Bedoña'tar Joakin Abagaia, «Loramendi»
(«Loramendi» bizi izan zan garaia)
Yurre'tar Julian A.
(1959-IX-2Tan, Bedoña'n, Loramendi'ren omenez egindako jaietan,
Euskaltzaindia'k eraturiko Elerti-kritika saillean bigarren saria eraman zuen lana.)
I
«Urrezko gizaldia» izan da Euskerarentzat ogeigarren gure gizaldi au.
Iñoiz baño aldizkari eder ta irakurgarrigoak sortu ziran, bazter orotara euskal-sua ta piztu-naia eramaten zutenak.
Ola Bizkaian: «Euzko-Deia», «JaungoikoZale», «Jesus'en Biotzaren Deia», «Euskera», «Karmen'go Ama», «Euzkerea», «Ekin». Ta ez daude or barruturik guziak.
«Jaungoiko-Zale» ta «Ekin» asterokoa, apaiz yaunek argitara oi zituzten; ta oietariko batzuk, lenen mallako elertian aipatuak izatea merezi izan zuten.
Manterola'tar Gabirel (Gama), Eguzkitza'tar Yon Ugutz ta Ibargutxi'tar Yon Gurutz'ek, ondo iritxi zuten «pensar alto, sentir hondo, hablar claro» erderaz esan oi dan arau ura betetzea.
«Euzko-Deia» ta «Euzkerea», bilbotar euskaltzale gartsuak atera oi zituzten; ta oien bidez, batez ere lenengoaren bidez, olerkari ta ele yareinezko idazle bikañak egin ziran.
«Euskera» Euskaltzaindiaren agiria zan, yakituriz ta mamiz beterikakoa, alako bazkunari zegokion bezela.
«Jesus'en Biotzaren Deia» Bilbo'ko Jesus'en Lagundikoak egin oi zuten; eta «Karmen'go Ama» Larrea'ko Karmeldarrak.
Gipuzkoan sortu ziranak: «Euskal-Esnalea» ta «Euskal-Erriaren alde», «Revista Internacional de Estudios Vascos», «Argia». asterokoa, «Yakintza» aldizkaria.
Lenengo bi aiek Kanpion, Karmelo Etxega-rai, Txomin Agirre ta Muxika'tar Gregorio yaun ospetsu ta guziz agurgarriek eratuak ta egiñak ziran. Norgeiagokak, dala euskeraz, dala erderaz (oiek beti Euskal-Erri'ri buruzkoak) urteoro eraldu ta gañera mota orotariko idazlanak argitara oi zituzten.
«Revista Internacional de Estudies Vascos» aldizkariak lekua irabazi zion Euskerari munduko izketaen artean ta Europa'ko ele-yakitunek ikasi ta ezagutu zuten.
«Argia» asterokoa, Garitaonandia apaiz yaunak irasia ta larunbat oro zintzo zintzo atera oi zana: baserritarrentzat sail bereziak zekarzkin ta danak irakurri oi zuten, baserritarrak ta ez-baserritarrak.
«Yakintza» aldizkari eder, mamitsua zan ta elerti-lan goitarrak yakinarazten zitun. Aitzol'ek asia ta gero ere aren lanbidez egiña, idazle ugari ta yakintsu bildu zituan.
Naparroan: «Zeruko Argia» ta «Euskeraren Adiskideak». «Zeruko Argia» Kaputxino Abak egiña zan ta Intza'r Damaso Aba ta Iraizoz'ko Polikarpo A. (Urtsuya) ta Oyeregi'tar Buenabentura A. ziran idazlerik nabarmenenak. «Euskeraren Adiskideak» bazkunak Euskeraren aldeko batzar aundiak egin oi zituan Naparroa'ko euskal-errietan, baita euskal-elerti norgeiagokak eratu ere.
Araba'n: Euskal aldizkari berezirik ez bide aegoan. Baña Gateiz'ko apaiz-gai-etxean, Barandiaran (J. M.) ta Lekuona (M.) irakasle yaunek lan izugarri ederra egin oi zuten: arek erri-yakintza gaiak bilduz beren ikasleen bitartez; ta besteak euskera ta euskal-gaiak irakatsiz ta, mendez-mende, zetorkigun elertia batuz ta orreri buruz ikasteak egiñaz.
Bidasoz andian: «Eskualduna» astekaria ta «Gure Herria» aldizkaria beste paperen artean. Bizkaiaz mintzatzean esan dedana, emen ere esan bearra det, beste probintzitako ta, batez ere Bidasoz andiko aldizkari ta irarri paper guziak ez daudela emen aipatuak.
Idazlan onetan Loramendi olerkariaz ari naizen ezkero, aren garaia igaro-ta, geroago sortu izan diran aldizkari berriak ez ditut aitatzen, naiz-ta, yakiña, ogeigarren gizaldekoak izan.
Irarri paper aiek euskaltzaletasuna ta Euskera bizkor naia eramaten zuten Euskalerri'ko zoko ta biotz orotara.
Ta ez bakarrik aldizkariak ta astekariak, baita egunkariak ere agertu ziran, euskerazko sailla zutenak; ta geroago ta geiago ziran, euskeraz irakurtzera zaletzen ziran irakurleak. Ta irakurriz ta irakurriz, sugar argia sortzen zitzaien gogoan.
Bilbo'n argitara oi zan «Euzkadi» egunkariak, euskal orrrialde bat edo bi zekarzkin egunoro, lan ederrez beteak. Ta euskal sail orren zuzendariak, elertilaririk onenetakoak izan zenitun: «Kirikiño», «Orixe», «Lauaxeta». Irurak gogoetalari goi-goiak.
Donosti'n ere sortu zan «El Dia» egunerokoa ta onek ere egunoro zekarren euskal zatia ta baita ere errietako berriak euskeraz. Egunkari onetan ta «Argia» asterokoan euskeraz egin oi zutenak, asko ta onak ziran. Txit ezagun bat Arzelus yauna, agerkari bi aietan ainbat lan eratu ziguna.
Naiz Gipuzkoa'ko egunkari-idazle ta berri-emalleak, naiz Bizkai'koak, naiz ta Euskal-Erri'ko beste lekuetakoak, guziak edo geienak beintzat, «KIRIKIÑO'k» asiak: zuzenduak, bioztuak ta irakatsiak ziran. Orregatik, egiaz osan diteke «KIRIKIÑO» izan zala euskal egunkari-idazleen iraslea ta irakaslea. Orain asma ditzakegun baño buruauste ta neke geiago yasanez, egin zuan «KIRIKIÑO'k» alako lan izugarri ederra Euskal-Erri ororako.
Iruña'n «La Voz de Navarra» egunkaria gertu zegoan, euskal lanak ateratzeko. Baña, Iruña'n etzegoen oraindik ainbat yende gertaturik, egunero sail eder bat euskeraz tajutzeko. Ala ere igandetan ta yaietan ta zerbait gertakari berezi zanean, euskeraz ekartzen zuan. Tapia Perurena, olerkari ezaguna, zegoen egunkari orretan euskal idazle bezela; baña au erdal idazle ere bazan.
Ala ere Iruña'n izan ziran bat edo beste idazle bikañak ta jator-jatorrak. «Larreko» yauna, bat. Ta Iruña'ko egunkarian ta Bilbokoan ta Euskal-Erri oroko beste agerkari askotan ere egiten zuan. Ta nolako lan mamitsuak ta nolako euskera gozo, garbian antolatuak gero...!
«Manezaundi'k» ainbat ezpazuan idazten ere, erri-yakintzatik edoskitako gaiak, xaloki erabiltzen zizkigun.
Agerre'tar Joxe, euskaltzain izendatuak ta urruti yoan bearrez lekua utzi zuenak, lenengo «Diario de Navarra» dalakoan egiten zuan, gero Euskal-Erriko beste paperetan ere bai. Etxalarr'en apez zegoena. Beste egunkariak
Baziran apez batzu ere idazten zutenak; oien artean oso ezaguna Arburua'tar Todor yauna ere asi ziran Euskerari lekua ematen; ta igandetan ta yaietan ta beste eretietan, euskal-olerkiak edo yareinez tajutuak ekartzen zituzten, batez ere Bilbo'ko «La Gaceta del Norte» ta Donosti'ko «Pueblo Vasco» ta «La Constancia» egunerokoak.
