Hitz lauz
Neguko ipuin bat
Mikel Hernandez
Ez dakit zergatik baina esnatu nintzen, eta erdi-loguraren algodoietan oraindik harrapatuta ez nekien ondo non nengoen edo ze egoeratan aurkitzen nintzen, baina segituan gogoratu nintzen, sabelean sentitu nuen gauza astun hura, bederatzi hilabetetan zehar handituz joan zen gauza sentitu nuen lotan bezala, esnatu gabe bezala, galdetu nion orduan nire buruari ea gauza hark lo egingo zuen ala ez. Ez dakit zergatik esnatu nintzen, gaua zen oraindik eta bestalde ez zen oinazeengatik izan, hori pixka bat geroago etorriko zen, pixaguragatik esnatuko nintzen akaso. Haurdun-aldiaren azken hilabeteetan beti nuen pixa egiteko gogoa. Gauean hiru eta lau aldiz altxatzen nintzen horregatik. Beharbada kotxeren baten zurrumurru lakarra kalean barrena. Baino ez dut uste, beste gauzaren bat izango zen zeren herrixka hartan ez zegoen kotxerik ia, oso biztanle gutxi zuen eta gainera oso pobreak. Horregatik kotxe bat bidearen hautsa airera altxatzen oraindik asfaltatu gabe zeuden kaleetan kasik imajina inposiblea zen nire buruan. Bi kotxe zeuden han, alkatearena eta medikuarena baina alkatea kanpoan egoten zen ia beti, oso gutxitan joaten zen hara nahiz eta bertakoa izan jaiotzez, medikua bai, hura astero, eta eskerrak medikua genuela nahiz eta inguruko beste herriekin konpartitu behar. Bueno, Don Agustinen kotxea gero, zeren honek ere bazeukan baina beti izaten zuen gordeta lapurtuko zioten beldurrez egongo balitz bezala. Don Agustin, herriko aberatsa. Herrixka hartara joan ginenean denboraren tunelean sartzen ginela iruditu zitzaidan, esate baterako, hango elizan... elizako aurreko lekuetan gizonak jartzen ziren eta emakumeak atzeko partean, bazirudien erlijio kontuetan ere eskubide gehiago zutela gizonek emakumeek baino horregatik ez balitz... dibertidoa zela esango nuke, "cine en relieve" edo pelikula italiano bat bezala.
Ez neukan lo egiteko gogorik, azkeneko gau guztietan bezala gertatzen zitzaidan momentu hartan, bazirudien bizitzaren ordu normalak hankaz-goratzen zirela eta beste pertsonen artean arrotz bat bezala sentitzen nintzela. Orduan gogoratu nintzen Camus-en "arrotzaz", baina hura gizona zen eta ni emakumea oso egoera diferenteetan, hainbeste harritu ninduen liburu hark... magisterio estudiatzen ari nintzela, lehen kurtsoan nengoenean, utzi zidan lagun batek hegoamerikako edizio bat. Magisterio. Ez nuen bukatu eta orain mila aldiz damutzen zait, bigarren kurtsoan gelditu nintzen, eta zer zen hirugarren kurtsoa bukatzea, ezer ez, ez zaila ezta luzea ere, baina batzutan tontoak garela ematen du, derrepentean sartzen zaizu handik ihes egiteko kristoren gogoa, estudiatzeak ez duela ezertarako balio uste duzu baina Samuel hirugarren kurtsoan zegoen eta bukatu zuenean interesanteago iruditu zitzaidan dena uztea eta berarekin ezkontzea. Ezkondu. Orain hori parregarria iruditzen zait, ez dauka zentzurik. Gainera bukatu izan banu ez nukeen izango orain dudan dependentzia hau. Ez duzu imajinatzen hura bezalako herrixka punta batera joango zarenik, estudioak uzteak hara joatea suposatzen zuela, sekula ez naiz futurora begira bizi izan, eta ez naiz aldatuko. Hara destinatu zuten Samuel eta geroago umea izango genuen, bi pertsonen menpe egongo nintzela, neskame bat bezala sentituko nintzela pentsatu nuen, baina kobratu gabe, amak entzungo balit... "eta non duzu zure ama-sena", tontakeriak, nire ondora joan nahi zuen, ez nuen utzi, geroxeago damutuko nintzen, han egon balitz ez nintzatekeen hain bakarrik sentituko, ze harro esan nion ez nuela bere beharrik. Baina nork daki, segura nengoen agertuko zela bi asteren buruan, umea jaiotzeko falta zen denbora.
