L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Plazara aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Plazara. 9 zkia. (1987-abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

—Hitz lauz—

 

Gau errean

 

Anjel Lertxundi

 

Tabernaraino segitu diot Miravallesi. Kristal biselatuko atea haren gibelean itxi denean, kanpoan geratu natzaio, zigarro bat ezpainetan, zain. Beste zigarro bat. Hirugarrena ahitzera irten da Miravalles, ate biselatua ireki, kanpora begiratu eta hats bafada irmoa botaz ahotik. Tabernaren eta alboko etxearen artean dagoen eskaratze txiki baten babesera izkutaturik nintzen ordurako.

        Kaiaranzko bidea hartu du, pauso gero eta seguruagoez. Urrutitik jarraitu diot, inoiz haren bizkarra begi bistatik galdu gabe. Adreiluzko etxe hondatuen gainetik garabi haundiak ikustatzen hasi direnean, ezker aldera irekitzen den bidexka ilun batetara izkutatu zait. Hormara arrimaturik inguratu naiz neu ere, nire jertze erosi berria adreilutako hondare gorrixketan hausduz. Ate batetan kontraseina ziruditen pare bat kolpaldi eta, ondoren, ¿quién es? iruditu zaidan galdera, lehor gau beltzak beltzagotzen dituen etxadi haietako ilunpetan. Neska baten ahotsa zalantzarik gabe, edo hori orain dakit, garraixi bat entzun eta Miravallesek jotako ate ondora korrika joan eta Mabel topatu dudanean lurrean kordea galduta. Miravalles, bitartean, garabiek osatzen dituzten itzal espektralen arteko beste itzal galdu bat besterik ez zait bihurtu eta mekaguen!, Mabel jasotzen ahalegindu naizenean, zerbait bustia sentitu dute nire behatzek neskaren bizkarrean. Metxeroaren argia haren bizkarrera inguratu dudanerako nekien odola beti izaten dela gorria. Bi masaileko eman dizkiot neskari, baina erreakziorik ez eta arrastaka eman behar izan dut leiho batetik irriztatzen zen argi exkax baten pera. Beste bi masaileko. Mabel! Begiak erdizka irekitzearekin batera ahoa ere zabaldu zaio, borobil, oinaze keinu nabarmenean. Mabel! baina begiak itxi ditu berriro. Gertuena nuen eskaratzeko interfonoko tinbre guztiak jo ditut, behin eta berriro, urduri. Leiho ugari argitu zaizkio, kolpeka, etxadi beltzari eta ¿Qué pasa?ka hasi denean jendea, laguntza eskatu dut, neska bat dagoela hil zorian, ez nuen hala zenik uste baina dramatismoa eman nahi izan diot nire erreguari, eta jendea kaleratu denerako neu izkutatu naiz handik ehun bat metrotara anbulantzia bati deitu diotela ohartu naizen arte sirena batzu entzutearekin batera. Eta, gero, gogo haundirik gabe baina, Mister-en pubera inguratu naiz. Berandu zen eta erretiradak nagusitzen hasi zaizkionean bakarrik sartu naiz bertara. Mister-ek kaso putik ez eta Eliasek bakarrik izan du nireganatzeko ausardia. Edo enkargua, hori ez bait da inoiz jakiten Mister-ekin. Non habil? Eliasek, baina nik ez diot zer axola zaik! erantzun, whisky bat hartuko nikek gustora, holaxe, erreguka eta herabe, irrifarra okertu zaio Eliasi eta kolpe bat eman dit bizkarrean, baina ez lagunarteko, koittadukideengana buelta nadila erregutuz bezala baizik, eta, nik, orduan, badakizue ez dakidala neure burua kontrolatzen, paparrean ongi amildonaturik eramaten duen alkandora zuri deitoragarri horretatik heldu diot, whisky bat eskatu diat; eta mila pezetako bat sartu diot harriduraz babo borobildutako ahoan. Ez diagu erronkarik nahi entzun dut Mister-en atso histeriken ahots etena baina Elias barraren bastekaldera joan eta whiskya zerbitzen hasi zait.

        Barrara inguratu naiz neu ere. Aurrean duen kristalean ikusten nituen Mister sua begitan, parrokiano exkaxak neskei azken xirri lardatsetan eta dena ezabatu dit Eliasek aurez aurre plantatu zaidanean whiskyaz. Tragoxka bat whiskyan eta oroitzen naiz neska bat eskatu diodala Eliasi. Eta orduan erori naiz lurrera, ziplo.

        —Nor da Miravalles?

        —Nik al dakit...

        Jode, nahikoa da, apartatuko al didazue lanpara hori?, nik es dakit Miravalles horretaz ezer, ai! Dios!, orain dela astebete ezagutu nuen, Mister-en partetik presentatu zitzaidan, konpetentzia, badakizu, jenero ona omen zuen, kaka zaharra, sikiatrikoan daude Mabelen pisuko bi, horregatik jarraitu nion, Mabelek bere kontra deklaratuko zuela esan zizuenetik, zer moduz dago Mabel?

        —Deklaratuko al duk heuk ere?

        —Ez dakidala nik ezer...

        Aaaa, dioosss, es dakit ezer gehiago, benetan, Mister-ek kontrolatzen du dena, es dakit gehiago, dosiak jaso eta dosiak partitu, ez, azkazaletan ez!, nire razioa irabazteko adina.

        —Ba al dakik zergatik ez hauten garbitu?

        —...

        —Geu azaldu garelako.

        —Eta Mabel?

        Depositoan? Ez, ez da posible. Arrabal, 59. Horko pentsio batetan egin du lo bart Miravallesek Bartzelonatik etorria da, ez dakit zein asmorekin. Eta Mister, berriz...

        —Ez hadi Mister-etaz arduratu.

        —Harrapatu egin al duzue?

        Baleee, a-a-aiii, mesedez, gehiago ez...

        —Gezurretan ari haiz!

        —Komoaidios ezetz, egia da esan dizuedan guztia.

        —Heuk garbitu duk Mabel!

        —Garbitu? Nik?

        —Ah, hombre, Miravalles, pasa hadi aurrera, begira zein daukagun hemen.

        —Taberneraino segitu dit Miravallesek. Kristal biselatuko atea neure gibelean itxi dudanean...

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.