Ta era orotariko gaiak erabilli oi zituzten beren euskal-saillean; ipui alai gazdunetatik filosofi-idazlen sakonetaraño, parre egiteke izkirimirietatik goi-goieneko olerki sotilletaraño.
Agerkari oiekin batez, azaldu ziran nobelak, olerkiak, antzerkiak, filosofi-liburuak, eleiz-liburu berriak, edozein erako gaiak errez ta bikainki zerabilzkitenak.
Nobeletan gallen-gallena Agirre'tar Txomin apez yauna, bere «Kresala» ta «Garoa» nobela biekin. «Kresala» ain ederra bai-zan, itzuli ere egin zuten erderara. Ta «Kresala'ren» «Kitolis» bezelako bururik etzuela irakurri atzarriko eleberrietan ere, adiarazi zigun Etxegarai'tar Karmelo yaunak. «Kitolis» arrantzaleak, itxasoko ekaitza dakarkigu begietara «Kresala'ren» buru artan.
Filosofi gaietan, Zinkunegi yaunak Balmes'en «El Criterio» euskeraru zigun, ori besterik ez esateko filosofi-gaiari buruzki. Bidaurrazaga bizkaitar sendagillearen liburu bat ere, sendakintzari buruzkoa, yakiña, Zabala-Arana, Abak euskerara itzuli ta argitara zan (1).
Eleiz-liburuetan «Argi Donea» eder ta egoki aurkeztu zan. Ta Eguzkitza apaiz yaunak bizkaieraz biurtu zuan.
Antzoki gaietan, Altzaga'tar Toribio antzerkigillearen taldeak, ez Donosti'n bakarrik, baita Gipuzkoa'ko errietan ere ibilli oi ziran, yendeketa gaitza yoan oi zala aien antzerkiak ikustera. Ta geroago, aldizkaria agertu ere egin zan, «Antzerti» zeritzana. Tolosa'ko Antonio Ma. Labayen yaunak arteztua.
1917-garren urtean, «Eusko-Ikaskuntza» ta «Euskaltzaindia» yaio ziran. Lenen mallako yakitunez ornituak, bazkun bi oiek iritxi zioten Euskerari, Euskal-Erri'tik at ere, ezagutua izatea ta, Europa'ko yakitunen artean, euskera ikasi-miña, sortzea.
Urte batez batzar ospetsua egin zuten, Europa'ko izkuntzalari entzute aundikoak deituz; ta, yakitunen artean izena ta tokia irabaziz zioan gure Euskera.
Elerti oroen asieratan, «olertia» izan da beti, lenen azaldu dana ta, elerti erne berri aiei, indar ta bizitz mardula eman izan diena.
Aurrean aipatu ditudan aldizkari, astekari ta egunkariek, olerti xarmagarriz apainduak zetozen beti.
Ta naiz baten batzuk euskerazko olerkarietan etzegoela onik esan (2), irarri paper aetatik gañera, olerki gutun eder batzu ere eratu ziran garai aietan.
Tolosa'ko Arrese'k «Nere bidean» olerki gutuna atera zuan (1913). Eleizalde euskaltzaiñak Arana-Goiri'ren olerkiak argitaldu zituan sorta batean bilduak (1919). Unamuno berak Arana-Goiri olerkari goitarra zala ta aldiak, zegokion mallara, igoko zuela, idatzi zuan.
Manterola'tar Gabirel yaunak «Goi-izpiak» bere olerki-bilduma argitara zuan (1921).
«Satarka'k» lenengo olerki lburua eman zigun, «Txinpartak» izenburuz (1922).
«Arrese» tolosarrak bigarren olerki liburua, «Txindor» 1928'ko urtean.
Yauregi apaiz yaunak «Biozkadak» bere olerki gutuna agertu zigun, Intza'r Damaso A. euskaltzañaren aurre-itzez (1929).
Errenderi'tar Erramun Abaren olerkiak ere, ain goretsiak izan ziranak, argira zituzten, sorta batean bilduak.
«Lauaxeta'k» «Bide Barrijak» 1931-an ta «Arrats beran» 1935-ean.
«Lizardi'k» «Biotz-begietan» 1932-an ta «Umezurtz olerkiak» 1934-an.
«Orixe'k» «Barne-muiñetan» 1934-an. Beste batzuk ere izan ziran, bere olerki gutunak egin ta atera zituztenak: Etxeita, Zamarripa, Patrizio Orkaiztegi, Aizkibel'dar Bingen, Emiliano Mujika, «Tene», Jose Zubimendi, Maruri'tar Erramun, Muniategi'tar Sabin, ta abar...
Baña olertian lanik ederren, nabariena egin zuena, «Euskatzaleak» bazkuna izan zan. Olerti-norgeiagokak antolatzen zituan urteoro; ta euskal olerti-igandeak dirdiratsu ospatzen zituan. Eta olerti-igande oietan, yende keta aundia biltzen zala, norgeiagokan irabazitako sariak, zillarrezko aritz adarra ta diru-sariak, zabaltzen zituan.
Ta gero saridun olerkiakin, ta, onak izan arren, sari gabe gelditu ziranekin batez, liburu txanbeliñak eratzen zituan, urtean bat argitaratuz.
Ta urteoroko norgeiagokakin ta olerti-igande dirdiratsuekin ta zabaldutako sariekin ta ondorengo olerki-liburu lilluragarriekin, arrigarrizko aurrerapen ta adore bizia eman zion euskal olertiari.
1930'ko urtean, Errenderi'n izan zan lenengo olerti-igandea; ta Urkiaga'tar Estepan («Lauaxeta») yaunak beregana zuan lenen saria, «Maitale kutuna» olerkiagatik.
1931'koan Tolosa'n bigarren olerti-igandea, ta Agirre'tar Yoseba Mirena («Lizardi») yaunak artu lenen saria, «Urte giroak ene begian» olerkiagatik.
1932'koan Ernani'n irugarrena, ta Bedoña'tar Yokin («Loramendi») Abagaiak yaso lenen saria, «Barruntza-leioan» olerkiagatik.
1933'an Urretxua'n; ta Etxeberria'tar Prantzisko, Jesus'en Lagundi'ko Abak eskuratu lenen saria, «Bost lore» olerkiagatik.
1934'koan Zarautz'en; ta Zaitegi'tar Yokin yaunak lortu lenen saria, «Tori nire edontzia» olerkiagatik.
1935'koan Bedoña'n, «Loramendi'ren» omenez; ta Yauregi'tar Koldobika'k iritxi lenen saria, «Maite-opari» olerkiagatik.
Baño geiago ta geiago izan ziran olerkariak, naiz ta beren olerkiak liburuetan baturik ez atera. Zeru zolan izarrak millaka; Euskeraren zeruan ere olerti-izarrak ugari ta dirditsu zetozen.
Oien izenak yakin nai dituenak, ikus beza Onaindia Abaren «Milla Euskal-Olerki Eder» liburua, 23 ta urrengo orr., «Atarian». Liburu ederra da ori, euskal olertiaren kondaira, asieratik gaurdañokoa, barrutzen bai,-tu.
Olerkari aiek, egun-sentiaren argiak bezela, gero eguzki osoa, argi-argitsua ekarriko zuten, Euskal-Erriko bazter ta biotzak argi ta berotuko zituana.
Olerkari aiek, lan da lan, ari ziran, loreak ta landareak landatuz, Euskeraren landa zabala, lore ta urrin orodun loretegi, biurtzeko.
Erreka garden, marmaritsuak, batean baturik, ibai aundiak egin oi dituzte. Ibai aundiak berriz, batean baturik, itxaso sakon, muga gabea.
Olerkari aiek, olerkari ospetsuak ekarriko zituzten. Ta azkenez, Euskal-Erri guztia, berarekin eramango zuan, olerkari goien ta garailaria.
Ta orra orduan Euskera bizirik, betiko gaizkaturik, osotasun guztiekin, itxasoa bezela; ta euskaldun oroen begiak beregana erakartzen, loretegi eder-eder, ikusgarriak bezela.