Mekanikoki, konturatu gabe, eskuak mugitzen nituen leunki, oso poliki maindireen artean nire sabeleraino, gauza handi hura senti nezakeen nire gorputzean, nola haragi guztia hanpatu zitzaidan magia izango balitz bezala, nik ezer ikusten ez nuela, milagro bat bezala, eta orduan pentsatzen nuen beharbada gau hartan edo beste hartan izan zen, biok hain ondo pasatu genuen hartan, baina ez, ez, segur aski pixka bat lehenagoko batean izan zen, eta badakizu egunak kontatuta horrela dela, azken hau dela, Samuel nire gainera oldartu zela eta bortizki gainera, bortxatuz izorratu ninduen, ez dago beste hitzik, eta orduan izan bazen.., nahiago nuen beste batean izan zela pentsatzea zeren horrela politagoa bait zen, baina azken finean berdin zuen, beste egun hartan izan bazen ere gauzak horrelakoak badira, ez dago bi aldiz naranja berbera zuritzerik. Halaz ere ezin nuen ulertu, nire gainean utzi zuen bere gorputza erortzen eta fregatua bukatu ondoren esan zidan "barkatu". Gustatzen ez zitzaidan zerbait egiten ari zen eta halaz ere... ezin zuen dominatu gero kulpable sentitu arren. Orduan ulertu nuen amak askotan esaten zuena, "ai, ze injenuak garen emakumeak", badago gizonen barruan ulertzen ez dudan hori, animaliak bezalakoak dira, egiten dizute eta gero lasai gelditu ondoren "barkatu", horiek potroak, parte animal bat dute alde horretatik, horregatik defenditu behar gara, ulertu bai, baina permititu ez, ezin zaie utzi nahi duten guztia egiten.
Eskubira begiratu nuen, leihorantz, persiana beti erdi irekita uzten genuen, beti gustatu zait egunaren argia gelara nola ixurtzen den ikustea baina momentu hartan kaleko argi artifiziala besterik ez zen ikusten eta nire begiradak, leihora joateko bidajearen bueltan, Samuelen gorputza ikusi zuen, nire ondoan, zeharo lokarturik eta hain urruti sentitu nuen non ez bait zen esnatuko gure umea jaioa zela esan baino ere, hain da egoista eta berekoia askotan, nahiz eta gero lotsatzen ere den, horregatik, guzti horregatik segur aski, oso bakarrik sentitzen ari nintzen, "gizona beti dago bakarrik" esaten dute filosofoek, emakumea ere horrela egongo ez balitz bezala, hasiera batetan beste era batez ikusten nuen pertsona baten konpainia, edo diferente izango zela uste nuen, munduko gauza batzu erreferentziaz bakarrik ezagutzen ditugu, horregatik erdi mitifikaturik dugu gauza pilo bat, edo zeharo mitiflkatua ere, gero esperientziak buelta ematen dio tortilari eta seguro horrela dela bakoitzarengan, garai guztietan, ziklo etengabeak... begira ze argi gutxi dagoen eta ze tristea den... kartzela dirudi.
