Iparraldeko poesigintza
Sua
Jon Casenave
(1958)
Amorio, amorio
zure adoratzaile nasaia
izana naiz anitzetan.
Bainan behar dut aitortu,
nauzula aldi honetan,
bihotzeraino larrutu.
Zuek
oroimen efemeroak
iduzki gorrian
ene ihizi bakarrak.
Arratsaldeko argi dorpean
erleak erne dabiltza.
Zama ezin jasan, denek,
jende ala abere,
itzala bilatzen.
Haize hegoak
ahurrean bildua
lur egarria
Uda minean
aspalditik nago
hauts egina
Larre honen iratzean
sugeak bilduak dira
larrua berritzerakoan
ezin egonak bait dira
Ene malenkonia,
harezko erresuma,
jastatu ote dut
hire bizkarraren ederra?
Nagok ez dudanez
hire baitan galdu
gelditzen zitzaidan
izan apurra.
(Ordu alferren segida)
|