Ondarrutarkeriak
A. Zubikarai
Ea! Ea!
Ba dot
Bizkai aldean
erri txiki bat kutun
Ea.
Antxe
sentidu neban
biotza tuku-tukun
maitea.
Bertan
nigandu neban
nire bizi eraztun:
emaztea.
Ea...!
Maitea...!
Emaztea...!
Atxurrean
neban nekea
gerra galtzean...
ta maitea
Ean.
Espetxean
neban gelea
negu baltzean...
ta maitea
Ean.
Erbestean
neban etxea
ondorenean. ..
ta maitea
Ean.
Ta orra
nire
ames egitea
goiz-aldean
jaikitzean
Erbestea...
gerratea...
etxea...
maitea...
Ea...!
Ta orra
nire
ames egitea
illuntzean,
lo-naiean:
Ea...
maitea...
etxea...
gerratea...
erbestea...!
Ea!
Ondarrun kideko
itxas ertzea!
Lurrun bardineko
arnasea,
kezka berbereko
ustea,
gozo samurreko
elea...
Ta
neska garbien
kutxea!
Nik
eztakit zelan,
baña biotzak
laga nindun
aidean,
Ean.
Nik
eztakit zelan
baña biotza
laga neban
betean,
Ean.
Ta Eak
maitea,
ta maiteak
emaztea,
ta emazteak
semeak,
ta semeak
bizitzea.
Orra
legea
betea.
Ea
bidea
bera
ta
etxea.
Ortatik
zor dautzut
Ea,
fedea.
Zugandik
bai datorkit,
Ea,
bakea.
Eta
bakea
eta
fedea,
gerratea
ren
minberea
ken
bizi ernea
ondoren
dira...
ames barri
bidea.
Ea!
Ea!
Maitearen
etxea
ta
ames barrien
sortzea!
Talapean
fedean,
mendi gibelean
bakean,
itxas ertzean
bitsean,
ondar gaiñean
kresalean,
urrun-gaitzean
biotzean...
zu zaukadaz,
Ea,
berea
ta
nerea,
gurea,
Ondarruren parean!
Atuntzuan
Udaleneko egun sentietan,
otzara ta jakiak besapian,
arrantzale gazteak kalietan
itzal-itzal porturako bidetan.
Agur Seme!
Agur ama!
Agur maite!
Bai laztana!
Malkoak ezin eskuta negarra,
Antiguan dago danon izarra,
ontziak ba duaz txipli txaplaka
itxas andien barruna, egazka.
Negar biotzak,
urrun Ondarru,
illun goguak,
agur Ondarru!
Atun sardaetan gogoz arrantzan,
biotza beti Ondarrun kezkatan;
itxasun dala eguneko ogi
Ondarrun da maitasunaren kabi.
Eutsi mariñelak!
Eutsi, eutsi mariñelak
itxaso ta liorretan;
txanpa, txanpa zaar gaztiak
urteko gau egunetan.
Txarta-txartaka arrain ugari,
sariak bota, ten txikotari;
izerdiaren lor eta ordañez
ase batelak, bete arrañez.
Eutsi, eutsi mariñelak...!
Ontziak sakon betez portura
musturrez bera, killa ta amura,
arraña bedi portuan sarri
etxe ta kalekoen ongarri.
Eutsi, eutsi mariñelak...!
Itxasun bedi gure bizitza,
Ondarrun baña biotzen bitsa,
gure andretan maitasun itza,
gure etxetan bake otoitza.
Eutsi, eutsi mariñelak...!
Arrantzalia naiz
Arrantzalia naiz
sortze ta odolez,
arrantzalia naiz
gogo ta izatez,
arrantzalia naiz
izerdi ta nekez,
arrantzalia naiz
barre nai negarrez.
Bare aldietan
arrantzalia naiz,
ekaitz egunetan
arrantzalia naiz,
estu aldietan
arrantzalia naiz,
itotasunetan
arrantzalia naiz.
