Urkiaga'tar Estepan,
«Lauaxeta» zanaren aitamen
Martin Ugarte
Txori xotilla txiunka meeaz;
Mungia'n orrek kabia.
Lau aizetara oiartzun eztiz,
Eusko-lurrari jalgia.
Gaztetasunan eztarri zoli
lillurakorra zurea...
Ezti-liketan murgiltzen ura,
etzitzaizkitzun luzea...
Irmo ziñan-da, mendirik-mendi
egaraz ziñan txoria...
Ardi-larruzko otso-aldrakak,
kendu zizuten bizia...
SU-IZKILLU beltzak zarata.
Ospel Araba-zeardia.
Eiztari ankerrak ase-ta,
leendiko odol egarria...
Arresi barne illunkoa.
Emen, gorputz-illa dardarka...
Odol erreka bor-bor doa,
lur autsean biur-biurka...
Eta teillape zirkillean,
enadatxo bat artxuloan...
Dena ikusten ixillean.
Ixil, ta jasoaz zijoan.
Errukarria lotsa-lotsa,
begi-beteko malkoaz,
ereskidean odol otza
mokoka-mokoka jasoaz...
Jaso ta ereiñaz beingoan
inguru-zelai muskerrera.
Ore gordiñak naas daroan
azkarriaren arabera.
Ta txori minduan aal utsak,
geroarentzat etor-begi...
Eusko-lur, ta biotzak,
orra loretu txuri-gorri...
ZURI «LAUAXETA»
eskeintza urria.
Loreen eztia...
Biotz taupadaxka
xotillaz naasian,
BERPIZTE ALDIA...!
Izurriteak leenik kizkurtu, gero negu ozkirriak
zurtzaro barna zapuzgiroak, zigorpera gaitzeziak.
Geroztik or dira lore dizdiriak,
amildegi beera indarrez jaurtiak.
Zuk eman zenigun beingo batez, egitazko elburua.
Esaaldiaren joskera soillaz, muin-muiñetik ausnartua.
«EGUN OBEAREN DEIA DA NEGUA,
ITXARO BARIK EZ MAKURTU BURUA».
Zabalduriko sare estua, aberri-miñak erre du.
Moztu nairiko zain gaixokiok, orra berriro loretu.
Ta zure oroimena degula eredu,
belaun koxkor biez lurra jotzen degu!
BAI, «LAUAXETA»...
Belaun-gorritan auspez gauzkatzu.
Zure odola irentsi zuen lur ezkoan...
Lotsaz, baiñan esker oneko,
oroitamen xotil bat kolkoan...
...uztarpeko bizikera etsian;
askatasun giltzaren argi dizdira
Zeru aundiak...
Gogo-biotz, itxaromen oztin,
zure adin-aldiko sagar umotuok,
pipitta muxu-gorri gordin,
eta kukullu-zorroan direnezko
lore jaioperriak...
Agur eta goresmen,
antsiz urratzen luzaroan.
Egarazka beartuaren itxaroz
ortze urdiñera begira,
elkarrekin betiraundeko alki oparoan,
atseden dezakegunezkoan...
|