Inork kasorik egiten ez bazion ere, maite nuen benetan agure xahar hura. "Hori burutik jota zegok; horrela jarriko haiz herori ere" esaten zidaten lagun eta familiakoek. Baina, berarekiko solasa oso laket zitzaidan. Jakina, haren hitzak ez ziren zeharo zentzuzkoak; beste dimentsio batetan isuritakoak zirela esango nuke; neri, ordea, atsegingarri egiten zitzaidan haren mintzoa. "Ilustrazio kixkurrezkoa", zioen.
Badakit Kaxkabera (hala deitzen zioten) literatotzat hartzea trufagarri izango litzatekeela askorentzat, baina beraren omenez, berriki hila bait da, grabaturik daukadanaren zati kuttun bat argitara eman nahi nuke. Bere erotasun xamurra ez ote zen gure mundu hau baino zentzudunago?
"Begira motel: zerurik ez zegok. Ilargiaren inguruko ezerezko loresoro batetara joaten dituk hildakoak, ezerezko bihurtzen direnean. Mundu fisikoaren ezerezaz ari nauk noski, eta badakik.." zioen. Bihoakio, ezerezko arrosa sortan tolesturik, izarretaraino doakeen oroitzapen hau.