Lior ta imasun
arrantzale beti,
uda eta negun
arrantzale beti,
barriz jayotekoz
arrantzale beti,
nai ta itotekoz
ARRANTZALE BETI.
Bateletan
Batel urdin zabalean
mutil gaztiak ugari,
indartsuak erramutan,
andi ta txiki kantari:
Agur Ondarru,
Agur gure erri txukun,
lurretik urrun
danok gara zure kutun.
Batek. Kendu txapelak,
gorde aitonen oitura;
geldi arraunak,
zuzen begiak Antiu'ra.
Danak. Amatxo kutun,
itxaso gizonen zaindari,
or bigun bigun
gure musuen opari.
Boga orain erramutan
itxasoan sakonetan,
arnastu daigun kresala
gure zaarrak bezala,
billatu gogoz arraiña,
txalopetan iaso aiña,
munduz mundu ta urez ur
zabal daigun beti samur
gure biotzen kantua:
Ondarru ta itxasua.
Ondar egalean
Txipli txapla olatuak,
txirti txarta arraintxuak,
ta ondar busti gañetan,
eguzki bero galdatan,
mutil alaiak poz pozik
salto saltoka ortozik,
itxas uiñekaz jolaska,
ur bitsei plisti-plastaka.
I
Batek. Ene! Ene! An dator ixurdi!
Bestek. Nun? Nun? Beti zabiltzaz bildurti.
Batek. Ni bildurti? Ni?
Or dabillena ezin ikusi?
Bestek. Ixurdi ori?
Lasgostatako otzaren buxi?
Danak. Ai, ai Kirrixki!
Ez lantzoi izan, ibilli argi!
II
Batek. Ene! Ene! Karramarruk ainke!
Bestek. Ja, ja! Marmokak gili-gilike
Batek. Amari burle.
Beti zabize niri irrike!
Bestek. Zuri txopinke?
Asia zara tollanen eske!
Danak. Kirrixki maite,
ez lantzoi izan, ibilli tente!
Mariñel baten kezkak
Barra puntatik urten ezkero
ezin aztu neure erria,
olatu pixkat altza orduko
sortzen da nigan kezkia:
nire aita-amak, anaiatxuak,
nire kale eta etxia,
nire senide guzti guztiak,
maitatzen naben neskia.
Denporalia sortzen danian
menditxo bat nik buruan,
nire biotza eta begiak
Antigua'ko tontorrian;
zarretatikan ikasi neban
lenengo itzekin batian,
premiña eta estualdietan
Ama nebala Antiguan.
Mariñel zarren oitura ederra
Errosario santua,
Antiguako Ama onantzat
eskeri eder, gozua;
lior ta itxaso barriztu daigun
antxiñakoen oitura,
bera onena baretuteko
bizitza ontako olatua.
Ekaitz orduan gogoratzia
ez da oitura zatarra,
plai onduetan negu baltzian
ezagutzen da kaixarra,
Antiguan baña gure Ama onak
beti dau guretzat garra,
guk be ordañez errezau daigun
egualdi on nai txarra.
Mamu kontuak
Korreta zarretikan
korreta barrira
mamuak kortzelian
umiei begira.
Ai, ai, ai neskazarrak,
kai, kai, kai kaixarrak,
Ondarruko kontuak
ba dakiz mamuak.
Iperkaletik asi
eta Kalandira
tellatupian jantzi
zirazko erropia.
Brast, brast, brast parrastadan,
tan, tan, tan tanta bi,
au ez da ipar baltzen
euri zaparradi.
Urten Guzurretxetik
eta Pixapera
ba da ezkillararik
nai kale okerra.
Mar, mar, mar barriketan,
txur, txur, txur atso bi,
ba dabil kontuetan
saltzia ugari.
Barra punta-puntatik
Iturri barrira,
kresal usaiña sarri
ta arrain koipia.
Txar, txar, txar lazun kumi,
txir, txir, txir ixkirak,
bexigu erriari
orraztu azurrak.