Baña ara, eguzkitan giñala edo laster izango giñala uste genuanean, ekaitz izugarria sortu zan; ta arekin batez, aize-erauntsi beltza, urolde orrulariakin; ta ondoren lur-ikara ikaragarria.
Ta ekaitz arrek gure zerua ta lurra illun-illundu zituan; eta etzan eguzkirik ageri Euskeraren zeruan.
Ta aize-erauntsi beltz arrek Euskeraren landako lore ta landare ikusgarriak suntsitu ta igartu zituan; ta uroldeak, sustraietatik atara ta zurrunbilloan eramanez, murgildu ta ondatu zituan.
Ta lur-ikara ikaragarriak, iturri ta erreka garbi, marmaritsuak lur-alda zituan beste lekuetara.
Eta Euskeraren zerua eguzkirik gabe gelditu zan; Euskeraren loretegia, lore ta landare loretsurik gabe. Ta Euskeraren erreka garbi, kantariak lur-aldatu-ta, gure Euskal-Erria soil, billosik, lur gorri bezela, urik gabe, argi ta bizirik gabe, edertasunik gabe!!!
Baña berriro agertu naia ematen du eguzkiak; berriro erne naia, lore ta landareak; berriro oiuz ta kantuz yoan naia, iturriak ta errekak...
II
«LORAMENDI» olerkari
«Leintz» ibarreko «Bedoña» erritxoan yaio, zan Ilbeltzaren 27-an, 1907-garren urtean. Altzatzu'ko Kaputxinotan ikasiak egin ta bera ere Kaputxino sartu zan.
1933-garreneko Epallaren 23-an il zan Donosti'n, 26 urte zituala ta leen meza emateko 23 egun peitu zitzaizkiola.
Iruña'n teoloji-ikasteak laster amaitzera zioala, gaxotu zala-ta Donosti'ra eraman zuten, ebakiketaen bat egiteko. Eta ebakiketa egin-da, urrengo egunean il zan ta Donosti'n bertan eortzi zuten.
Aingeru bat bezela il zan. «Peritonitis» deritzaion eritasunak min izugarriak ematen zizkiola, bat ere aserre gabe ta dana eramapen arrigarriz yasanez, santuak il oi diran eriotzaz il zan.
Ama ezin zitekean komentura sartu; baña aita ta anaiak ta komentuko Kaputxinoak antxe zituan bere inguruan. Ta iltzer zegoela, ikaspide samurgarria ernaten zien guziei, biotzetiko zerura-nai bizia agertzen zuela une orotan. «Zerura noa». «Zerutik lagunduko dizuet zuei, euskerari... Euskalerriari...» Aita besarkatu ta amari esateko etzezala negarrik egin... Andre-Mari goretsiz ta guziei Ura maita-maitatzeko esanaz... ola il zan «Loramendi» olerkari gaztea.
Olako sinismen gogoetak ta itz santuak zituala mingañean, gogo ederra soiñetik irten ta zerura ega zitzaion, 26 urte zituala ta meza emateko 23 egun besterik peitu etzitzaizkiola...
Berez zetorkion olerkari izatea. Biotzak eskatzen zion, barnean adi ta senti oi zuena olerkietan iraultzea.
Gure Truebak esaten zuanez, «olerkiak biotzetik oi datoz, ez burutik». Yakiñak dira bere bertso aiek:
Quien te ha enseñado a cantar?
me preguntan todos-.
Nadie; yo canto porque Dios quiere,
yo canto como las aves.
Loramendi ere berez zan olerkari; berez zetorkion barnean aditu oi zituan naigabeak, maitasunak ta oiek, berekin duten edertasun ta goitasuna, olerkietan azaltzea ta abestea.
I-ngo. Olerkari liriko jainkotia zan oso-osotan.
a) Olerkari jainkotiek Jainkoa ta AndreMari ta santuak ta erlijioaren egiak ta ezkutapenak dituzte maitegai ta kantagai. Jainkoagan ta Jainkoari dagozkionetan ikusi ta arkitu oi dute Ederra: Jainkoa bera, berezko Ederra, au da Ederrutsa; eta beste aiek, Jainko Ederrutsaren islak bezela, zipristiñak bezela.
Ederrutsa danak, baita, Ederra Arengandik artu-ta duten gañerakoak ere, lillura ta zora dezakete olerkaria; ta zoramen orren ondoren bezela, biotz barrenean berezizko izakera sorrrarazten diote. Ta orduan olerkariak, musika bezin gozo diran itzetan, sua bezin gartsu diran olerkietan, biotz-ondoa zabaltzen du, oiu egiñaz Jainkoari, Andre-Mari'ri, santuai edo baita erlijioa ta onen ezkutapenak lurtarroi entzunaziz.
Orregatik olerti jainkotia zeruan bertan, Jainkoagan sortzen da; ta gero, olerkariaren gogo ta biotzetik igaroz, berriz zeruraño, Jainkoaganaño igotzen da.
Ta ainbat alde ta arpegi ta isla baidituzte beregan gai zerutar aiek, olerti jainkotia ene, beti berdin izan arren, aldietan aldiko era berezia artuz ta olerkarietan, bakoitzaren izaera berezia erakutsiz, agertzen zaigu.
Irakurri, esate baterako, Beñat Etxepare'n olerki jainkoti «Otoitza» (3) ta gaurko olerki jainkotien bat. Bien artean ziur, olerti-izate berdintasuna; baña baita ziur, aldien ezberdintasuna.
Azalpide bat.
Arrats apaleko egunoroko eguzki sartzea, milla margoz apaindua dagonean, ikuskari betikoa izan arren, alde batetik beti ezberdin, beste aldetik beti berdin, au da ikusgarri ta zoragarri zan oi dan bezela; ola olerti jainkotia ere alde batetik beti ezberdin oi da, aldien era artuz ta aldatuz dioalako, beste aldetik ordea beti berdin, au da eder-eder, Jainkoagan edaten duelako edertasuna.
Ura beti izango da, eguzki dan bitarte ta arratsaldero ostenduko dan bitarte. Au areago beti izango da, munduan olerkariak diran bitarte, Jainkoagan ikusten ta arkitzen bai-dute aiek Ederra; ta yakiña, Jainkoa betiko Ederra, obe esateko, betiko Ederrutsa da.
Diodanaren garbitasun bezela, zillegi bekit atzerriko olerkari baten izena aipatzea. Paul Claudel, frantzez olerkaria (1868-1954), olerkari jainkotia da; ta gaurko egunean munduko olerkaririk onena edo onenetakoa dala esaten oi da.
Goian esan det Lorarnendi olerkari liriko jainkotia dala oso-osotan.
Ain zuzen ere, bere olerki oro, bizpairu kendu ezkero, guziak jainkotiak dira. Bizpairu, «Zerbait bazuen!», «Landaretxo ameslari!...» ta «Enada beltza!...», lenengoa ill-eresia da, il zan bere irakasle baten oroitzez egiña, bigarrena balada bat da ta irugarrena bukolika motaen artekoa.
Gañerako guziak jainkotiak. Ta oien artean izenik ta entzuterik aundiena irabazi zuena, «Barruntza leioan» olerki mistikoa da, 1932garren urtean, Ernani'n egindako olerki-norgeiagokan, sari nagusia, au da zillarrezko aritz-adarra beregana zuena.
Olerkietan auxe da luzeena; 39 aapaldi ditu. «Arrantzalien arrats-otoitza» olerkiak aapaldi geiago, 48; baña lerro laburragokoak. Orregatik ura, au baño, luzeago da.
Luzeena izan da ere, asieran asitako sua, ez da bat ere epeltzen yarrai oroan; ta beti su-garretan irauten du azkeneraño. Olerki jainkotian, irakurmin bizia ta garra berdin irautea asi ta amaitzeraño, zalla dirudi; «Barruntza-leioan» olerkiak ordea berdin irauten du; ta aapaldiak, bata bestearen ondoren, zein baño zein indartsugo ta sutsuago oi datoz, irakurleari biotzean garra sortu oi diotela endana oroan.
Luzetxo dan ezkeroz, aapaldi batzu besterik ez ditut ipiñiko.
BARRUNTZA-LEIOAN
* * *
Nora noake, maitasun eske, neregan baitet
ederrik oro berezko ditun Maitalea?
