L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

<oler2300>— Olerti 1967 I-II Itzartze (1967-urtarrila/ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

Arrutza ta Egia'tar Mikel

(Arrugain)

1890-1966

 

Eusebio Erkiaga

 

Bilbon jaio zan 1890 gn. martiaren 3-gn, Plaza de los Auxiliareseko Bigarren maillako Institutoan bertan, aita irakaskintza-leku orretako etxejagola edo kontserjea zalako.

        Gurasoak, Arrutza Etxebarria, Luis, Mungia'ko semea eta Egia Iturain, Eustanasia, Gatika-ko alabea izan zituan.

        Gaztetxo zala il yakon aita, bost urte zituanean, eta orduan amagandik aldendu eta osabakaz bizi izan zan, Ondarretan eta Algortan. Seme bakarra izan zan. Onezaz, kontagarri da, anartean Institutoan bizi zala, beiñola, R. M. Azkue abade jaunagaz izan eban alkarrizketea. Dakigunez, Azkue, Bizkaiko lenengo euskal-katedrako lenengo irakaslea izan zan, eta jakiña, Institutoan bertan euskaldun mutil kondoa aurkitu eban.

        —  Txotxo, nungua aiz i?

        —  Ni emengoa, jauna; bilbotarra.

        —  Bilbotar ume sostorra izan, eta euskeraz dakik?

        —  Bai, jauna. Gurasoak euskaldunak ditut.

        —  Nuntarrak dituk, ba?

        —  Aite, Mungikoa eta ama, Gatikakoa.

        Geroago, Mikel gizon egin zanean eta Azkue-gaz artu emonetan asi, sarritan aitatu izan eben euren artean izan eben lenengo alkar-berbeta labur a: «Txotxo, nungua aiz i?».

        Mikel gurea, 16-17 urte zituala asi zan aloger itxurakoa irabazten, eta orduan osabei agur-egin eutsen eta barriren barri bere amagaz bizi izaten asi zan.

        Eta eman dago beste zeozertxu, guk, urte luzeetan argitu izan ez doguna. Eta orain, uste-uste barik, aren seme-alabakaz berbetan diardugula argi ikusi doguna. Arrutzak, bost urtegaz, bere amagandik osabekana aldegin ebanean, txikitatik ekian euskerea aaztu egin ebala. Orrek argituerazo deuskuz aren berbakeran eta idazkeran sumau izan ditugun alako gauza nabarigarri batzuk.

        Amagana batu eta barriro asi zan euskera-bidean, bein eta betiko. Orduantxe asi zituan barriro bere neke-bideak euskera maitagarriaz jabetuteko, beste euskaldun aundi batzuen antzera. Alantxe Kanpion-ek, alantxe Arana-Goiri gazteak, alantxe Lizardik. Neke-bideak, bai, gaztetan, 8-16 urte bitartean euskeraz bizi izan ezak sortu oi dituan eragozpenakk eta utsak gaindu eta bete eziñik...!

        «La Polar» etxean asi zan lanean. Urrengo, Banco de Comercio-n sartu zan; eta geroago Bizkaiko Aldundian, oposiziño ostean, 20-21 urte inguru zituanean.

        San Nikolaseko elizan ezkondu zan 1918gn. urtean eta Colon de Larreategi kalean bizi izaten asi, 6-gn zenbakian, orain 12-gn dan etxean. Emaztea be, bilbotarra artu eban, baiña euskeraz ez ekiana (beste ainbeste esan giñei guk be): Sopelana Iragorri, Klotilde. Jaungoikoak seme-alabak eurrez emon eutsezan, dozenerdi, iru mutil eta iru neskatilla: Xabier, Begoña, Mikel, Iñaki, Itziar eta Garbiñe.

        Azkue izan zan Bizkaiko euskal-irakastoki aretako lenengo irakaslea; Kirikiño, bigarren; eta geroago Arrutza, Altuna, Gandariasbeitia, Agirre Tomas. Azken-gerrateak ondatu eta galdu eban Katedra ori, eta Bizkaiko Diputaziñoko agintaritzakoak ez dabe bizarrik izan barriro jarteko, eta geuk be ez, eskatzeko.