Elixapetik berutz
zapata labanaz
musturrak ausikozuz
txirrist eta laprast.
Txi, txi, txi txirristaka,
ta, ta, ta tatarrez,
mutiltxuak saltaka
atsuak dardarez.
Errekaizetik sartu
nai lestetik ausi,
Kantoipin beti artu
gonian arduri.
Brix, brix, brix errekaixik,
kan, kan, kan kanpaixi!
Ipar edo lestetik
beti da emen aixi.
Izenak-eta
Nire errian
Anton bi,
iñok ez daki
izenik.
Bata Papardo
dirudi,
bestia barriz
Kanpaxi.
Nire kalian
atso bi,
zenbat urteko
eztakit.
Bata deitzen da
Itzontzi,
bestia barriz
Putzontzi.
Nire etxian
mutil bi,
eureri lotsaz
ez asi,
batari deitu
Ixkiri,
bestiai barriz
Aingiri.
Nire aurrian
gazte bi,
beti eskola
igesi,
asko dabelako
ikasi
«Arimetiki»
eureri.
Nire auzuan
ume bi,
prakak bustita
agiri,
bata deitzen da
Puxiki,
bestia barriz
Antxobi.
Gure txalupan
lagun bi,
argala a,
au lodi.
Batak izentzat
Arimi
eta bestiak
Ixurdi.
Gure ingurun
neska bi,
beti tirrika
alkarri,
batak entzuten
Kaniki,
besteak barriz
Pongoli.
Gure elizan
apaiz bi,
sermoitan beti
gogorki,
Don Purga deitzen
batari
eta Don Inper
besteri.
Gure erriko
izenik
karteru berak
ez daki,
Trumoyantzako
kartari
gaañean jarri
Tximisti.
Gure ondarru
Guztiok Ondarru
goratu daigun,
izan daiten arru
lior eta itxasun.
Gabiltzan beti gu
maitez ta alaitsu,
kaletan oyu,
uretan orru,
beti goratzen Ondarru.
Aixe berdietan
edo ipar baltzetan
begira Antigua'ri,
gure izarrari.
Errira etortean,
kale ta kantoietan,
zoratzen pozez,
umore onez,
kresal usaiñez.
Urertzean sortu
ta urertzean il,
ta bitartean
kantuz,
dantzan,
orruz,
txanpan,
Ondarrun maitale,
Ondarrun kutun,
ala beti
ekin daigun.
Itxasuan
nai liorrian
gure amesak
beti Ondarrun,
berau lakorik
ez dogu guk iñun,
ezin iñun.
Itxasuan
nai liorrian
ezin aztu
gure Ondarru,
Kantauriko
pitxi arru,
gure Ondarru.
Zorionak emoten
Ume bateri.
Dingilin dingilin
zorionak pospolin,
dingilin dingilin
bizi zaite pin pin.
Dangalan dangalan
otzara andi azpian,
dangalan dangalan
opil andiaz batian.
Neskatil bateri.
Udabarrian sortu ziñan
udabarriko intz,
nire gogoz bizi zaite
udabarri anitz,
nire begitan izan beti
udabarriko lore,
zartzarora eldu zaitezen
gazte eta dotore.
Neskazar bateri.
Txirrist eta laprast
ba duaz urtiak,
zenbat diran nok jakin,
sits eta bits,
norberak izan ezik?
Iru baietz,
lau ezetz,
bost laster
or konpon,
zoriona bedi
bilin-bolon,
ta beste guztiak
dingilin-don.
Agure bateri.
Bat eta bi,
zeure eguna etorri,
itu eta lau,
kanpaiak gaur jo dau.
Bost eta sei
urtietan larogei,
zazpi eta zortzi
ezpanak igortzi.
Eta tiro eta tiro
eta tiro txanpanai,
zeruetan ez ei dago
edari gozo au.
Ama bateri.