Pixka bat mugitu nintzen ohearen barruan eta Samuelek zurrunka egin zuen protestatzen bezala, eskuak berriz ere mugitu nituen momentuan, zeren gogoratu nintzen lehengo egunean erosi nituen braga berriez, ze politak ziren, ez ziren gehiegi luzitzen nengoen egoeran, egia, gauzak berriak direnean ikutzea gustatzen zait, begiratzea, baina orduan ilunpean geunden, leihotik sartzen zen kaleko argi hotz eta pobrearekin bakarrik, gustatzen zait ikutzea berriak direnean eta horregatik agian desplazatu nituen eskuak pixka bat ohe barrurantz buruz gora nengoela eta eskuek kaderen gainean nire azala ferekatzen zuten poliki pentsamenduetan zehar berriz ere desegiten nintzelarik, urrutira begira bezala, nire burua kareziatzen ari nintzen, behar nuen, laztantzen nintzen, nire triangulo beltza, hankak irekitzen nituen pixka bat gehiago eta hatz puntek nire ile beltz txikia eta kixkur horiek lardaskatzen zituzten baina ume koxkor baten buru txikia laztantzen den bezala, ilea nahasten, eta nire gorputza zen baina askotan gauza arrotz bat bezala sentitzen nuen, momentu hartan bezala akaso, orain nire esku ezkerra mugitzen dut bakarrik eta ile kixkur honekin nire hatzetan kirimiltzen diren txirimolak egiten nituen begirada urruti batez bragen tolesdurak sentitzen nituen bitartean. Orduan, bakarrik orduan, eta ez dakit zergatik, hotz handia egiten zuela sentitu nuen, bart elurra egin zuela apenas gogoratu nuenean, gure estufa begiratzen nuen, elur malutak "mana" malefiko jelatu bat bezala erortzen ziren nire begien aurrean eta haien zuritasun apal guztiak ez zidan kentzen barruan sentitzen nuen tristura azalduezinezkoa.
Gero pixka bat lokartu nintzela uste dut, ez naiz ondo gogoratzen, pasarte batzutan pelikula baten antzera gogoratzen dut mugimendu bakoitza, bestetan asko ezabatu zait ordea, lokartuta egon banintzen kontrakzioengatik esnatuko nintzen berriro. Ikaratu nintzen zeren aste hartan bertan esan zidan medikuak bi aste falta zirela. Banekien nik ere, kontuak gaizki ez banituen egin bi aste barru ateratzen nintzela "kontuetatik". Ezin nuen sinetsi. Baina kontrakzioa gertatu zen, lehen kontrakzio bat, holako min gor bat, baina sakona. Eta oinazea, giltzurrunetatik ovarioetara, sabelerantz. Minutu bat gutxi gora behera. Mantek eta maindireek bola bat formatzen zuten nire tripa handi haren gainean eta orduan komoda aldera begiratu nuen, beronen gainean, egurrezko kaxa batean erlojuak bostak hogei gutxi zirela markatzen zuen, Samuelen aldera begiratu eta beldur antzeko zerbait sentitu nuen horregatik edo ez dakit, agian inpultso erreflejo bat izan zen, Samuelen lepoa ikutu nuen mantaren gainean, mugitu egin zen, esnatu behar nuen.
Esnatu zenean begiratu zidan, ezin zituen begiak oso ondo ireki, "zer pasatzen da" esan zuen ezer jakingo ez balu bezala, eta nik nire gorputza seinalatuz "mina" erantzun nion, berak "bah" esan zuen, "medikuak esan du 15 egun falta direla, ezta?", eta nik esaten nion baietz baina berdin zuela, gauza hauek ez zirela inolaz ere matematikoak edo mekanikoak, begiratzen zidan ulertu ez balu bezala, bere logikaren barruan sartzen ez zen gauza bati buruz hitzegiten ari nintzelako, orduan "beldur naiz" esan nion eta kontrakzioa nire imajinazioaren ondorioa izan zedin desio nuen. Handik orduerdira edo gutxiagora izan nuen bigarren kontrakzioa. Samueli esan nion eta musu bat eman zidan "ez da ezer izango" ahopeka gaineratuz, altxatu egin zen eta ispilura begira bere kokotsa harraskatu zuen, "ez da horren presazkoa izango" entzun nion eta nik baietz baina bera gimnasia egiten jarri zen "desbelatu nauzu" esaten zuen bitartean. Orduan atera zen ur guzti hura, nire gorputzetik, pixa egitea bezala baina ezin duzula aguantatu, ezin duzula eutsi eta izugarrizko sustoa hartu nuen, eta soinuren bat ere egingo nuen zeren Samuelek berehala begiratu zidan beldurtuta bezala. Ohea, likido hartaz bustita,, beroa zegoen oraindik. "Zer gertatu zaizu", "ur guztia atera zait", manta-maindireak altxatu eta ikusi zuen, momentu hartan ohartu zen egia nioela minaz hitzegiterakoan, "asuntoa aurreratu zaizu, Felisa abisatzera noa" esan zuen, herriko emagina, eta nik pentsatu nuen nahiago nuela hospital batetan erditu eta ez herri galdu hartako etxe zatar hartan, nire amaz gogoratu nintzen. Samuelek atea itxi zuenean bakarrik gelditzearen beldurra sentitu nuen gorputz osoan zehar, handik gutxitara izan nuen hirugarren kontrakzioa, hogei minutu barru, baina ez dakit, ez nituen kontrolatu, inpresioa holakoa zen, denbora gutxiago edo gehiago akaso pasako zen, eta berriro oinaze berbera giltzurrunetatik ovarioetara, zenbat eta kontrakzio gehiago eduki hainbat eta gogorrago jartzen zitzaidan sabela, harri bat bezalakoa ipini arte, eta Samuelek asko tardatzen zuen, hotz handia nuen, dutxara joan, garbitu, ohera sartu, arropatu, vaginatik ixuria ez zen agortzen, hobeto sentitzen nintzen, toalla txiki bat hartu eta hankartean ipini nuen ixuria xukatzeko eta bi braga jantzi nituen ez dakit ondo zergatik, toallatxoa hobeto eutsiko zelakoan edo.
