Ta marbuta
Martin P. Egozkue
Jende gehien loak hartzen ez duenean, ardiak zenbatzeari ekiten dio, edo, hobe beharrean, pilulak hartzeari. Zenbaitek, ordea, polizi elaberriak idazteari antza, Kintanak tartean. Kintanaz mintzo izatea denbora alferrikaltzea besterik ez litzatekeenez, bere azkenengo nobelaz (?) arituko naiz soilik.
Irakurle zuhurrak seguraski hatzeman duenez, galdera ikurra ez da huts tipografiko bat izan, edo bestela har beza liburua eta irakurri ondoren adorerik baleuka aditzera eman biezagu bere eritzia. Euskal letretako mundu estu hau mafia tipi baten arauen esanetara mugitzen bide da, eta nolabait beldur gara idaskideak kritikaren akuiluaz astintzeko.
Badirudi denok salbuespen ohoragarriak badira ere inork ere ez izenpetutako isiltasun itun baten menean gabiltzala, noizbait lotsa garen arren lagun lausengarien gezur koipetsuak irakurtzean. Zer esan zuen, bada, Camino jaunak ARGIA-n TA MARBUTA aipatu zuenean? Penagarria benetan gorde zitzala entzute handiko argitaletxeek ez bermatutako liburuekin erakutsi ohi dituen agin zorrotzak.
Baina adarretatik aldenduz goazen harira. Denok ezagutua da X. Kintanak euskararen alde egin duena ez dela makala. Hara ere, bada garaia onar ditzagun geure akatsak eta mugak, baita, aldi berean, erdi-jainkoei dagozkien aldareetatik jeitsi gaitezen ere.
Hiztegigintzak eta literaturak hala nola azken honek eta gramatikagintzak zerikusirik ez dutela aldarrikatzeak ez digu minik eman beharrik. Honetaz konturatzeko Elsa Scheelen eta Heinrick Boll-en edozein nobela irakurtzea besterik ez dago.
TA MARBUTA nobela bat dela esateak gehiegikeria hutsa lirudike, zenbait puntu nimiñotan nobelekin bat badator ere. Israel-eko bidai ajentzia baten liburuxka agian, edo, gehienera jota, Sionismoaren apologia, zenbait sasiliteraturgile amerikarrek egin dituztenaren arabera.
Gaurregun ezerk ez du jadanik jendea parregarri uzteko ahalmenik, dirudienez; bestela arras ulergaitz zitzaigukeen liburuan agertutako amodiozko elkarrizketa batzuk (imajina itzazue amoranteen solasak non eta tartekatzen baitira aintzinako izkribuetatik jasotako salmo-zatiak, pikuezin dihardutela, hain zuzen ere) eta egileak berak zapimarratutako irazkin ergelak zeinek parre mingots eta amorru bizia, biak batera sorterazten dituzten irakurleengan.
Baina hor dugu liburua, ezagunak zaizkigun marrazkiez apainduta (Nola ahantzi ELKAR-ekoek Sarrionandiaren NARRAZIOAK izeneko liburuaren argitalpena paratzen zutenei esandakoa, hots, sail honetan ez zirela irudiak onartzen?), bata bestearen atzetik, Euskal Herriko eta Espainatar Estatuko sari guztiak jasoaz (Alajaina! zein eta kritikarena azkena). Badirudi basamortuan, garduak llore ederrak direla.
Bizi propioa bereganatuz elezaharretako mamutzarren antzera dabilkigu Euskal literaturaren mundu urri honetan, euskaldun berriek irakurtzeko dituzten apeta apurrak behin eta betikotz zapuztuz.
Gauzatxo bat, amaitzeko: bil dezagun, berandu baino lehen, diru puxka bat lagunen artean, Kintanarentzako lo-erazle batzuk erostekotan.
|