Nola nabilke, argi-zaletsu, barnen baitigart
sukar-miazka, kiskaltzen nauen su-labea?...
* * *
Izpi-zorrozki, geziko al nau Maitale orrek!
Lertuko al dit griña makurren gaitz-burua!
Maite-gelako ardantegian estu loturik,
moxkor nazala, natzaion gaurtik zoratua!
* * *
Uxa ditzala,oroitza zear digarozkidan
ekaitz-laño ta elur aurreko bekaizketak.
Ta ipar mearen ega zurira joko dizkiot,
amets gorritan, ernemin dauden maitaketak.
* * *
Migura baizik etzan ageri adar-ertzetan,
beso zaintsuak, ezur iduri, sutarako.
Ta illundi loan, lasaiki zetzan muxar gaiztoak
begiz jo zitun bere sustraiak kabitako.
Beingo batean, ate-danbada entzun deritzat,
ta atera nintzan, giltza eskuan, an nor ote...
Ta idekitzean... ura bai zala maixtar bakoitza!...
Ondasun oro eskeñi zidan biotz orde...
«Sar zaitez, bada, erantzun nion, gela ontara...
Ortxen zaudeke zure gogora nai adiña».
Ta su entzutean zuzendu zidan argi-zirrara,
ene! neregan ikusi nuen loi-osiña!
* * *
Oraingo nere zentzu galduen itzarri ona!
Oraingo nere begi lausoen ikusia!
Lengo ederra narda dakuste; narda, ordea,
emen litezken eder oroen iturria...
* * *
Auxe biotzen egon luze ta pilpil berdiña!
Auxe ixillaren adigarrizko jardun gozo!
Arantzak sartzen balizkit ere, nere biotzak
ezten zulotik, zorun berria gaur artuko.
Igortzi leunka, euslari dauzkat bere besoak;
bere niniak, ene begien ur-ixpillu.
Ta argi-jarioz dagizkidaken mintzo eztiak,
esker berri ta biotz-jantzien edergallu.
Arnasa batek darabil gure bular-auspoa;
taupari berak biotz-unea pilpiratzen.
Ta udalen-lorak eguratsera liraken eran,
maite-larrosa muxuan zaigu gorriztatzen.
Maitasun-izpiz urtuki dago nere gogoa;
zenbat jaramon, ainbat biotza goriago.
Ta argi-dirdaiak lillura duan txoriñoa lez,
galda zuritan, eguzki orri begi nago.
* * *
Maite det, maite... maite, egaztiak egadak aña;
maite... illargiak kuku-igaria gauan beste...
Maite nau, maite... maite, dirdaiak ispillua lez;
maite... edertiak ume xaloak bezelaxe.
* * *
Urre ta lore dirdari dago barren-etxea;
izar-jantzirik, zutirik daude onbideak.
Ta agur-ereska makurtzen dira maite-aurrean,
gaurdaño ezin legozken zentzun gaizkilleak.
* * *
Oro det izpi oro det lore, oro det kanta;
ene gogoak ikusi baitu aldaketa!...
Gela ontara ene Maitea sar ezkeroztik,
biotz-ezurrak bai-dute naiko loraketa.
Etorria zait, beronekintxe, ondasun oro;
berezko ditu asma litezken on-iturri...
Ta udaberriak azi gazteai damaizkien lez,
ene gogora esker-euriak dixurizki...
* * *
Ta ona amaiaren bi aapaldiak:
Iñoiz ez al dit nagiak joko barren karnaba;
ez al du utziko, asita dagon, xinta mea.
Egunik-egun arituko al zait maite-leloan,
gozatu dedin irakas dion Maitalea.
Ta abesti orren oiartzunera, pizkor genuzke
maite-eguerdien egon luze ta bazkal-mintzo.
Ta arratsaldeak, izpi-euritan, lekarzkiguke
maite-koluxken izar zuri ta zorun-ardo...
Ona beste bi, ez goiko ori bezin luze, sakon ta goitarrak; baña bai txanbelin ta biozti ta zoragarriak.
ONATX ERLETXOAK
Muñorantza doa Yosutxo, kantari,
belarritan zintzil bi-iruna gerezi.
Mutil xalogorik!... Zeren billa ote?
Kilkerrak, marmari, agur dagiote.
Baño... oar!; beko eultzaren burrunba!
Erle danak, leitsu, ager-ixkutuka...
Zer gerta zaie, ba, Yosef'en erleai?
Lore bat ikusi, muñora poz-dirdai...
Egalda zaio bat; ezarri da tente
ezpain-marrubian, arrosa arek uste.
Zizta du ta, ene! odol-tanta atera;
kukuluan miztu-ta, berriz egatu da.
Egun gutxi buru, Yosef ezti billa...
Baño... zer da an? Yesus! Eultzeko iskanbilla!
Erle danak itsu, zoro, norabage,
ninitik zerbaitek eutsiko bailie.
Ta aberaska-urrean, izarño bezela,
urrin yarioka, ñir-ñir, odol-tanta!
Arrigarri bai au!... ta artuz aberaska,
poz-tutuli yo du Andra-Miren gana.
Baña Andra-Miren'en sen zorrotz, argia!
Ikusi orduko, barrendu guzia...
Yosutxo deitu du; laztan dio gero
ta aberaska bera yaten eman dio...
Sagara-muñoan, Yosu gorde zaigu:
onatx, erletxoak, Lore ori miztu!
ANTZEKIA
Lore begian kunkurrunkun
erle gorriztak burrun-burrun:
zer ote dio, zer lioke,
lore beraren nini-lore;
dantzatu ala barruratu,
egoak yo-ta miazkatu...
zer ote dio, zer esango
loretxoari kukuriko?
Erle gorrizta, zer diozu
lore begian marmaritsu?
Illargiaren kukupean
urretxindorrak udastean;
zer ote dio, zer lioke,
txiruliruka gaua beste;
sarats itzalen kulunera
ta ibai-erroten dunbotsera...
zer ote dio, zer esango
illargiari, aopeko?
Urretxindorra: zer diozu
illargipean txiruliru?
Zer diotsudan, Ama, Zuri
lore ta illargi zeran orri?...
Erletxoa naiz, lorea zu:
zer diotsudan badakizu!
Ta illargitara karnaba lez,
Zugana nago maite-miñez...
Illargia Zu, ni karnaba...
Bikote ederra... yakiña, ba!...
Ez noa eredu geiagorik yartzera. Oiekin naiko dala deritzait.
b) Ala ere aren olertian bada beste «nolakotasun» bat, argi-argi ageri dana ta aren olertitasunaz solas egiten dalarik, ixilik igaro ezin ditekena.
Esan nai det nola biltzen dituan, bat-bat egiñik, bere olertian Jainkoaganako, AndraMari'ganako, santuenganako biotz-eraspena alde bat, ta Euskal-Erri'ganako, Euskera'ganako, euskaldunenganako biotz-atxikitasuna beste alde.
«Arrasate» zarraren gañean datzan «Bedoña» auzoa, olerti darion auzo da. Gañ-gañean, eliza apezetxearekin. Inguruan baserriak, batzuek trokatxoetan, bestetzuk muñoetan, an ezpaita lur-zelairik. Guziak zugaitz itzaltsuz inguratuak. Aldapa beran datza «Mendibitzu» baserri aundia; ta antxe yaio zan gure olerkaria.
Urteko denpora geienetan, egunoro yoan oi zan elizara; ta bere adiñeko lagunekin, don Fermin erretore yauna irakasle zutela, kristau-ikaspidea ta eskola-leen-yakin bearrak ikasi zituan.
Ta Euskal-Erri'ko bazter artako Izadi zoragarriak, biotz-atean yo zion gazte-gaztetik, begiak zabaltzen bazituan zabaltzen, inguru eder aietako basoak, landak, soroak, iturriak tinkatzen baizitzaizkion gogoan ta biotzean.
Ordutik asi aren irudimena, Izadiaren izaki ederretik ederrera egaz ibiltzen, mitxeleta lorez-lore bezela.
Ordutik asi aren biotza Euskal-Erri maitatzen, au da Euskal-Erri'ko izadia, baserria, euskera euskaldunen naigabe ta pozen adiarazlea, egunoro otoitz egitera yoan oi zan elizatxoa. Ta oroen gañetik Jainkoa.