Azkenean ailegatu zen Samuel, "Felisa ez dago bere etxean", esan zidan, ni beldur aurpegiz segur aski, "zer egingo dugu" esan nion eta berak "Rosalinaren etxean dagoela esan dit haren ahizpak, baina lasai Don Agustinen etxean egon naiz, dena ulertu du, oso amable egon da, berak eramango gaitu kapitalera, total ez dago hain urruti", oso azkar hitzegiten zidan Samuelek, aurpegia gogortua, emagina Rosalinaren etxean, erditzeko bait zegoen hura ere, ni baino pixka bat lehenago, teorian behintzat. Kapitaleko hospitalean hobeto egongo nintzela pentsatu nuen, baina bestaldetik beldur nintzen kotxean bertan erdituko ote nintzen, gogoratzen nintzen hainbat istorioz, atarietan jaiotako eta erditutako pertsonez, gure gelako argiak min ematen zidan begietan, ez dakit zergatik eta itzaltzeko esan nion Samueli, nahiago nuela kaleko argi pobre eta hotza, nire bularrak begiratu nituen, puztuta neuzkan, nire gorputza ez zen nire gorputza, aldatu zidatela iruditzen zitzaidan eta min batez ohitu egiten zarela pentsatzen nuenean... ez dakit zer ari zen bilatzen Samuel, ni ez nintzen mugitzen horrela
ohean eserita, modu komiko batez nengoen erdi jantzita eta kale aldera begira. Samuel gona gris zabal hura bilatzen ari zen eta nik nire izter bat kareziatzen nuen. Beste aldera begiratzen nuenean komodako kajoi guztiak irekita zeudela ikusi nuen eta Samuel gauzak mugitzen ari zen, zerbait aurkitu nahiz bezala, artega, mugimendu azkarrak egiten. Gona ipini zidan eta ohartu zen bi braga jantzita nituela eta toallatxoa hankartean, lotsa sentitu nuen bere begiradaren azpian, "zertarako.." hasi zen esaten, "ura ateratzen da oraindik", ni tontotua nengoen zeharo, neskatxa ttipi bat sentitzen nintzen, egia esan ez nuen 20 urte baizik, baina bost banitu bezala sentitzen nintzen. Samuelek egiten zuen dena, buelta eman eta beste toallatxo bat eta bi braga garbirekin etorri zen, ipini zizkidan leunki esponja batekin hankartea garbitu ondoren. Jantzita egon nintzenean eta beharrezko ziren gauza guztiak hartu ondoren hegaletan bezala atera ninduen Samuelek. Kalera ailegatzen ari ginenean neguko hotza gero eta biziagoa zen, gero eta gehiago sartzen zitzaidan hezurretaraino, elurraren kapa txuria itsusia, traidorea iruditu zitzaidan, ez nuen ikusten inolaz ere besteetan bezala kolore honek duen atsegintasuna, Don Agustin bere kotxe beltzean itxoiten ari zen eta nik minak nabaitu nituen berriro, ibiltzerakoan ez erortzeko laguntzen ninduen Samuelek, "beldur naiz" esan nion eta berak burua mugitu zuen, ezkerretik eskubira, bi aldiz, imintzio lasaigarri bat eginez, Don Agustinen kotxerantz gindoazelarik, Seat 1.500 bat orduko onenetako bat, penaz bezala begiratzen zidan Don Agustinek, ezin nuen sinetsi berak eramango gintuela, "ikusiko