L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Plazara aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Plazara. 6 zkia. (1986) —Hurrengo artikulua




 

 

—Hitz lauz—

 

Gertrud-en eritzia

 

Juan Luis Zabala

 

Motxila handia bizkarrean zuela agertu zen neska gazte ilehori bat Iverst-eko enparantza nagusian udaberriko goiz epel eta argi batean. Hutsik zegoen enparantza, ez zebilen inor inguruan. Motxila aulki baten gainean utzi eta motxilaren ondoan eseri zen neska gaztea. Bere begiradarekin enparantzako bazterrak erreparatzen hasi zen astiro, hasperen sakon baten ondoren.

        Geroxeago mutil gazte beltzaran bat agertu zen enparantzan. Neska ilehoria eserita zegoen aulkira zuzendu zituen bere urratsak.

        — Kaixo, egun on.

        — Bai zuri ere.

        — Eseri egingo naiz, axola ez bazaizu.

        Mutua neskaren alboan eseri zen neskak ezer esan gabe.

        — Ni egunero enparantza honetara etorri eta aulki honetantxe esertzen naiz. Ederra da enparantza hau, batez ere iturria eta bere etengabeko ur-jario gardena. Ordu honetako ixiltasunean ederki egoten da hemen.

        Ixilik geratu ziren biak aurrerantz begira. Beltzaranak ilehoriari begiratu eta berriro hizketan hasi zen. Neskak aurrera begira segitzen zuen, mutilari begiratu gabe.

        — Nondik zatoz?

        — Urruti samarretik.

        — Bai? Sendler-etik ala urrutiagotik?

        — Urrutiagotik, noski.

        — Nondik bada?

        — Ez du axolarik horrek.

        — Zergatik ez didazu esan nahi?

        — Zergatik esan nahi beharko nizuke bada?

        — Tira, ez dakit. Nahi duzuna, Ni Eric naiz. Iverstarra. Arotza. Eta batzutan poeta... Bai, poesiak egiten ditut. Gustatzen al zaizu zuri poesia?

        — Ez asko, egia esan.

        — Zeuretzat kalte, neskato... Nola duzu izen?

        — Gertrud.

        — Izen polita... Benetan.

        Ixilik geratu ziren biak une batez, enparantzan sartu zen ume koxkor bati begira. Baloi txiki bat eskuan zuela, umetxoak Eric eta Gertrud eserita zeuden aulkiaren aurrean hogeitamar bat metrotara zegoen iturrira jo zuen astiro, eta ura edaten hasi zen.

        — Hara, errepara ezazu ume koxkor hori esate baterako —hasi zen hizketan berriro Eric—. Ez al da ederra benetan ikusten ari garena? Udaberriko goiz eder honetan umetxo txikia enparantza hutsean ura edaten, ur freskoa, ur garbia, ur aratza. Pintatzaile handi baten koadroa ikustea bezain miragarri deritzait. Zirgitaldi berezi batek eragiten nau orain, negar egingo nuke, hain nago hunkiturik. Erabateko garbitasunaren irudi aratz honek poeta sentierazten nau, Gertrud, hori dun poeta izatea.

        Umea, ura edan ondoren, baloiarekin hasi zen batetik bestera jolasean, baloia ostikoz ormaren kontra jaurtikiz batzutan, eskuekin boteak eginez bestetan. Tenore hartan lohikartzeko urdin batez jantzitako langile batek zeharkatu zuen enparantza zigarro bat erreaz. Ondoren kamioi bat agertu zen fruta kaxaz beterik. Bikote bat pasa zen gero eskutik helduta.

        Eric-ek egoera berria irazkindu zion Gertrud-i.

        — Akabo gure irudi poetikoa! Umeak edan din ura. Langilea pasatu dun, gero kamioia, bikotea... Orain auto bat zetorren, agure bat ere azaltzen dun iturri ondotik, eta laster, egunero bezala, hemen izango ditun udaltzainak beren autoan. Orain agureak ura edaten din. Hori bera bakarrik ikustea ere ederra izan zitekeenan baina orain dagoeneko ez din balio.

        Udaltzaingoaren autoa azaldu zen orduan eta enparantzaren mutur batetan geratu. Hiru udaltzain jaitsi eta behebarru batetan sartu ziren.

        — Hemen ditun azkenik, egunero bezala, udaltzainak ere.

        Hasperen baten ondoren hizketari ekin zion berriz ere mutil beltzaranak.

        — Ederra hunan umea, enparantza hutsean bera bakarrik, ura edaten. Maitagarria. Ume hura ikustean bizitza gauza ederra dela sentitu dinat, edertasunaren aurrean poetak sentitzen duen zirrara pozgarria sentitu dinat. Baina bizitza ez dun horrelakoa. Geroragoan ikusi dinagu. Ume zintzo maitagarri hori inguraturik zegon, eta baita ur garbi hori ere, egunerokotasun grisez eta zikinkeriaz inguraturik. Zer iruditzen zaidan, Gertrud? Ez hadi ixilik geratu nire hitzak entzunez, entzun egiten baldin baditun behintzat. Esan iezadan zer pentsatzen dunan.

        Mutil beltzaranak neska ilehoriari begiratu zion, ea ezer erantzuten ote zion edo. Gertrud, ordea, motxilaren poltsikoetan zerbaiten bila hasi zen ezer esan gabe. Umeak iturrira jo eta ura edaten hasi zen berriro.

        — Orain umeak berriz ere ura edaten din, baina dagoeneko ez dun lehen bezala. Enparantza zikinduta sentitzen dinat, ura ere kutsatuta, eta umea zikinkeriara kondenaturik.

        Mutilak hitz hauek esaten zituen bitartean, neskak motxilaren poltsiko batetik pistola atera zuen, umeari destatu eta burua zulatu zion.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.