Ta gero Kaputxinotan, Aita-ikasteak ta bizitza mistikoa aurrerantz zioazkion bezela, umetako ta gaztetako maitasun oro aiek ere bizituz, indartuz, sugartuz yoan oi zitzaizkion.
Eta olerkiak egiñaz ari zala, maitasun ta zoramen oro aiek olerki sutsuetan, sakonetan ta goitietan azaldu ta irauli bear, nai ta naiez. Biotzean adi ta senti izaten oi zuana, bertsoetan esan ta adiarazi bear.
Orra nola, zerua ta lurra maitasun batean batu zituan, Asis'tar Serapin gartsuak bezela, ta nola bat egiñik dagertzen bere olerki jainkotietan.
1931-garren urtean, Tolosa'ko olerki norgeiagokara aurkeztu izan zuan «Arrantzalien arrats otoitza», iritzi orren garbitasun argiargia da. Ona ikusi.
Arrantzaleak illun-ezkillaren otoitza esan onderean, onela darrai olerkariak:
Ara... badakust... izar oztiña!
Ara antxen berriz... Neskuts bikaña!
Ara... oinpean,
lertu naiean,
txerren gaiztoa, tontor ertzean.
Ara... ageri da... Ama Birjiña!!
Miren Ederra, Miren Garbia,
Euskal-Erri'ko Ama Eztia:
goresten zaitut...
ta agur dagitzut.
Odol-malkoaz eskatzen dizut
zaindu zazula Euskal-Erria.
Miren Ederra, Miren Garbia,
arrantzalien Ama Eztia:
zure aur onak,
itxas-gizonak,
enda zarraren txertu sakonak,
bekarkizute ale gorria.
Miren Ederra, Miren Garbia,
gure izkuntzaren Ama Eztia:
lausorik gabe
Euskera gorde.
Ziur zurekin iraun dezake...
eman narotsu, eman bizia. .
* * *
Kantauri itxaso, Jainkoak nai du!
Euskal-semeak suarka zaindu;
irauli zaitez
zapuzti kaltez!
Arkaitza yo ta birrindu bitez...!
Errai gezalan arri biurtu...!
Irakurri ere nola otoitz egiten dion Antonio deunari
URKIOLA'KO ANTONIO DEUNARI
Zeinbat aldiz, bada, or gure aiton zarrak
auspez erori ziran, erre-ta min-garrak!...
Baña... bai jaso ere zure oñetatik,
zekarzkiten arantzak lore biurturik...
* * *
Arren! begira iguzu antziñan bezela:
zuzen zazu berorrek gure euskal batela.
Lasa zazu eskua, ta itz bat ez besterik,
gesalduak ditugu etsaiak bertatik.
Zaude, zaude gurekin: elkartu gaitzatzu;
nora ere goazen, ara zarraikigu.
Begira bai, Andoni: suzko sorgin ori
ez dedilla geiago Anboto'tik jetxi.
Gorrotoa erein du biotz geienetan,
ta anaiak berak gaitu nasi burruketan.
Lotu zazu, ba, katez arkaitz barrenean;
dagola antxen uluka sugarren artean.
* * *
Urka itzatzu goi ortan, batera, guziak
goizean oi duan lez gaua eguzkiak.
Bultza zaiezu gogor Anboto'tik bera
ta Anboto bera gero, durundiz, gañera.
* * *
Eutsi, eutsi, Andoni, Euskalerriari,
aritzak oi dion lez alboko untzari!
Bildu zazu estuki zure lokarriaz
ta atera burrukatik bli ta garaiaz.
Batu, ainbat lasterren, euskal-artaldea
ta alde oietan eman zeruko larrea...
Ageri zaigula, bai, guri Urkiola,
ekaitz-egun beltzetan dirdir dariola!!...
Ikusi ere «Banoakizu...!» olerkiaren aapaldi batzu. Lenengo, amari agurrik gozoena ta bioztiena egiten dio:
* * *
Zorionaren zori samiña!
Zugandik, ama, urrundu?
Alde-bearrak askatu ordez,
biotz-kateak estutu!
* * *
Atozte, arren! erle kutunak;
igortzi nere kopeta!...
berriren berriz odol-loreak
ezti-jarioz daude-ta.
Miztu arretaz bitez-lorea,
ozpiña bezin garratza;
mimikotxoan gorderik,
leundu amaren bizitz-arratsa.
Atoz sasitik, euskal-xoxoa:
urratu «borboil» paparra;
«txiruliruka» eres biurtu
ene amaren negarra.
Ar zazu gaurtik zure amatzat...
Leioan egin kabia,
ta sasian lez, kabi ertzetik,
poztu dantzari bizia!
Alaitu zaitez alik geienez!
Jantzi gaur eztai-jantziak...
Estali lorez ate-buruak;
zabaldu kutxan usaiak!
Amari egin eresiak amaitu ondoren, orra nola «Gurutzeari» oiu egiten dion:
* * *
Gurutz maitea: Zu zera gaurtik
nere begien argia;
Zu nere ama, lagun bakarra,
alaitasun-iturria.
Indarra zera ta indartsua naiz,
Zurekin naiz ni garaille...
Auspeztu bitez etsai gaiztoak
ta auspeztuz agur zaitzate!
Orru ta marru naskaldu bitez
lur eta itxaso zakarra!
Zurekin banaiz, ez det bildurrik...
Nekin daramat indarra.
Nekin daramat indarren-Buru,
nekin daramat bizia;
nekin daramat arantz tartean
margotuko dan azia.
Ta Gurutzeari egin agurra bukatu ondoren, Euskal-Erriaz oroitzen da; ta diamante-garau bezin eder dan aapaldia eresten dio:
Agur, Euskal-Erria,
zugandik banoa;
maite bazaitut ere,
maitago Jainkoa.
Bada, orañik, beste olerki bat, «Espak» izen-buru duena. Artan, beste goiko oietan baño argigo dager Loramendi'ren «nolakotasun» ura: nola biltzen zituan Jainkoa ta Euskera ta Euskal-Erria biotz-ondo batean ta maitasun batean. Luzeegi ez izateagatik ez dapint emen aren zatirik.
2-garren. Zeintzu, izan ote ziran LORAMENDI'k geien irakurri oi zituan idazle ta olerkariak; eta zeintzu, eragipenik bultzakoiena egin ziotenak?
Yakiña apaizgo-ikastaroan, «humanista» deritzaion elertia ongi ikasten dala. Bai ta geroagoko erri-elerti berriagoak ere ikasten dirala ta elerti oietan egindako liburu nabarienak irakurri ere bai.
Geroztik, yakituri ori, oiñarri bezela, Loramendi baitan ere ipiñi bearra da.
a) Erdal olerkarietaz ari bagera, Gabriel y Galan ta Verdaguer katalandarra gogoz irakurtzen zituan ta aien bien eragipena ezagun da bere olerkietan. Mistral ere, «Probentza'ko Homero» ta «XIX-garren mendeko olerkaririk gorenena», Orixek euskerara itzulia, ongi irakurria zuen. Eta baita beste erdal liburu asko ere.
Ikus dezagun nola duen Gabriel y Galan'en eragipena. Loramendi'ren bertsoai ere, arenai bezela, musika darie; ta, arek bezela, ereskitsuen diran bertsoak, bein ta berriz ta geiagotan berresaten ditu.
Esaterako bat: ar dezagun Loramendi'ren «Zerbait bazuen!» olerkia.
«Zorun egaka... Egun sentia. Giro epela...» bertso ori bera iru aapaldien asiera da, olerki laburra izan-da ere; ta gañera, azken aapaldiño asiera ere.
«Egun sentiko zorun-egaren ega samira!» berdintsu.
«Zerbait bazuen» bertso ori, lau bider dago esana.
«Ikusi nuen» bertsoa, iru aldiz.
«Igarri nion» bertsoa beste ainbat aldiz.
Olerki labur batean orrela. Ta olako birresate tartean ekarri oi ditun bertsoakin, musika darion olerkia egin oi digu.