duzu nola aterako den ondo" esan zidan eta bion artean lagundu zidaten kotxera sartzen, Samuel nire ondoan jarri zen atzean eta herritik atera ginenean Casilda ikusi nuen leihotik begira baina nik bestaldera begiratu nuen, elur malutak hasi ziren berriro erortzen eta nik Don Agustini esaten nion "azkar", ez zen besterik entzuten motorearen hotsa salbu, Samuel nire ondoan, beldur nintzen kotxea ez ote zen irristatuko karreteran zegoen elurrarekin baina ez zen holakorik gertatu, ondo ailegatu ginen. Bidajean beste bi kontrakzio gehiago izan nituen, bakoitza ordu laurden baten buruan gutxi gora behera, eta oinazea sakona izan arren ez nintzen batere kexatu, ez nekien nik zer zetorkidan edifizioaren pareta gris eta tristeak gauaren oihaletan noizbait ere ikusi nituenean. Sartzeko ate zahar haiek, diktadorearen erretratua topatzen duzu lehenengo paretan, ziklope begirada horrekin, lavativa bat izan zen hospitalean egin zidaten lehen gauza, erditzerakoan kaka ez egiteko, Samuel ez zuten pasatzen utzi ni sartu ninduten gelara, "sala de dilatación" delakora, han egon nintzen bakar bakarrik ez dakit zenbat denbora, ez nekien ondo bakarrik egotea zer zen ordurarte, kontrakzioak gero eta ugariagoak, hotza egiten zuen sala hartan goizeko ez dakit zer ordutan, hara sartu eta berehala emaginak behatzak sartu zizkidan, mina egin zidan, han egon nintzen ordu erdi bat edo, kontrakzioak azkarragotu egin ziren, 10 minuturo, 5 minuturo, 3 minuturo, sabela gogorra nuen, harria bezalakoa, bultzatzeko gogoa nuen, iruditzen bait zitzaidan atera nahi zuela umeak eta oihuka hasi nintzen, alde batetik minagatik, larritasunagatik, beldurragatik bestetik, ea entzuten zuten nitaz ahaztuta bait ziruditen, behin eta berriro pentsatzen nuen nire amaz, zenbat desiatzen nuen nire ondoan egon zedin, nire bila agertu ziren azkenean, oihuengatik segur aski, emaginak beste "tacto" bat egin zidan, gorrotatu nuen haren esku lodikote baldarra, haren bigotetxoa, haren loditasun lasai eta oharkabea, sentikortasungabea, "sala de partos" delakora eraman ninduten, bestea bezain hotza zegoen gela hartara, ez zuten kalefakziorik eta orduan ontzi batzu alkoholez beteta jarri zituzten, haiei sua eman ondoren gela pixka bat berotu zen, baina nik pentsatzen nuen zer nolako kontrastea izango zen umearentzat nire gorputz berotik gelaren hotzera pasatzea, hori pentsatzen ari nintzenean esan zidan emaginak "ordu hauetan molestatzera etortzea ere", hori esan zidan bere loditasunetik, bere esku lodiak mugitzen zituen bitartean, ile motza zeukan eta bere aurpegi potoloa hasieran baino nazkagarriagoa iruditzen zitzaidan, nik zerbait esan nion eta beste emaginak parre egiten zuen begiratzen zidan bitartean "letxe txarra du neskatxak, eh".
