Hitz neurtuak
Santiotarrak arraun taldeari
Jesusmari Mendizabal
Irunek badu talde bikaina,
zitzi onaren saldea,
hoberik inon ote dabilen
horra hor nere galdea.
Jokatzen duen bazter orotan
bigarrenari aldea,
sekulakoa dugu Irundarrok
"Santiotarrak" taldea.
Gazte nahiz heldu, arraun lanean
denak dirade artista,
ez ikusteko iluna behar
gure begitako bista.
Nola liteke gaxte jendea
horren indartsuki lista?
nola liteke Bidasoatik
horren aguro irrista!?
Batelak edo diren untziak
daramatzate eroso,
mutur batetik helmugaraino
zuzenean doaz oso,
joku aldia nonnahi dela're
Irunentzat zein ondroso,
lanak gogorrak dituzte baina
frutu emana zein gozo!
Bat jai eguna, lanerako sei
izan ohi ditu asteak,
badu berea arrats luzetan
arraun lanetan hasteak.
Onezko jairik ez dakar inoiz
aste egunik uzteak,
arrunt dabilen kirolariak
erdi ustelak usteak.
Nolapaitean izenak ere
ekar ditzadan honuntza
ustekabean sortzen ez bazait
memoriaren iluntza:
Kike eta Josuk sentitzen dute
Karol Lozaren laguntza,
Zelesek eta Konpadrek ere
pattal denari bai bultza!
Piraguetan eskuak palaz,
atze-oinetan bi ohol,
behar da hortxe bihotza
gainez egiteko adin odol.
Konpadrerekin hor dago Kike
entrenatzaile egoki txol,
ez dira alferrik txapeldun bikain
Irene eta Marisol.
Arraunekoa bere lanean
ez da kuadrila faltsua,
indarrez eta amorruz ere
piraguen igualtsua.
Alde batetik Inazio bi,
Josu ta Karlos Alsua,
Arellano ta Diaz anaiak
a ze laukote ahaltsua!
Muga-zubitik Faisan irlara,
bai inoiz ere itsasoz,
arraun kolpetan urremanari
aupaka sendo erasoz,
gorputza sano mantentzearren
lehia non den, hura soz...
baina fans denak konta daitezke
lau lagun eta gurasoz.
Kirol munduan gaurko egunez
zoritxarrez zenbat timo!
gutxi dabiltza zuek bezala
ixilean baina irmo.
Ez bait duzue alferrik bildu
arraunean hainbat kimo
urte luzetan jarrai zazuen
denon partetik alimo!!
Santiotarren kluba ez dute
osatzen gazte lizunek
baina zuetaz solas laburrak
herriko zenbait hiztunek.
Europan zehar goraino jaso
bait dute zuen arraunek
nekez emango dizue inoiz
eskerrik aski Irunek.
|