Ar dezagun orain Gabriel y Galan'en «Los pastores de mi abuelo» deritzaion olerkia «Ya se han ido, ya se han ido!» bertso ori bi aapalditan dago; ta gañera, oien aurre, erdi ta ondoko aapalditan ere, ori bezelako bertsoak ditu, esaterako:
«Se acabaron para siempre...» edo «Ya no riman, ya no cantan» ta abar.
«Yo quisiera» bertso zati orrekin, sei aapaidi asten ditu.
«Más poetas, más poetas» lau aapaldien asiera.
Ta naiz Loramendi'ren, naiz Gabriel y Galan'en olerki bi oiek itzetan ugari ta bertsotan ereskitsu dira; ta bietan ageri da berdintasun ori. Baita beste olerkitan ere.
Egia, orain ez dala garai aietan bezin goretsia Gabriel y Galan olerkaria. Adimen gutxikoa ta bakunegia dala diote baten batzuk.
Baña beti ere egia da, Izadi barrenean barrentzen dala ta onen edermen-oiulari dala. Orregatik beti olerkari izango dala.
Loramendi'ren olerkiai ere alako musika ta bioztitasuna darie; alako itzen erreztasun ta ugaritasuna dagerkigute ta alako Izadiaren edermena sentiarazten digute.
«Norbaiti entzun diot Loramendi'ren neurtitz batzuek belarriai itsatsian gelditzen dirala eta noizbeinka abesten asten zaizkiola», idatzi zuan «Zaraya'k» (4).
«Zaraya» ori Loramendi beraren ikaskide zan ta lerro oiek, ura il-ta bereala, idatzi zituan; ta gañera, ura bezela, euskal-olerkari ta idazle. Gaurko egunean, Ego-Ameriketa'ko Ordenaren mallarik gorenetan lanean ari da. Baña beti darama, berekin, bere gaztetako euskeraz itz-egin naia.
b) Baita ezagun da Verdaguer'en eragipena. Naiko onen «Idilis i cants mistichs» ta Loramendi'ren olerki batuek irakurtzea, bien antza ikusteko. Esate baterako, Loramendi'ren olerki «Noletan?», «Illargitara», «Usoekin gora», «Antzekia», «Onatx, erletxoak» irakurri ezkero, Verdaguer'en gomutea etorriko zaiela, au ezagun dutenai, uste det.
Ona zer idatzi zuan goian aipatutako Zaraya berak: «Gure aldizkari onetan argitaratu diran batzuk, Verdagueren «Idilis i cants mistichs» olerki sortan lotsarik gabe, sartuko lirake, nere ustez» (5).
z) Orain, euskal idazle ta olerkariak egin zioten bultzaz ta egagipenaz ari bagera, idazlan onen I-ngo zatia gogora ekarri bear degu eta oroitu Loramendi bera ere mende oneko idazle ta olerkarien artean «izar» bat izan zala. Zalantzik ez, yoranez irakurtzen bide zituala euskal-elerti-idatziak, naiz aspaldietakoak, naiz garai berrietakoak, naiz itz neurtuetan egiñak naiz itz-lauzkoak.
Bestealde, Loramendi'k giputzeraz idazten bazuen ere, bizkaieraz ondo zekien, «Bedoña» bere yaioterrian bizkaieraz itz egiten bai-ta eta bere idatzietan ere laster ikusten da bazekiela bizkaiera. Orregatik idazle ta olerkari guzien edo geienen idatziak irakurriko bide zituan.
Loramendi olerkitan ari izan zan garai artan, Jauregi, Lizardi ta Arrese tolosarra ziran ezagunenak. Baita, orduan agertu berria zan «Lauaxeta» bizkai olerkaria, bere liburu «Bide Barriak» argitara berriakin ta irarri paperetan atera oi zituan olerkiekin.
Loramendi'ren «Illargitara» edo «Urkiola'ko Antonio deunari» edo beste batzu irakurriz, Jauregi'ren antza badutela laster ezagutzen da. Aitzol'ek idatzi zuan: «Lizardi ta Arreserena baño Jauregi'ren antz aundiago du neurtitz askotan ta bai ta bere olerkari-izaera osoan ere» (6).
Ala ere, Lizardi'ren antza ere badu gai askotan, urrengo lerroen batzutan zer edo zer adiaraziko dedan bezela. Orra, bera il-da, urrengo «Zeruko Argiak» zer zion: «Loramendi gure gazteak onengandik («Lizardigandik») asko ikasi zuan egun gutxitan. Baña bata eta bestea bere ametsik ederrenak egiten ari ziran egunetan, or joan zaizkigu gizon guzien Saritzallearen saria jasotzera! Lurreko beren ezagun guziok negarrez utzi gaituzte; baño zeruko guziak pozez bete dituzte alako gogo bikañak» (7).
3-garren. Oar batzu.
II-garren atal au amaitu baño len, orañik zerbait esan nai det Loramendi'k erabilli oi duen euskeraz.
a) Lenen-lenena, euskera ederra duela ta euskera asko zekiela. Naiz Izadiaren bizitza ta edermena azaltzeko, naiz giza-biotzaren naigabeak ta sentiera agertzeko, naiz gogai-mistikoak adiarazteko, euskeraren yabe da ta bear bezelako itz egokiak errez etortzen zaizkio. Adimen-gogoetak ta biotz-zirrarak errez daki euskal-bertsoetan azaltzen.
Ain ondo ezagutzen zuan Aitzol'ek esan zuan:
«Bere naitara menderatzen eta biurtzen zuan (euskera) eta irudimen bizi-beroak sortzen zizkion burubiderik bikañenak, naiz amets irudirik apain-ugarienak, antxe erabiltzen eta bere gogara ederki yazten» (8).
b) Aditza batzutan Gipuzkoa'ko errietan bezela erabiltzen zuan, ez ordea gramatikak irakasten duen bezela: «zizkidazun» «zenizkidan» ordez, «zidazula» «zenidala» ordez. Bai ta noizpait, aditza bera «singularrean» «pluralean» erabilli bearrean, esaterako: «Barrendu zazu sakon sustraiak» «Barrendu itzatzu...» ordez; « ega motxean minduki dagi pir-pir samiñak» «minduki dagiz pir-pir samiñak» ordez.
Ona Azkuek zer dion: «Hay zonas en «B» como «B»-aram-legut-leintz-mond, en que por lo menos en gran parte de las formas verbales no se usa particula pluralizadora. «Gure aitak berrogei ta amar urte dauko» (en vez de «daukaz» o «daukoz»: nuestro padre tiene cincuenta años») (9).
Baña oiek eta beste orrelako uts batzu, oarkabez, yoan zitzaizkion utsak dira. Ba leku geien-geienetan ondo erabiltzen ditu ta gutxi dira ola gaizki daudenak.
z) Bazuen gure olerkariak berezizko beste trebetasun ta itzala: itz txanbelin bi, bata besteakin yosi-ta, irugarren itz lilluragarri, zentzun sakonekoa egiten zuala. Olako itz bikoitzak, urrezko ariz yosi-ta, non-nai ditu. Ona, esate baterako, «Barruntza leioan» olerkiaren aapaldi bat:
Ta argi-txintara elur-tantoak lerorzken eran,
arraka darortz eguzkitara biotz-miñak.
Ta izpi-urreak damaien bidez, loretzen dira
aapaldi zurbil zirauten adar-kukuliñak.
Edo olerki berdiñetik artutako beste lerro bi oiek:
Ta armiarmaren dantza-sareak dilindan da dagertz,
itur-ariak euzki-ixlan baño distiago.
Orra ongi esan zuala Zarayak: «euskeraren asieratik elkarren billa zebiltzen amaika mintzo uztarritu dira bai Loramendi'ren bidez!...» (10).
Ontan Lizardi'ren antzeko dala uste det. Lizardi adimentsugo ta legorrago; Loramendi ordea irudimentsugo ta biotz-ukigarrigo.
Trebetasun orregatik beragatik baditeke illunxe izatea batzuetan. Orixe'k «Lizardiz» esan zuena (11), Loramendi'z ere esan bear dala uste det, au da «lerro erdika, laurdenka, itz bakoizka» irakurri bear dirala aren olerkiak, batzuetan beintzat, barnean duten eztia txastatzeko ta berekin daramaten zentzuna ondo artzeko.