Samur,
bero,
bigun,
pozkor,
kutun
nator zorionez.
Artu,
lertu,
piztu,
poztu,
puztu
nire zorionez.
Garrez,
beroz,
bitsez,
gogoz,
musuz
bizi zorionez.
Ondarru'ko izarra
Zure oñetan, Ama, emen Ondarru,
zuri begira pozik, maitez eta arru.
Arraiña uretan lez
ala gu Antiguan,
bizitzako arnasez
bertan ase biar;
itxasua kresalez
kutsutuz beti da,
Antigua'ko gatzez
Ondarru ala da.
Negu baltzetan, Ama, zaindu Ondarru,
uda gozotan fedez zaitzan goratu.
Amaren sabeletik
odolean garra,
azken deya entzunik
bertan dogu lurra,
kale nai itxasuan,
Amatxo samurra,
izan Zu Antiguan
Ondarrun izarra.
Mariñelen amari
Lorarik ederren
Zu guretzat,
biderik zuzenen
Zu danontzat,
maiterik kutunen
semiontzat,
Amarik bigunen
Ondarruntzat.
Biotzak eskintzen
emen gara,
gogoz autortzen
gure Ama.
Itxaso baltzean,
ekaitzpean,
begiak Zuregan
mariñelak.
Bizi edo ito
Zurekin nai,
Ama Antigua'ko
erruki eurai.
Itxaso zabalak
Zure dira,
itxastar gizonak
Zuk begira.
Beti pozez
Beti pozez, fede biziz
emen gatoz kantari,
Kresal usain, arrain mamiz
gure soiñak agiriz.
Basoan urretxindorrak,
itxasoan kulixkak,
ala gabiltz beti kantuz
Ondarruko umiak.
Itxasotako Izar argi ori,
Antigua'ko Ama zoragarri
Zure maitez,
beti pozez,
fede biziz,
biotz garbiz,
zure kantuz
emen Gu.
Zure kantuz
emen Gu.
Ama maite, lagun danoi
Ama samur,
Ama laztan,
Ama bigun,
Ama otzan,
Jaunan kutun
zeruetan,
gure izar
Antiguan.
Agur Ama,
Ama agur.
Antiguatik
argi guri,
zeta bidez
lagun beti,
Goiko maitez
gartsu, gori,
zaindu fedez
zure erri.
Izar argi,
argi guri.
Goi egarri
ase eziñez
beti larri
kezka miñez.
Gure gogo
argal, gaixoz,
Amatxu on
jaube gozoz.
Ama maite
lagun danoi.
Sagardotegian
Edan daigun danok
sagardau gozua,
gure asaba zaarren
edari eztitsua.
Besigu, lebatz, atun eta txitxarro
noz-nai ditu arrantzaliak jaten,
mongoliño, lapa ta karraspio
ez dira alegin barik ekarten.
Lapa saldia
goizaldian,
kabra saltzia
eguerdian,
kaxularia
illuntzian,
sagardau ona
egun guztian.
Edan daigun danok
sagardau gozua,
gure asaba zaarren
edari eztitsua.
Gabon zorionak
Zaratatsu ta apartsu
ta apantsu
ei gara Ondarrun.
Itxas bitsa!
Itxasoa dan aiña urdin
biotza dogu gordin.
Ta gure biotz gaztea
urteak ez dakarre zaartzea
ondar egaletan kresal aizez
sendotutako odolaren miñez,
gabonak gabontzerakuan
emen dator
zorion eskeinka
ta bakeari deika,
«Boga Boga»ren soiñuz
eta orruz,
eme ta erri,
itxas ta aberri,
kez,
bakez,
amesez,
ondasunez,
maitetasunez
io,
sutu,
kutsutu,
irakindu,
indarbarritu
eragin naiko olatuetan.
Txomin Agirre'ri
Goguan zaitugu Txomin Agirre,
Ondarruko seme argi ta errime,
Kresala ta Garoa'ren egille,
gure euskera zarraren ongille.
