahartzen ez duenenan.
Laket nago zureganako iskia barnean sendituz
eta bihotzean balaku luzea,
harrabarra gorostiaren artean
eta behin atzenduriko musua hartzara oroituz.
Laket nago denborak oroimena lahartzen ez duenean.
Baina ez nago laket orainokoan izanarekin,
adiaz igaro baitira bizitza eta ametsa,
adiaz ere ez dagerkidan bihotza,
agian horregatik hobe nengoke zurekin,
ene bila erdu arte heriotzaren aihotza.
Maleriaz ez zoratzeko
Haizeak, haizea izateko,
hosto bigunak behar ditu.
Marrubiak, marrubia izateko,
bihotzaren bisaia behar du.
Larreak, udaberriko larrea izateko,
belar berde eta disdiratsua behar du.
Eta neuk, hain sinplea da
neuk behar dudana
maleriaz ez zoratzeko.
Nihaur nintzen
Iruntza
amultsuki erortzen
ikusi dut.
Eta loreak
besorik gabe,
besarkatzen saiatzen zirela
begitandu zait.
Edo nihaur nintzen?
|