Luigi Anselmi-ren Zoo Ilogikoa
Andolin Eguzkitza
Ez da oso amankomuna halako olerki-libururik aurkitzea, barruak eta bihotza irakiten jartzen dituena, ez da ohikoa inongo literaturatan, dudala ezin dut besterik esan: zoragarria da Luigi Anselmi ezizenaz poeta berri honek eskaini digun "Zoo Ilogikoa" deritzon liburua. Zoragarri eta arras harritzekoa, euskal parnasoan ikusten ohi ez den bezalakoa.
Hiru dira ene eritziz zentzazio horien oinarriak: erritmua, hitegiaren ederra eta lañotasuna. Akats bat aurkitzekotan, ordea, poemak hertsiegiak izatea litzateke, baina ez lar haatik. Gatozen baina emaro.
Euskal poesian oraino hain usu, herri-poesian ez bada bederen, ez dena: batasun erritmikoa. Hona hemen kasu paradigmatiko eta betegarria:
Ispiluaz bestaldean
usoak beltzak dira,
beleak dira txuri,
lehoia humil, ardiak
krudel ta osoa otzana.
Ispiluaz bestaldean
tximeleta zoroak
suaren adarretan
pausatu egiten dira
ta armiarmek dituzte
ferekatzen euliak.
Zoriontsuak ispiluaz
bestaldeko txoriak
zeren kaioletako
orma krudel guztiak
gardenak diren eta
teilatuak urdinak...
Ahots goraz irakur eta zentzazio extatikoa da. Eman dezagun, hirugarren lerroa eta azken-aurrekoa, lehenengoan dira aldizkariaren kokagunea dela bide, eta dingilizka geratzen zaigun eta hori azken lerroaren sarbide, bigarrenean. Eta hori irakurtzen hainbeste euskal poemen gabeziaz are konturatzenago gara, ez loturarik ez eta hasiera edo amaierarik ez dutenak, hain baitira ireki ezen ihes egiten dutela begien aurrean. Eta hainbestetan ere ezelako ardatz tematikorik ez dutenak ez irakurketa oinarrizko batetan ager daitekeena, behintzat. Zeren olerki baten ontasunaren frogantza irakurketa-aniztasunean baitatza nire ustez, alegia, idazleak sorturiko testuaren irekitasunean. Surrealismoaren arazorik latzena hori da izan ere, testuak, problema berba politez deskribatzeko, irekiegiak izatean. Eta are latzago dena, hori da hain zuzen ere, ez surrealista, ez ezer ez diren horrenbeste euskarazko poemen arazoa, ezer ez dutenak, ez batasun erritmikorik, ez irudi edo hizkuntza erakargarririk, ez eta inongo zertasun tematikorik.
Eta Anselmiren olerkiok berbegiratzean hiztegiaren ederraz eta hizkuntzaren lañotasun horrekin behingoan egiten dugu topo:
Elaiekin batera
heldu da bedatsa;
bere eskuak orrazten
zelaien adatsa.
Txorien kanta dantzut
baina ez zure urratsak.
Ene begietan sortzen
negarrezko latsak.
Inoiz ere pisu gertatzen ez dena, guztiz bestela baizik, arin eta laket, eta sarri askotan irripar baten sorburu:
Hareetan zurkaiztutako untziek
itsasoaren azal leuna
gogoratzerakoan
gilan hortzikara bat
sentitzen dute.
Hain zuzen ere hori izan liteke, hasieran aipatu bezala, akats bakarra, lantzen behin poemok herri-olerkitzaren antzera itxiegiak izatea, hots, eder izanagatik ere, lar sendotasunik gabekoak, "minor poems" baizik ez izatea:
Pozten naiz azkenik
zu ikusteaz,
begiek negar egiteko
besterik ez zutela balio
pentsatzen bainuen.
Judizio orokorra, edozelan ere, hasieran aipatutakoa da, arras liburu ederra behin eta berriro asper egin gabe irakur daitekeena. Agian, euskal poesiak beste itsaso amaigabeko bat aurkitu du Luigi Anselmi pilotu trebe eta ezezagun honen bidez. Hala biz.
|