L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Pamiela aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Pamiela-14 (1992-negua) —Hurrengo artikulua




 

 

Etsidamu

 

Juan Martin Elexpuru

 

"Normaltasuna da nagusi gure eskualdean joan den asteko atentatu eta lapurretan ondoren. Laser sareak iragazi eta gure lurraldean sartuak ziren 29 gizatxar bizigabetuak izan dira azken orduetan. Dagoeneko 3.770 dira gure eskualdean aurten bizigabetutako gizatxarrak, % 15,30 gehiago iazko urteko epe berean baino.

        Bart guraso batek tiroz hil ditu bere seme-alaba gazteak ezbeharrez. Gauean zarata bat entzun zuen haurren logelan eta lapurretara sartutako gizatxarren bat zelakoan su egin zuen ilunetara. Egindakoaz jabetu zenean bere buruaz beste egin zuen eskupeta babera erabiliz. Ugari dira aspaldi honetan era honetako istripuak eta Babesgo Zibileko komandanteak berriro gororazi du ondo ziurtatzeko babes-iskiluak erabili aurretik.

        Estatuko berrietara pasatuz, Muga ministeritzako iturri ofizial batek deklaratu duenez gizatxar uholde berriak ari dira heltzen Eurusako mugetara bai lurrez eta bai itsasoz. Ez dago kezkatzeko motibo txikienik ere, gure muga eta itsasertz guztiak inguratzen dituzten laser-sare ikustezinetan bizigabetuak gelditzen baitira gurera sartu aurretik. Gaur jakitera eman denez, 50.000tik gora izan dira aste honetan neutralizatutakoak. Hala ere litekeena da gutxi batzuk sarea iragazia izatea eta berriro ere gogoratu beharra dago segurtsun neurri nagusia: kolore ez-zuriko norbait janari eske badatorkizu poliziari deitu berehala edo zeure esku dauden bitartekoz neutralizatu. Jakina da gose itxurak eginez hurbildu ohi direla gizatxarrak, horrela gizonen gupidaz eta borondate onaz aprobetxatuz beren izu-ekintzak errazago burutu ahal izateko. Uste da asko eta asko esku-bonba kimikoz armatuak datozela eta aditu militar zenbaitek dioenez intxaurraren tamainuko bonba atomikoak ere detektatu dira, ertz hau konfirmatu gabe badago ere.

        — Aitona, aldatu katea, marrazki bizigabeak ikusi nahi ditut eta.

        — Ixo!

        — Beti telegunkaria. Aspergarriagoa da... Misilman ikusi nahi dut 117. katean.

        — Kulpa geurea duk —esan zuen aitonak mutikoari kasorik egin gabe, zigarro mutxikina zapalduz—. Bere egunean denak garbitu izan bagenitu, denak txiki txiki egin... Akordatzen nauk hiru tankek, hiruk bakarrik, nereak eta beste bik nola txikitu genuen herri osoa. Hura zuan aintxintxinka egitea hura... Euliak bezala jausten zituan.

        — Beno aita, gaur ez daukat umorerik zure betiko historiak entzuteko; hazaina galanta esku hutsik daudenak txikitzea.

        — Zer uste duk ba hik? Beraiek ere bazizkiaten armak eta mundu osoa konkistatu nahi ziaten.

        Aita-semeen ohizko eztabaida aprobetxatuz mutikoa Misilman ikusten ari zen. Une hartan gizatxarren esku zegoen soldadu gizajo bat erreskatatu berria zuen hiri osoa kiskali ondoren.

        Aitonak zakar kendu zion eskutik urrutiko mandoa eta botoiari sakatu zionean bi gazte gorbatadun ari ziren aurkezlearen galderei erantzuten. Jon Koldo Astaburuaga eta Joseba Andoni Dudagoitia bio-injenari gazteak asmazio iraultzaile bat azaltzen ziharduten. Esplikatu zutenez, orain mugetan ditugun laser-izpi sareak ez dira nahi bezain perfektoak. Izan ere azalaren pigmentazioaren arabera aktibatzen dira laser bizigabetzaile hauek eta hau dela eta, beltzaranegi zegoen pertsona ugari hilik gertatu da tamalez. Zuritze kanpainak frutu haundiak eman dituen arren emaitzak ez dira inoiz erabatekoak izango... horregatik, asmatu berria duten aparatuaren laser izpiek egitura biomolekularraren analisi zehatza egin ondoren —3 zentesima irauten duena— aktibatzen dira. Arraza zuriaren eta besteen arteko diferentzia biomolekularrak ikertu ondoren gauzatu da babes-tresna harrigarri hau. Atxilotutako gizatxarrekin esperimentatu da, oso emaitza onekin. Uste da % 80an gutxituko direla sistima zaharrarekin gertatzen ziren ezbeharrak."

