L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Plazara aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Plazara. 12 zkia. (1989-udazkena) —Hurrengo artikulua




 

 

—Hitz lauz—

 

Heriotzaren errentak (II)

 

Anjel Lertxundi

 

NEKORETARAKO AUKERA GALDUA

 

Joxek plastiko zaharren bat edo kateaturik zuela txaluparen helizean eta lagun ziezaiola eskatu zion Antoniori:

        — Plastikoa kendu eta berriro agertzen naizenean, jar hezak motorra martxan, ea nekoretara joateko aukera ez dugun galtzen.

        Murgil egin zuen txaluparen poparantz eta Antoniok amets zoro batetan bezala ikusi zuen Joxe nekoretan aberats, neska kontutan oilar harro, gurasoen aurrean babeseko eta inbiriak eraman zuen motorra martxan ipintzera.

        Helizearen aldetik ur grisa borboka hasi zen eta apar zuriari ñabardura gorrixkak nagusitu zitzaizkionean, motorra itzali eta ur gain korrontetsuari begira gelditu zen.

        — Gaur ez duk nekoretarako egunik aproposena —murmuriatu eta lagun arteko baso erditara inguratu zen herriko plazara, adiskideren bat non ikusiko.

 

 

GIZON LEITUARENA

 

Liburu zaletasunak hartara makurtua zuen gure Felix. Egun osoz, jatorduak ere barne, arituko zitzaizun irakurketari emana liburu gehien irakurriaren record guztiz kulturala lortu nahian. Behatzak ezpain artean busti eta orriak pasa, beste lanik ez zuen egun osoan emaztearen amorraziorako.

        — Kasorik egingo al didazu?

        Edo:

        — Horma hori baino gutxiago naiz zuretzat.

        Edo:

        — Eskarmentatuko zaitut.

        Baina erantzunik ez artean bost mila liburu irakurtzera heldu ez zen gure Felixen partetik. Horregatik Perez Galdosen "Episodios Nacionales" etengabeari ekin zionean, emazteak berrogei ta sei nobeletako orri ertz bakoitza zianuroz bustitzeari ekin zion.

 

 

MEZUA

 

Anselmo beti izan zen oso metodikoa bere gauzetan, eskultore ofizioan batez ere, baina metodoa jenioarekin haserretua egon nonbait, eta eskultura bakar bat saltzea ez zuela lortzen ikusirik, harlosa eder batetan hasi zen idazten txintxa mailuaren bidez ongi astinduz:

        — Ez dut beste erremediorik.

        Zalantzan egon ondoren "cariño", "laztana" edo "maitea" erantsi, emazteak ez zuela halakoren beharrik eta hartan lagatzea erabaki zuen. Gero, beste lerro batetan:

        — Barkatu.

        Itxurosoa iruditu zitzaion harlosa. Gotiko hizki haiek klasikotasun serioa eskaintzen zioten izkribuari. Istimatuko al zuen detailea emazteak!

        Ondoren, soka lodi baten ertza harlosara, bestea lepora, itsasoak irentsi zituen Anselmo eta harlosa.

 

 

ESTU SAMAR, MESEDEZ

 

Kontzertura joan nahi zuen Pilarrek; atseginagoa zitzaion, ordea, kopaxka bat hartzea Erramuni. Pilar programako Mozart, Debussy eta Falla harilkatzen ari zen neurrian hasi zen etsitzen Erramun. Eta, azkenean, Pilarren argumentu nagusia entzun zuenean jo zuen matxinada apala galdutzat:

        — Gainera, Zendoiatarrak ere han izango dira palko nagusian.

        Jazten hasi ziren. Gorrotatzen zuen traje beltza Erramunek, setazko soineko more, luxexka Pilarrek. Eskote luzea xarmantzeko erabiltzen zuen perla zurikotez osatutako lepokoa eman zion lotzera Erramuni:

        — Estu samar, mesedez, lepoa ongi inguratuz.

        Hitzez hitz bete zuen Erramunek emaztearen erregua.

        Gero kopaxka bat hartzera irten zen kalera. Taberna bakan batetan ere ez zuen Mozart, Debussy edo Falla-rik entzun. Hartaz ohartu zenean lotsatu zuen bere traje beltzak.

 

 

ODOLKI BILA

 

Goizero esnatzen zuen Martin auzokoaren zakurraren zaunkak eta goizero madarikatzen zituen auzokoa nahiz zakurra. Baina gizabidearen esanera, ez zuen inoiz erregua adierazi.

        Guy de Maupassant-en ipuin bati irakurria zionez, txorimalo bati odolki bero bat hasi zen lotzen lepoan eta zakur gosetiak behin eta berriro salto egiten zuen txorimaloaren lepora odolki bila.

        — Ondo ohituta zeukat zakurra, eh? —botatzen zion auzokoak.

        Martinek zakurra odolki beroez ongixe mantentzen zionez.

        Eta adiskide min egin ziren biak.

        Pic-nik batetara ere joan ziren beren familiekin. Zotz batzuk bildu mendian eta sua biztu zuen Martinek. Odolkiak jarri zituen berotzera bertan. Behin eginxe zeudela ikusi zuenean odolki lerro batez inguratu zuen auzokoaren lepoa.

        Lasai asko egin zuen gau hartan lo Martinek.

 

 

PERTSONAIA

 

— Lauraren pertsonaia horrek ez du ezer pintatzen nobela guztian zehar. Ken ezazu eta nobelak irabazi egingo du sakontasunean —aurrez aurre zuen idazlearen begietan ikusitako dizdirak adierazi zion editoreari nobelagileak ez zuela etsiko, ez zitzaio!a eskakizunera makurtuko.

