«Olerti»-ren urteroko sariketa
A.O.
Aurreko urteetan lez, ospe aundiz egin zan igaz be (1962-X-28) OLERTI'k eratutako olerki ta bertso-jaia. Meza, itzaldi, sari-banaketa, olerki irakurte, alkar-izketa, bazkari ta abar, ederto be ederto dana, barne-giro gozotan. Etxaniz jaunak egin euskun eleiz-itzaldia, ta Erkiaga'k arratsaldekoa, Aita K. Basabe lekeitiar izlari ta euskaltzale zindoaren bizitz-gorabera ta euskal-lan-zeaztasunak trebeki emonik.
Aurretik iragarrita egoan sariketa onetara poesi-mordoska bialdu eben or-emengo euskal-olerkariak. Esku arteko banako ontan daukaguz areitatik batzuk, eta besteak be argitaratuko doguz urrengo zenbakietan.
Eta zer-nolako olerkiak ete ditugu oneik? Bikaiñak ala eskasak? Beruntz ala goruntz ete gabiltz poesi-arloan? Aldatz-gora gabiltzala, nik uste. Gaurkoz be ba-doguz Euskal-Errian Lizardi, Orixe, Lauaxeta, Loramendi, Tapia-Perurena, Agerre ta abar joan yakuzan arren olerkari punterengoak. Gure olerkari-sailla gero ta ugaritu ta leunagotuz doa: urtero agertzen yaku arnas aundiko barriren bat, eta zarrak azal ta mamin gizonkiago diardue. Gure ele gaixoarentzat ezta au zantzu txarra.
Ona emen laburto, maiko bik sariketara igorritako olerkiai buruz emoniko eritxia. Etxaniz'tar Nemesi jaunak onela diño bere idazki baten: «Nolabait eman diet begi-axaleko iritxia. Baiña nere iritzia ez aintzakotzat artu; ezpainaiz ontan oso errotua. Amarreraiño igo det nere puntuetan. Ona emen nori zenbat eman dizkiodan:
1) Animaren gaua: 8.
2) Bost bizitz ozpin: 10.
3) Aita alarguna: 9.
4) Izar: 5.
5) Saratz bezela: 8.
6) Basoan dot zoriona: 8.
7) Gabaren bidez: 7.
8) Basoko iturria: 7.
9) Poema beltzaren arbola: 10.
10) Siñes-itxadon-maitasuna: 5.
11) Aralar: 6.
12) Gure euskal dantzak: 6.
13) Biarritz: 5.
14) Euskal koblakaria: 10.
15) Aurtzaro-oroipenak orrazten: 10.
16) Bedar-usaiña: 9.
Agian, arrituko zaitu nere irizpideak. Ez naiz arritzen. Ezpaidut nere iritziaren arrokeririk. «Poema beltzaren arbola» ta «Euskal koblakaria», esku batenak dirala, esan ditekela, uste dut. Ez ditut oro ulertzen, baiñia era berria dutelako, euskarari aberastasun-bidea dakarkiotelakoan nago. Zenbait itz, erdel-kutsu geiegizkoak dituzte; baiña, ala ere, bere aiñean etsigarriak zaizkit.»
Eusebio Erkiaga euskaltzain eta olerkari piñ danak, barriz, onela agertzen daust bere eritxia:
Puntuak Neurridun Bertsu
1) Animaren gaua 6 x
2) Bost bizitz ozpin 7 x
Bost maitasun kopla 8 x
3) Aita alarguna 7 x
4) Izar 5 1/2
5) Saratz bezela 7 x
6) Basoan dot zoriona 6 x
7) Gabaren bidez 6 x
8) Basoko iturria 6 x
9) Poema beltzaren arbola 10 x
10) Siñes-itxadon-maitasun 3 x
11) Aralar 5 x
12) Gure euskal dantzak 5 x
13) Biarritz 5 x
«Lanik geienak (13'tik 9), bertsu askatsu edo txuriez biribilduak dira. Alde batetik ba leiteke, olerkari diralakoak asmamen-egoak nasaiago erabilteko aukerea izatea. Baiña neurripean dabillen edertasunak, beti izango dauala balio bedegarra ta andiagoa, esan giñei. Edozelan bere, ba-dirudi bertsu askatuetan bere, arako ripio-joera edo jario-beratsuna izatea, bertsugilleak tentaziñoa entzuturrean izan dagikelako. Jakiña!
a) «Poema beltzaren arbola». Gogorra da muiñez, gunez; baiña zoli ta zorrotza, sentimentu sakonekoa, urduriez aberatsa egingaietan. Zaar kutsua dauka iñoiz; barrikuntza-ikutua, areago. Euskal baratzean bereki0a baldin ba'da ez itzulia, ale bana-banakoa.
b) «Bost bizitz ozpin» eta «Bost maitasun kopla». Lendabiziko bost atalak, mingotsak; iñoiz prosaiko-sundaz. Bigarren bost ataletarik geienak, samur ta politagoak, biotzondoa agiri dabenak.
Olerkari biok dabe poesi-txingarra ta dardarea. Bion lanak, ostera, neurrikabeak dira, askatuak, ez izneurtuak. Liriku-sail ori, ez ete litzateke alde bitan banatu bear, neurridunak eta ainbakoak berexiaz? Ikasi bearreko koxkea auxe, nunbait bere.
d) «Aita alarguna». Ba dau eder-ikutua, baiña landuegia, ausaz itxura-naiekoa. Neurriaz, arreta txalogarriz jarduna, ostera.
e) «Saratz bezela». Bakana, tankeraz ariña; mamiñez filosofiez ganezka samarra, agian.
Enparaukoak, maillaz beeratxuago dagoz; ba-ditue, alan bere, zertxu politak eta samurrak.
POEMAK. Pusketak basterik ez dira, atsegiñak izan arren.
ALEGIAK. Bapere ez da azaldu, tamalaren andiz. BERTSOLARIAK. «Bedar-usaiña». Amabiko txortea; guztizkoak dira bertsuok, sarigarriak eta sari osoaz, ganera.»
Onetxek dira maiko bi orrein eritxiak. Eta sarituak urrengo olerkariok izan ziran: 1) Joseba A. Otaegi, bere «Poema beltzaren arbola» ta «Euskal Koblakaria»-gaitik; 2) Enbeita'tar Kepa, bere «Bost bizitz ozpin» eta «Bost maitasun kopla»-gaitik; 3) Ugarte'tar Martin, bere «Aurtzaro-oroipenak orrazten»-gaitik; 4) Enbeita'tar Balendin, bere «Bedar-usaiña»-gaitik.
Aurten be beste ainbeste egingo dogu, Jauna lagun. Olerki-sail, sari, epe ta abartzaz ikusi OLERTI (1960, jorrailla-bagilla, azalean). Olerti-jaia, ostera, beti lez Kristo Erregearen egunez, urrillaren 27'an, ospatuko dogu.
|