        — Piztu dituk ateko alarmak? —galdetu zion aitonak aitari.

        — Bai.

        — Eta leihoetakoak?

        — Baita —erantzun zion gogo txarrez? —Eta ganbarakoak?

        — Sandios! Eta zuk hartu dituzu nerbiotarako pastilak?

        — Gazte bizi zarete zuek, gazte. Zuengatik balitz lurpean ginustan aspaldi.

        Aitonak arestian bezain zakar kendu zion berreskuratu berria zuen mandoa mutikoari eta hau betosko ilunez furrustaka joan zen lotara. Telegunkarian Erbesteko berriak ematen ari ziren. "Eurusako gudalosteak bukatutzat eman du B-17 zonaldeko gerratea. Duela hogei egun piztu zen matxinada erabat suntsitua izan da. Gure estatuko Guda Jeneral Gorenak aditzera eman duenez, B lurralde beltzean indarrean dauden 25 gerrateak kontrolpean daude eta epe laburrean amaitzea espero da. H lurralde horian berriz, azpimarratzekoa beste altxamendu berri bat H-132 zonaldean. Indar gutxikoa dela eta kinta-dei berrien beharrik ez dela izango deklaratu dute bozeramale militarrek. Garai baten hain gatazkatsua izan zen A lurralde arabea, ostera, ia baketua dagoela eta dauden istilu uneak garrantzi gutxikoak direla esan dute iturri hauek. Bestalde, X lurraldean, aintzinan Hegoameriketa deituan, kokatua dagoen "Basamortuko Kakalardoak" gudatalde famatua laster itzuliko da Eurusako baseetara. Aditzera eman denez, jada ez du interes estratejokorik desertu ikaragarri horrek eta soldaduen ur eta janari hornikuntza ere arazo latza zen azkenaldi honetan.

        Berriro ere etxera bihurtuz, gaur gauean hasiko da gure eskualdean 6. Desgizatxartze Kanpaina. Besteetan bezala janari pozoinduak jarriko dira bazterretan eta hau dela eta argi ibiltzeko gomendatzen zaio populazioari eta kalean topatzen duen ezer ez jateko. Orain arteko kanpainak arrakastatsuak izan badira ere, ehundaka dira oraindik gure eskualdean ezkutatuta bizi diren gizatxarrak. Gogoratu heriotz zigor berehalakoa aplikatu ohi zaiola gizatxarren bati laguntzen dionari."

        Telegunkaria bukatu zenean lotara joan zen aitona. Iragarkiak hasi ziren telebistan. Neska eder zuri-zuri bat agertu zen edurretan pasiatzen, ahots ezti eta sarkor batek zera zioen bitartean: "Edurmilk, azala zuritzeko krema berria, Edurmilk, azala zuritu hidratatuz. Bizi zaitez eder eta seguru; ez zaitzate1a edozeinekin konfunditu. Edurmilk, edurra baino zuriago."

        Iragarkiak jarraitu zuten baina ez zuten jada ikuslerik. Gizonak burua mahai gainean pausatu zuen besoak bigungarritzat hartuz. Honetan ibilgailu baten burrundara sentitu zuen etxe aurrean gelditzen eta handik puntuko abiatzen. Burua tentetu eta ixtant luze-labur bat igaro zuen begirada galduta. Jeiki eta atera zuzendu zen. Laster zen sukaldean eskuan esne botila bat zuela. Armariotik ontzia atera eta bertara hustu zuen. Gero hiru katilu jarri zituen mahaian hurrengo eguneko gosarirako.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.