Zeharo ridikula sentitzen nintzen erditze-mahai hartan hankak gora irekita burni haietan kokatuta, har ezazu ahal duzun aire guztia, ez bota, altxa burua, ukondoak goraka, bultzatu, mahaiko maratilak heldu indar gehiago egiteko, esaten zidan, estutzerakoan esponja batetik bezala ateratzen zen likidoa nire gorputzetik, oihu egiten nuen eta bi emaginek insultoak botatzen zizkidaten, "zure senarrarekin egiten zenuenean ez zenuen oihurik egingo ezta? ba orain aguanta ezazu", esponja bat nintzen, ipurdia mahaiean finkatzeko, ez altxatzeko eta insultoak berriro, ez dakit zenbat denbora pasatu zen umeak burua atera zuen arte, eta gero sorbaldak, vagina-hasieran moztu zidaten pixka bat ezkerrean, goitik behera ez urratzeko, ni ez nintzen horretaz gehiegi ohartu, azkenean umea atera zidaten zeharo, nire inpresioa zen olagarro bat bezala ateratzen zidatela vaginatik, eta gorputza bi partetan banatzen zaizula iruditzen zaizu, nire ama nahi nuen, eta Samuel, neska zela esan zidaten, ordenarik gabe gogoratzen dut, nola atera behar izan nuen plazenta, ze amorrua dena bukatu dela uste duzunean berriz bultzatu behar izatea plazenta kanporatzeko, hiru aldiz bultzatu berriro, "oso gaizki portatu zarela esan didate" gizonezko ahots bat, puntuak eman behar zizkidala, lehen moztu zidaten lekuan, "baina anestesiarik gabe ea hurrengoan hobeto portatzen zaren".
Gero ohera berriro, hotzikara izugarria sartu zitzaidan, toalla bat jarri zidaten pubisean hemorragia arriskuagatik, gogor estutzeko esan zidaten eta azkenean agertu zen Samuel, neska da, nora eraman dute, esan nion, niri ez zidaten ikusten utzi, eta gogoratu nintzen batzuei txuringodolak ateratzen zaizkiela erditu ondoren.
Nire alabatxoari begiratzen diot orain eta pentsatzen dut, berak jakingo balu zenbat kostatu zitzaidan jaio zedin, horregatik pentsatu egiten dut maiz emakumeek ezingo zutela gerra bat egin, semelabarik izan dutenek esan nahi dut, gizonek erdituko balute ez litzateke gerrarik egongo, gizonek jakingo balute zenbat kostatzen den...
Etorri ona Marta! esaten diot, ezen zilipurdika bait dabil lurrean beste haur batzurekin jolasten, korrika luzeak eginez eta algaraka zikinduko zara eta zertarako arropa garbia jarri, egunero berdin jantziz gero ez litzateke nabaituko, jarri orduko zikintzen bait du, baina hobe bai zikintzea eta ez lotuta egotea egun guztia ni bezala.
Zenbat urte ditu? esaten dit aldameneko andreak, emakume heldu bat, 45 urtekoa edo, lodia, irriparre umil eta apala, begi urdin politak, lasaitasuna aurpegian.
Bost.
Polita dago.
Bai esaten dut begirada alferra nire alabatxoarenganantz hedatzen dudalarik.
"Hurrengoa" esaten du enfermerak, jaikitzen naiz. "Marta, etorri Marta" eta sartzen gara medikuarengana. Oso serio dago, begi borobiltxoak, paretan diploma, ni urduri nago, beti egoten naiz horrela medikuekin, intimidatzen nautelako, kikilduta sentitzen naiz beti, ixten da atea gure atzetik, eseritzen gara, hasten da hizketan oso leunki, azaltzen dit oso modu arinez fisiologikoki zeharo ondo nagoela, beste umerik euki nahi badut alde horretatik ez dagoela problemarik, problema nire buruan dagoela, ez diot ulertzen zer esan nahi duen, eta galdetzen diot zergatik, "zergatikan zuk daukazun antzutasuna psikogenoa da" esaten dit, Marta erditzerakoan geratu zitzaizkidan eta esan zizkidaten gauzengatik, pastu nuen terroreagatik, ezin dut berriz ere haurdun gelditu, analisiek ez dutela besterik azalten, fisiologikoki ondo nago, psikologo batekin senda litekeela, gauza hauek berez ere sendatzen direla askotan, denbora pasata, eta jarraitzen du hizketan horrela, oso serio, monologo luze bat, niri esplikazio tekniko guztiak axola izango balitzaizkit bezala. Eskua ematen dit azkenean, ordua ematen dit beste egun batetarako, Marta hartzen dut eskutik, agur, agur, ateratzen gara kalera, eguzkiaren argia aurpegian, arnasa hartzen dut sakonki.
|