        Umeen eskolan be, jardun izan eban Mikel-ek euskera irakasten urte bete inguru, Ribera kaleko eskoletan, Errepublika denporan. Eta bere etxean, beti bai beti ekin izan deutsola euskera irakasten zahar eta gazteei, gizonezko nai emakumeei! Baita Bilboko Atheneuan be, 1951 inguruanm¡, kurso bat edo.

        Eldu zan 1936 gn. urtean erri-gudu edo anai-arteko burrukea, eta lergaien bildurrez, sendi osoa Zamudion bizi izan zan 8 illabetean. Gero, 1937-40 urteetan Bidasoaz andiko Eskual-herrian bizi izan zirean guztiak, Donibane Garazin eta Armendaritzen. Alemanak Frantzia erdia menpean artu ebenean, epai-gai auxe aurrean jarri eutsen: konzentraziño-barruetara ala Españia aldera. Eta orduan, 1940 gn. urtean, barriro Bilbora jo eben guztiok. Egun garratzak ezagutu eta jasan izan zituan emen, ogibidea lortu arte. Arrezkero, 1942 urtetik il zan dan arte, Licenciado Poza kaleko 4-gn. bizi izan da. Ogibide ori, irabazpidea, Harino Panadera ogigintza etxeare bulegoan izan eban, arik eta 70 urte zituala, zahar-saria jadetsi eta ango lanari agur-egin eutsan arte.        

        Azkenengo amabi egunak soilik egin zituan oian, guk geuk, barruan egoanik be, ez genkiala. Bilboko erri-irratiak adierazo euskun ilbarria. Orregaitik idatzi genduan urrengo egunean Zeruko Argiarako, agurrik be egin barik, isil-isilik joan izan yakula Aita-ren Etxe zorionea amaibakora.

        Aren zaletasun berezienak zeintzuk ete zirean, itaundu deutsegu aren seme-alabei, eta erantzun biribilla auxe izan da. Aren zaletasuna? Euskerea.

        Gizon-taiua ezaguna dogu. Mikel ez zan ez luze, ez txiki, bardingoa baiño. Giarra, ta ez gizen. Ez estu ez bizkar zabal. Begiak bizkor eta sudurra dexente samarra, euskaldun askoren ezaugarri jatorra.

        Osasunak goraldirik eta beheraldirik izan eban beragan eta 1950 gn. urtean garnuan egiten yakazan arritxuak kendu eutsezan osagilleak, ebakuntzaren bitartez. 1963 gn. urtean edo izan eban beste makalunea, andarrai edo birizorroetako geisoa, eta ordan Arrospide, Jon-ek lagundu ta osatu eban. Azkenean be, garnu-miñak garbitu euskun Mikel, baiña 76 urte zituala.

        Aitaturiko makal-usain oneetaz kanpora, gizon osasuntsua izan zan. Eta baikorra, ganera. Laster estututen zan gizona izan arren, ez eukan arek galbarrik, ule ugari ta sendoa baiño. Ortzak eta agiñak, bereak zituan guztiak eta kendu eutsezan iru matrallagin izan ezik, besteak danak euki eukazan. Aren begiak ez eben betaurrekorik bear izan, ez urrerako, ta ez urrunerako.

        Gazte denporan eta geroago be, beti txapelaz ibili arren, oiturea alan zalako, geroagogarrenean, zahartzaroan, beste gazteagoen antzean, burutsik ibili izan oi zan. Eta bizkor ibili be, txiki-txaka urrats ariñak egiñaz, ez makilla ta ez albotiko.

        Bai, zahartu samar bai, baiña aguretu barik il yakun geure laguntzarra.

 

 

Izakeraz zelakoa zan be, zerbait aitatu dogu. Lege zaharreko euskaldun erakoa zan. Baiña argitasun barriak buru-biotz argitua ta berotua. Abandoko Txapelaundiaren asmoak, Arrutza-gan be, lur ona ta samurra aurkitu eben, erne, sendo sustertu eta landara mardula zertteko aiñean.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.