L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Pamiela aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Pamiela-9 (1985-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

L. Anselmi

 

                ISPILUAK.

                Mikel Hernández Abaitua.

        Zenbaitetan, altxatutakoan, eguneroko mundu aspergarriari aurre emateko prestatzen garen artean, gure begirada murgiltzen da mirailaz bestaldeko paraje lilugarri eta hatzemanezin horretan. Orduan, irten berri garen amets-hondamenetik Aliziaren abots eztia somatzen dugu, guri deika, bere erresumara iragan gaitezela gomitatuz. Hala ere, azkenean ur hotza garaile ateratzen da gatazka ttipi horretan, gabean eraikitako hare-gazteluak deseustatzen dituela eta goibel gelditzen gara, ispiluak bestaldeko leiho eta bortek nora jotzen duten jakiteke.

        Baina hona hemen abagadune horretan gure irudimenari laguntza ematera etorri den liburu bat, ISPILUAK hain zuzen ere. Mikelek erakutsi nahi izan dizkigu bertan idoro dituen mundu majikoak. Esaten digunez "ez dago mugarik ez kristalik ispiluaren mundua eta munduaren ispiluaren artean eta edonork trabesa dezake bere ispilua...... Eta horixe da liburua irakurtzean egiten duguna, bi zatitan banandurik bait dago. Lehenengoan ispiluaren mundua, pertsonaia xarmangarriz hornitua, elezaharretako errege zikoitz, printzesa eder eta suge beldurgarriak isladatzen direnekoa. Bigarrenean, aldiz, munduaren ispilua dugu: benetako pertsonaiak eta inguruneak, eguneroko arazo eta gorabeherak.

        Idazle gaztea dugu Mikel Hernández Abaitua, halabaina aski ezaguna jadanik, zenbait lehiaketetan saritua izan bait da azkenengo bost urte hauetan. Bestalde bere lanak —kritikak eta ipuinak batik bat— irakurtzeao aukera izan dugu Susa-n eta Oh Euskadi-n, hala nola 1983.ean Hordago-k ere plazaratutako bere lehenengo liburuan, PANPINEN ERREINUA alegia.

        Lehen esan bezala bi zati ditu azken liburu honek, eta bietako maitagarrien izan zaidana bigarrena da. Ez dut esango, ezta hurrik eman ere, bestea txarra denik, baina ipuin horien iturburua literatura denez, batzutan beste idazleen eragina nabarmenegia zaie, besteek duten freskura galtzen dutelarik. Horixe gertatzen da, esaterako, ISPILU-ARTISAUA izenekoan, non eta Sarrionandiaren ENPERADORE EROAren oihartzuna ukaezina bait da.

        Bigarren zatian, berriz, bizitzen duen munduko pasadizoak birsortzeko ahalmen miresgarriaz baliaturik, eta bere irudimenaren poderioz, aise lortzen du irakurlea hunkitzea. Miresgarria halaber idazleak duen gaitasuna pertsonaia batzurengan haragitzeko, berrien baitan sartuz. Horrela, gehien gustatu zaizkidanak NEGUKO IPUINA eta SEMAFOROAN izan dira. Ederrak benetan, bidenabar, eta sasiliteratura politikoan erortzeke, eguneroko bizitzaren errepresio nimiñoak —senarrarena emaztearekiko; gurasoena umeekiko— salatuz. Gainera, ez al dira, bada, hari mehe hauek bizitzaren soka itogarria txirikordatzen dutenak?

        Mikelek ez du konplejurik bat ere senditzen erderakadak erabiltzeko, momentu batean hitz berrien hutsa igartzen badu, edo inguratzen gaituen mundu konplexu honetako atalen bat izendatzeko premia sortzen bazaio, neologismo irrigarrietara jo barik. Literatoa da, eta literatur hizkuntza malgu bat eraikitzeko lanean dihardu. Bere liburua ez da gramatika edo morfo-sintaxis ariketaz osatutako adreilu bat. ISPILUAK ipuin laburrek, ongi landuek hornitzen dute, liburua amaitzen duzunean aho-sapaian zapore gezamina uzten dizutenetarikoek: bukaeraren mina, irakurriaren eztitasunaz nahastuta.

        Soldadutzan dugu orain Mikel. Hemendik egonaldi laburra eta itzulera lasterra opa dizkiogu bere lan berrien zain gelditzen garelarik.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.