Eta igaro gaitezen orain III-garren atalera.
III
Loramendi-ren olerkien iritzia
Argitara zituan olerkiak, guziz, 25 dira; geienak «Zeruko Argian» atereak. Bi: «Arrantzalien arrats-otoitza» eta «Barruntza-leyoan», «Euskaltzateak» bazkunak eratu oi zituan olerti - norgeiagokara aurkeztuak, lenengoa 1931-an eta bigarrena 1932-an. Onek urte artako lenen saria, au da zillarezko aritz-adarra, ezkur ta guzi, irabazi zuan. Ta biek «Eusko-olerkiak» liburu xaloetan daude. Beste bat «Banoakizu...!» 1935'ko «Yakintza» aldizkarian, 16-garren zenbakian agertu zan, «Loramendi» il-da bi urte geroago.
Ona emen «Zeruko Argian» argitara ziranen izen-zerrenda:
1) «Ardi gaxoa!» (Z. A. 140 znbk., 1930'ko Dagonilla.)
2) «Guztiz ederra» (Z. A.143 znbk., 1930'ko Azaroa.)
3) «Belen'go argi-lorea». (Z. A. 145 znbk., 1931'ko Ilbeltza.)
4) «Raptrix cordium». (Z. A. 146 znbk., 1931'ko Otsailla.)
5) «Enada beltza!...» (Z. A. 147 znbk., 1931'ko Epailla.)
6) «Landaretxo ameslari!» (Z. A. 150 znbk., 1931'ko Garagarrilla.)
7) «Noletan gero?» (Z. A. 151 znbk., 1931'ko Uztailla.)
8) «Zerbait bazuen». (Z. A. 153 znbk., 1931'ko Agorrilla.)
9) «Maitasuna ez da maitatua». (Z. A. 154 znbk., 1931'ko Urrilla.)
10) «Illargitara». (Z. A. 146 znbk., 1931'ko Negilla.)
11) «Usoekin gora». (Z. A. 158 znbk., 1932'ko Otsailla.)
12) «Espak». (Z. A. 159 znbk., 1932'ko Epailla.)
13) «Alleluya!» (Z. A. 160 znbk., 1932'ko Yorrala.)
14) «Urkiola'ko Antonio deunari». (Z. A. 162 znbk., 1932'ko Garagarrilla.)
15) «Antzekia». (Z. A. 164 znbk., 1932'ko Dagonilla.)
16) «Barruntza-leioan». (Z. A. 165 znbk., 1932'ko Agorrilla. Auxe da zillarrezko aritz-adarra irabazi zuena.)
17) «Otoi, adiskide...!» (Z. A. 167 znbk., 1932'ko Azaroa.)
18) «Onatx, erletxoak». (Z. A. 171 znbk., 1933'ko Epalla.)
19) «Aolku on». (Z. A. 172 znbk., 1933'ko Yorralla.)
20) «Nor eta zer naizen?...» (Z. A. 173 znbk., Orrilla.)
21) «Itsu bainengoen...» (Z. A. 175 znbk., Uztalla.)
22) «Moises'en esker-abestia». (Z. A. 177 znbk., Agorrilla.)
23) «Txinparta eresia». (Z. A. 185 znbk., 1933'ko Orrilla.)
24) «Arrantzalien arrats-otoitza». (EuskoOlerkiak. 1931'ko urtea.)
25) «Banoakizu...!» («Yakintza» aldizkaria; 16-garren znbk. 1935'ko Uztail-Dagonilla.)
Argitaratuak izan ziran ogei ta bost olerki oietatik, Onaindia Abaren «Milla Euskal-Olerki Eder» liburu ezagunak ere badakar moltzo eder bat, zortzi: «Otoi, adiskide...!», «Illargitara», «Onatx, erletxoak», «Antzekia», «Barruntza-leioan», «Enada beltza!...», «Landaretxo ameslari!», «Urkiola'ko Antonio deunari».
1933'ko «Eusko-Olerkiak» ere badute mordoska txikiagoa, sei: «Illargitara», «Onatx, erletxoak», «Enada beltza!...», «Usoekin gora», «Antzekia», «Otoi, adiskide...!»
«Barruntza leioan», 1932'ko olerti-norgeiagokan lenen saria irabazi zuana, berez «EuskoOlerkietan» argitara bearra ta argitara ere zana da. Baño «Zeruko Argian» ere agertu zan ta «Eusko-Olerkietan» baño lenago. Orregatik, goiko izen-zerrendan, «Zeruko Argian» aterea ipiñi det.
Itz-lauz ere baditu bost idazlan txiki. Oietaz ere zerbait idatzi gogo det. Ba idazlanak, bukatze berdiña duten itz neurtuetan egiñak izan ez arren, olerti atsegin-atsegin izan ditezke; eta orrela dira izan ere «Loramendi»-ren idazlanak, itz lauz egiñikakoak.
Dakigunez bost dira ta bostak «Zeruko Argian» agertuak. Ona aien izenak:
1) «ALETXOAK. Lo ta amets...!» (Z. A. 157 znbk., 1932'ko Ilbeltza.)
2) «Euskal-kaiola». (Z. A. 158 znbk., 1932'ko Otsalla.)
3) «ALETXOAK. Guzien Eredu». (Z. A. 159 znbk., 1932'ko Epalla.)
4) «ALETXOAK. Agur, tontorrak». (Z. A. 161 znbk., 1932'ko Orrilla.)
5) «Noiz, amatxo?...» (Z. A. 174 znbk., 1933'ko Garagarrilla.)
* * *
Yarrai gatzaizkion gure arloari ta asi olerkietaz solas egiten, guzietaz izan ezik, batzuetaz beintzat.
GUZTIZ EDERRA. Olerki onetan Loramendi'ren irudimen gazte, bizi ta egakorra azaltzen zaigu. Gogoa lotan datza illar gañean, illunbe lodiaren egadapean; eta goiaingerua datorkio eta laztan estua ezarriz ta esnatuz, mendiaren beste aldeko tontorrera darama.
Ego lirañez estali zuen
azkenik gogoa;
ta gaindu zuten ega luzean
mendiren lepoa.
Biek mendi tontorrean daudela, Izarra agertzen zaie zeru garbi, oztiñean. Orduan gogoak:
Izar Ederra, Zoragarria,
biotz erien Zoruna!...
Eta goiaingemak:
Geitu zazula zure goraltza,
ziñez zaio-ta leguna!...
Eta bien artean aldizkatuz «Tota pulchra es» abestia, bertso samurretan euskeratua, AndreMaria'ri oiu dagiote.
BELEN'GO ARGI-LOREA. Olerkari gazteak bere egakada zeruko eremu goietaraño igotzen du, arranoak bezela. Irudimentsu, biotz-ukigarri ta goitar dabilkigu. Gabriel y Galan'en antza, baita Jauregi'ren antza ere ageri dira, ene iritzi apalez.
ENADA BELTZA!... Poema liriko gozo, illuna ta biotza ikaratzen duena. Elerti-liburuak dakarzkiten poema liriko ereduen artean ongi ipiñi litekena.
LANDARETXO AMESLARI!... Au ere elerti-liburuetan, eredu bezela, ipiñi bide diteke. Ez det uste erdal-liburuetakoak askoz obeak direnik.
ZERBAIT BAZUEN! Azkoiti'ko Jose Luis Abaren oroitzez egiña. Jose Luis Aba, «Zendoya», «Zeruko Argia'ren» lankide sutsua izan zana, Altzatzu'ko ikastetxean irakasle izan zuen. Aditz sintetikoa maisuki darabil.
MAITASUNA EZ DA MAITATUA. Asis'tar Prantzisko Santuaren «loretxo» polit bat. Zozoa negarrez, kabiko umetxoen artera sugea sartu dala-ta. Eta Prantzisko'k kantuan ezagun zozoaren naigabea; ta badioaz biek kabira.
Eta zozo-kumeak irunsteko, aoa zabalik zegoen suge lodia, ikusten ta botatzen du kabitik. Ta gero, naiz zozo-amari naiz zozokumeai, eskuz igurtziak egiñaz, yaten ematen die.
