Bai ta ez!
Errandonea
(Gizon bat)
I
Seingo batean zan...
Gizon! zer aiz izan?
Galde-erantzunean
somatu nituan
batzuk ene txokoan,
desapio arroan.
Enekien izenikan...
Nortzuk ote ziran?
II
Betazalak itxirik,
eskuak geldirik,
ao-ezpañak loturik,
oro txist! ixillik,
jarri nintzen, izu, tink
zer adi txulotik...
Artean arnasarik
ba-nuen, eskerrik!
III
Ipuietan bezela,
sofisten antzera,
izlarien mintzora
nator pausoka.
Nire baitan gudua!
Ango abarrotsa!
Dirudi sinfonia,
uraren marmarra.
IV
«Zer naiz? nor? esan...
Mundu ontarako
omen ninduten egin...
Bañan zertarako?
Izena nola dedan?
Baneki seguro...!
Zabiltza or kalean,
ta... duzu jakingo!!!»
V
Ezti zaitut biotza,
sobera emekia.
Sarri duzu laztanka
aragi makurra...
Itxuak biak, utsa!
Or doaz zulora...
Zurekin dut larrimiña,
maldan behera noa...
VI
Enaiz gorputz soillik.
Barnean damakit
ahatsa ba-naizenetik.
Anima zatozkit!
Ekin dadukazunetik
goi-almen! gogotik.
Aragiak, auts, ez dik
deus berenetik...
VII
«Ni» ba-nauk dasaida
biotzak; bai, arnasa
sentimenduen bidez
zetorkidak, bearrez.
Arrazoiaren «Ni»-a
zat arras kexatzen
zergatik ari zerga
diodan ordaintzen...
VIII
Bikote ote nauzu...?
Arren esaidazu...
Dostoievskyiri entzun:
«Bikote gaituzu...»
Unamuno: zer diozu?
Adi-adi gauzkatzu...
Ots giza-espiritu!
mintza zakizkigu.
IX
Tulunbio beldurgarrian,
mentura tristean
jo dut goruntz-berantza;
inpernu zuloa
or zegoen alde bietan
orruka sekulan!
Buztin legor ene arima
penaz orditua.
X
Fede, itxaropen, maitasun!
zer zerate izan
ez panauzute ezagun?
Udaberri gixan
fedean ez ninduzun
muttiko denboran;
ta gero antzu otoitzean
atso zaharraren añean.
XI
Arrazoiaren itzalean,
lo ta lo zurrunka,
eguzkiaren igesian,
gabaren zilborra
nuela aldamenean;
maindire beltza
nedukan lañope artan...
izotza, illuna...!
XII
Esnatu naiz. Goiza da.
Begiak zaizkit
iriki argi xintara.
Larrosak badakit
usain gozoa dakarrela
arantzak erditzetik;
zeru orkarbia, bakea
trumoia geroztik.
|