Gureak ziran Tramana eta Brix,
gurea benetan zure Kitolis ;
gure oiturak,
gure ardurak,
gure gizonak,
gure esanak,
maitatu ta ezagutu zenduzan ondo,
ta ala jaso, txukun, Arranondo.
Erri ta gizon goratuz Ondarru,
arro zabaldu zendun munduz mundu,
gure kaliak,
gure kantoiak,
gure txokuak,
gure lekuak,
guk bizi ta ikusi bezin argi
Kresalan ager zenduzan egoki.
Begiko zendun Euskalerri dana.
Sartu ziñan baita mendi barruna;
gure basoak,
gure soloak,
gure artzaiñak,
gure itzaiak,
aupatu zenduzan samur Garoan,
eztia darion izkuntz goxoan.
Emen gaukazuz eskerrik onenez,
zure mesedeari erantzunez:
gure txaluak,
gure oyuak,
gure biotzak,
gure goguak,
eskintzen dautsuguz barru eta min:
Ondarru dana arro da zugaz, Txomin.
Izan eta izango
Ondarrun jaio giñan
antxoa kume lez,
bertan azala findu
itxaso adurrez;
Ondarrun gizon egin
ekaitzan ekaitzez,
bertan bizi gaitezen
kresalan lurrunez.
Gure erria beti arru,
luze botaten daki erru,
itxasotatik datorren diru
naiz ta neguak egin orru
zabaltzen dogu txurru-txurru.
Ondarrutarrak gara
izan ta izango;
itxasoaren mende
bizi ta biziko;
arnasa eten arte
gizon ta andrazko
eutsi beti Ondarru!
Eutsi ta eutsiko!.
Ondarroa'tar bat Luzaide'n
Ondarrola'ra begira
Ondarroa'tik etorri naiz
zuri begira Ondarrola,
muga ei dago gure erdian
ta nik ezin siñistu iñola;
nik ezin siñistu iñola
nai ta edozeiñek diñola,
biotzaren gain ez bai dago
maitasuna baizik eta odola.
Prantzetar jaioten ei zara
ta kristiñautu españolez,
ez al zare erri bateko
gorputz, gogo eta odolez?
Gorputz, gogo eta odolez
kontrabandista zare ohorez,
orrela dalarik ba'dakit
euskalduna zarela sortzez.
Maite miñetan
Neska. Errekaixetan
brix-brix,
gona barrenak
plist-plist.
Mutil gaztien
begi urdin
gure ondotik
kendu ezin.
Mutil. Ibaian gora
txir-txir,
arrain txikiak
dsir-dsir,
Neska gaztien
ainka arin
gure begiak
ase ezin.
Neska. Ai lotsagabe!
Mutil. Zu nire pare.
Neska. Ez kiñu niri.
Mutil. Nik beitu zuri?
Neska. Ez nago itsu.
Mutil. Ni be ez mutu.
Neska. Ezautzen zaitut.
Mutil. Ezautu ni zuk?
Ja, ja!
Ba, ba!
Ju, iu!
Bu, bu!
Neska. Negu atetan
gor-gor,
mendebaletan
otz-otz.
Oba genduke
orain berton
arrio truke
lotu soil-soil.
Mutil. Uda onetan
ja-jai,
laga baketan
bai-bai.
Buztarri barik
loxintzetan
txirriñak alai
itxasoetan.
Neska. Ai lotsagabe!
Mutil. Zu nire pare.
Neska. Zer uste dozu?
Mutil. Zuk ba dakizu.
Neska. Beti aizetsu?
Mutil. Gazte alaitsu.
Neska. Eta neguan?
Mutil. Larri orduan.
Biak. Udazkenaren epelak
neguko ekaitzak dakaz,
gaztetasunan minberak
zartzarorako orbelak.
Batu gaitezen zintzorik
maitasunaren gorriñaz,
baita trinkatu gogotik
beti betiko txikotaz.
|