L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Olerti 1964 I-II Etorkia (1964-urtarrila/ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

Au bizimodua...!

 

Inozenzio Olea

 

Bertso berri batzuek

nai nituzke jarri

gaurko bizikeraren

ezagungarri.

Soseatu eziñik

emen gabiltz larri

aitzakiak ugari

emanaz alkarri.

Oso ta elbarri,

geigoren egarri

nola geran sarri,

bear osagarri.

Ta ortik zorionik

eziñ ekarri.

 

Lengo bizimodua

etzala samurra?

Ez det esan nai ori

danik gezurra.

Nekez eta izardiz

laiatuaz lurra

bildu izan genduan

geure jan apurra.

Otzari bildurra

basoan egurra,

osasun laburra,

bizitza makurra.

Alde ederra dago

atzotik gaurra.

 

Gogoan izan arren

lengo bizikera

alaere begiratu

nai ez atzera.

Diran erreztasunei

emanik sarrera

igo gera geiago

ziranen parera.

Jan ere naiera,

mudatu jazkera,

semeei karrera,

lanik ez zartzera.

Ala ta guziz ere

konforme ez gera.

 

Ezbear txikienak

guretzat ekaitzak.

Erligio klase bat

degu bakoitzak.

Galdu ditugu arras

geroko esperantzak

geuk dauzkagulakoan

zeru lurren giltzak.

Munduari aintzak

maitasunez otzak

errezuak motzak

legorrak biotzak.

Fedea galtzeakin

datortzen gaitzak.

 

Danerako astia

nola falta zaigun

beti laisterka gabiltz

gau eta egun.

Ezitzeztiran tresnak

arturikan lagun

nora garamazkiten

ez alda ezagun?

Ezin bizi bigun,

arnas artuzagun.

Umezurtz ta alargun

utzi ez ditzagun

familiaren kontu

izan dezagun.

 

Batetikan bestera

ezin gera aspertu.

Animako gauzetan

berriz alpertu.

Pausoz mundu guzia

nai genduke neurtu,

gure egun laburrak

lenbeñik-len urtu

gauari lapurtu,

danerako sortu

noranaiko gertu

osasuna lertu.

Ondo bizi nai dunak

patxara artu.

 

Jaunaren legea du

zorionak abe

bera gorde ezean

zenbat naigabe!

Au ere mudatzeko

ustez gera trebe,

bide txarretik nola

goatzen xuabe.

Neurri ori gabe

milla atsekabe,

griña txarren labe

utsaren mirabe.

Baña Jaungoikoa da

guztion jabe.

 

Iñori laguntzeko

gabiltza txit uzkur

geuretzat nai ditugu

zeru eta lur.

Premian dagonari

emateko maltzur

geure buruarentzat

ez gera orren zur.

Gezurra bai samur,

egitikan balur,

nekeari agur,

penitentziz labur.

Gu zuzentzen badago

lanik asko gaur.

 

Itxaropen guzia

aurrerapenetan

elduleku sendoa

ez da benetan.

Ara zer ikusten dan

gure egunetan:

Danok atsegin billa

uts diran gauzetan.

Ta nere ustetan

gure eleizetan,

oitura onetan

mandamentuetan

saia ezkero dana

or eskuetan.

 

Mundu onetarako

zer degun onena?

Gauza guztiak dute

beren ordena.

Eduki bear degu

ontan sinismena;

Jaungoikoa bakarrik

maitatu aurrena

ta begirapena

projimoarena

au da bigarrena

parbi dagoena.

Eta geroko izan

itxaropena.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.