Iparraldeko poesigintza
Manex Erdozainzi-Etxart
(1934-1984)
Ttortta ttortta ala burrustan
hirekin narabilak oren luzeak, luzeak
egunak eta egunak, ezin aspertua
borroka gogorra bere beroan
eramaten duen herri honen betan
niabilak goibel, urduri, isil-isila
hire musika hautsian murgildua
xenderaz-xendera
gaur...
kalez-kale umezurtza erne doa
tiroz hil eguneraino
mendiz-mendi bere aita zihoan bezala
aitaren orroimenaz
begi bustiak
amaren babesean
xukatzera
kalez-kale
umezurtza
doa...
borrokaren bakartasun latzean
haiduru dagoen andre baten intziriak
tiroak eta gartzelak
umezurtzen negarrak
lagunen berriak
lagunen irriak
galtzen dira
kalez-kale...
Noizetik noizera
niabilak kezkati
nork zituen nahasi
erloien orduak?
Nork zion ebatsi
herri alai honetan
azkorria gauari?
Nork zuen hil zorian
gure herri zahar hau
maitasun gabez ukatu?
Nola euri uharrak
gau izartsuen lilluran...
halaxe borrokaren ukaldiak
egunak gauean galdu dituen
herri zahar honen
hezur-mamietan!
Herri zahar honen
borroka erraietan
ahanzten ziazkidak
munduko erlojuaren
oren banatuak...
noizetik noizena...
(Herri honen erraietan)
|