        — Ezta pentsatu ere. Laura nik sortua baldin bada ere, bere bizitza propioa bizitzen hasia da aspaldi haundian eta ez dut nik garbituko, ez duzu horrelakorik eskatzeko eskubiderik. Ez dut nire pertsonaien hiltzaile izan nahi.

        — Nahi duzun bezala —energia nabari zuten editorearen kirio guztiek— baina ez pentsa nobela hori bere hortan argitaratuko dizudanik.

        Ateari danbateko bat emanaz irten zen idazlea editorearen bulegotik, orijinala besapean.

        Behin kalean editorea nola akabatu hasi zitzaion bueltaka burua. Aurkituko zuen biderik, zailagotatik libratua zen.

 

 

TXANTAIA

 

Ez zion txantaiari etsiko. "Sartaia kirtenetik diat" zioen behin ea berriro ospeko abokatuaren argazki pare hura eskutan. Batean, neska gazte bat belaun gainean fereka lanetan, bestean, berriz, diktadore hil berriarekin ehizaldi batetan.

        Telefonoa hartu eta zenbaki bat markatu zuen:

        — Gaur arratsaldean. Betiko lekuan.

        Apetito oneko gizona, bi arrautz prejitzeari ekin zion.

        Butanoko sua azkenetan zuenez, bezperan erositako boteila berria ipini zuen ahituaren lekuan.

        Zihurtasuneko neurri guztiak bete ondoren, poxpoloa inguratu zion irteten hasia zen gazari.

        Eztanda izugarri baten ondoren sartaiaren kirtena eskutan geratu zen sukaldearen erdian.

        Eta arratsaldeko zitara ez zen inor azaldu.

 

 

BARATXURIAK

 

Ezaguna da baratxuri xorta balkoian ala sukaldean zintzilikatu eta senarrak emaztea garbituz amaitu zen eztabaida inozoaren kasu patologikoa.

        Horregatik nik neuk behintzat lan hori senarraren erabakizun utzi izan dut orain arte.

        Nire pazientziaren neurriak ezagutu nahian dabilkit, etxe guztian bait ditugu baratxuri xortak zintzilik, komunean nahiz pasiloan, gehien maite dudan soinekoaren pertxan nahiz etxe guztiko gortinetan.

        Baina gaurkoa gehiegizkoa izan da, bi xorta zintzilikatu bait dizkit telebistaren pantaila aurrean.

        Ez dut, hala ere, eztabaidarik sortu izan nahi, kasu patologiko hura gogoan. Zianuroa bota diot erruz hainbeste maite duen baratxuri zopara.

        Baratxuri xortaren bat erosiko bazenit... Merke asko salduko dizut.

 

 

BASOAN

 

— Pago bakar bat baino ederragoa da pagadia.

        — Baina zumardia baino ederragoa zumar bakarra.

        Apustuka bezala ari ziren hizketan, eta Eloisak, etsipenez, Abelardori:

        — Adiskide, egizu nahi duzuna, baina ez nazazula ahaztu.

        Orduan, Abelardok almendrondo batetako adar bat kraskatu eta Eloisari eman zion begirada hutsez gorputz osoa ferekatzen zion bitartean:

        — Almendrondo bera baino ederrago honen adar bakar bat.

        Etxeratu zirenerako gaitzaren arrasto zurbilak agerian zituen Eloisaren aurpegiak. Oheratzen lagundu zion Abelardok eta almendrondoaren adarra eskatu zion Eloisak loaren lagun izan zezan.

        Biharamonean harlosa pean sartu zuen Eloisa Abelardok.

        Adarraren irudia nagusi zuen harlosak eta bertan idatzirik:

        — Ez zaitut inoiz ahaztuko.

 

 

ARIMA

 

Erretaula zaharretan ikusi ohi da hilzorian dagoena aho zabalik eta ahotik zerbait iheska bezala duela: arima da eta behin gorputzetik kanpo, hiltzat jo daiteke artean bizirik zegoen gorputza.

        Eta eskutan zuen halako estanpa bat Iñaxik senarra hil zitzaionean. Begiratzen zion behin eta berriro ohean etzanda gero eta senar zurbilagoari baina ez zitzaion ahotik ezer irteten.

        — Hain ona zen... Ez zaio agian arima kabituko.

        Eta ahoa zabaldu zion eta gero kandela jarri hortz hezurdurak elkarrengandik urruntzeko.

        Egunak joan eta senar emaztearen berririk ez zutenez herrian, alguazilak etxeko atea ireki eta Iñaxi aurkitu zuen gorpuaren aurrean.

        Oraindik ez dio Iñaxik alguazilari barkatu senarra bizirik lurperatu izana.

 

 

ZITA

 

Arrazoia geureganatzeko erabiltzen ditugu beti famatuen zitak baina gaur egun nor ausartuko ote da Carlyle-ren hura erabiltzera?:

        — Gizon faltsu batek ezin du adreiluzko barraka bat bera ere eraiki.

        Gure garaiak ongi ezagutzen du Carlyle-en hitzek nabaritzen duten gezurra, sekta, elkarte eta talde ugaritako sortzaileak diogunaren lekuko.

        Baina gizon faltsu batek adreiluzko barraka bat birrindu dezake. Baita ekialdeko oihan oso bat ere, napalm-aren laguntzaz bederen.

        Oin kraskatua alboan, suak kiskalitako gorputz osoa irakiten zuen vietnamdar hura gogoan:

        — Ai, ilunpetik argirantz irteten saiatzen den arraza...

        Baina aspaldian utzi zioten amerikarrek Vietnam-go egunsentiak ikusteari.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.