Gogai ezberdiñak batuegiak ditu, bear bada, bata besteakin. Otzaratxo batetik gerizak ateratzen asi ezkero, nai baño geiago etorri oi diran bezela, batak bestea erakarri-ta, eta «loretxo» onetan ere, ideak ta irudimengaiak, bata bestearen ondoan, irakurleak uste dun baño geiago oi datoz.
Orregatik ataltxoetan zatitu-ta gogaiak pizka bat berezi balitu, argi ta samurrago litekela, uste det.
ILLARGITARA. «...auxe da gurekiko Loramendi'ren olerkirik bikañenetakoa», idatzi zuan Aitzol'ek (12).
Jainkotiar olerki eder-ederra auxe, Verdarguer'en beraren mallakoa.
USOEKIN GORA. Erkatu olerkitxo au Jauregi'ren beste olerkitxo batekin: «Jesus'en Biotzari»
Egan dijoaz usotegirontz,
egan dijoaz usoak
ta zure Biotz-barrura doaz
maite zaituzten gogoak.
Eta erkatu biak Verdaguer'en arekin:
Les colometes volan,
volan al colomar;
les animes que estiman
volan a vostre altar.
URKIOLA'ko ANTONIO DEUNARI. «Leintz» ibarreko errietan eraspen sutsua diote Urkiola'ko Deunari. Orregatik ez da arritzeko Loramendi'k olako otoitz gartsua egitea Urkiola'ko Antonio'ri. Ikusi zenbait aapaldi II-garren atalean.
ANTZEKIA. Dana izugarri eder, txanbelin ta lilluragarri. Verdaguer'en antza emen ere. II-garren atalean ikusi diteke olerki osoa.
BARRUNTZA-LEIOAN, zillarrezko aritz-adarrez saritutakoa. Ezagun da erraztasuna, obe askatasun osoa lortu nai duela olerkariak, adimen-gogoetak eta biotz-zirrarak euskal-bertsoetan iraultzeko. Aditz «sintetikoa» ongi ta erraz darabil; ta itzak bata besteakin alkartzeko ta yosteko ere itzal berezia du. Poemaren sarrerako bertsoak «Loak ar bitza, loak ar bitza, t. a.» olerkiaren motelenak dirala uste det. Klasikoen itxuran egiñak, ez oi datoz biotzetik, ikasitik baño. Irakurri aapaldi batzu II-garren atalean.
ARRANTZALIEN ARRATS-OTOITZA. Tolosa'ko olerki-norgeiagokara aurkeztua 1931-an. Aitzol'ek, olerki au Loramendi'k ogei urte bete berri zituanean egiña dala, esan ondorean, gora-goratzen du. «Ez dakit euskeraz irudimen yoriagodun olerkirik ote dan» (13). Onen aapaldi batzu ere ikusi II-garren atalean.
OTOI, ADISKIDE...! Loramendi'k berak, itz lauz egindako «Noiz, amatxo?...» idazlanaren ataltxo bat da, bertso bioztietan ipiñia.
ONATX, ERLETXOAK. Urre ta zillarrezko ariz egindako txirikorda ikusgarri, dirdaria, Verdarguer'en mallan ipiñi ditekena. Ikusi olerki osoa II-garren atalean.
NOR ETA ZER NAIZEN?... Amari eskeñitako olerkia, «Meza-Berri» egunerako.
Aren gaxoa! Jainkoa, zai zegokion, meza eman baño len, zerura aldatzeko. Jainkoak ere gazterik maite izan gure olerkaria!
Euskera erabiltzeko yarein ta askatasuna dager alde orotatik. Irakurri lerro oek:
Ene gogora dagokit zeru-goi osoa:
ots dagiet ta bertatik, ogi ta ardoa
ez dira ogi, ez ardo, baizik Jaungoikoa,
itxuretan beste arren, dan bezelakoa.
* * *
Oi! al baleza gizonak
nolapait gaur esan,
Jainkoaren esku onak
zeinbat egin didan!...
Kanta bezaio, bai kanta
biotz onak beti!
Ekeratik orrobira
aintza, Jauna, Zuri.
Olerki au osoa irakurri ezkero, yakitun gaude, gure euskera zarra, askoz berritu gabe ere, munduko izkuntz arroenak bezin gai ta egoki dala, gogoeta ta asmamenik sakonenak ta goienak, argi, indartsu ta bear dan bezela adiarazteko.
MOISES'EN ESKER-ABESTIA. Oda jainkotiarra, Moises'ek egiña, biurtz-antzera euskeratua. Auxe bera erderatu zuan Herrera ospetsuak «A la victoria de Lepanto» izenburuz; ta erdal-elerti liburuetan eredu bezela ekarri oi dute.
Ala ere Herrera'ren itzulpena askatuegi ta arroegi egiña da. Loramendi'na berriz, lotu gabe ta biurtz antzera egiña bada ere, «Moises»enakin askoz antzekogo ta, batez ere, tolesgabeko ta berezkoago da.
BANOAKIZU...! «Yakintza» aldizkariak agertu zuan, olerkaria il da bi urte gerogo. Onek igarri bai-zuan nonbait, eriotza zetorkiola laster ta amari egin zion azken agurra.
Amari dizkion aapaldi oiek baño ederrago, samurrago ta gozoagorik ez da errez asmatzea. Danak bai-daude alako naigabe illunez ta paketsuz yantziak ta estaliak! Irakurri onen zati batzu ere II-garren atalean.
ITZ-LAUZ
Igaro gaitezen orain, Loramendi'k itz-lauz egin idazlanetara. Dakidala, bost besterik ez.
1) «ALETXOAK. Lo ta amets...!» Sendi donearen margo-erti ta pintura zoragarria. Negukoa. Idazlan au irakurri-ta bareala idatzi nuena, ipiñiko det emen: «eder-eder, txanbelin, zoragarri ta atsegin-sorgiña. Emen ere itzak alkarrekin yosiaz, irudimena ta itzala darakusgu. Itz yareitan idatzia; baña olerti polita baño politagoa, seaska-eresirik begikoena baño begikoagoa. Itz bat ta esaera bat ta lerro bat, beste lerro ta esaera ta itza baño ederrago, zein baño zein zoragarrigo.»
2) EUSKAL-KAYOLA. Ijitorontz dioa Sendi Donea. Ta aiek bidean darabilten astotxotik euskal-baserriraño garamatzi olerkariak. Astotxotik euskal-baserrira ta euskal-baserritik euskal-sendira, euskal-sendia Sendi Donearen antzeko egin naiaz.
«Maitasuna ez da maitatua» olerkian esanik utzi dedana: emen ere gogoeta bat bestearen ondoren oi dator otzarako gerizak ateratzean, bata bestearen ondoren etorri oi diran bezela. Izenpea: Arana'tar J. «Loramendi'ren» fami-izena da.
3) «ALETXOAK. Guzien eredu». Idaztankeran euskera garbi-garbia badu ere, beste lanetan baño errezago da. Geroztik garbitasuna ta erreztasuna bat egin ditu lan onetan.
Itz-lau eder-ederra da; ezagun da idazle goi-goitarra izango zala yarein idatzietan ere. Orain arteko idazlanetan, enetzako auxe onena.
4) «ALETXOAK. Agur tontorrak». Gure mendi-tontorrak Andre-Mari'ren irudiz ornituak daudela-ta, begien aurrean dapinkigu, Andre-Mari, uso-talde erdian, Euskal-Erriko tontorretara etorri zalako aselea. Eta ordutik daudela gure tontor geienak Andre-Mari'ren irudiz apainduak. «Agur, Ama...; ta agur, tontorrak» amaitzen du olerkariak.
5) «NOIZ AMATXO?...» Idazki zoragarria, dana gudaen aurkakoa. «Otoi, adiskide» olerki barruan daukan gogaia zabaltzen du emen, gudaen aurka zuzenduz.
Olerkariak biotza zerua bezin ona izan ta ezin ikusi gudarik begi onez.
Ez da erraz lantxo au irakurtzea, negar malkoa begietaka etorri gabe. Lantxo onetan ere, itzak bata besteakin yosteko trebetasuna ageri du.
Benetan xaloa, bioztia, illuna ta gozoa idazlan au!!
Amaia.
Olerki ta itz-lau oiek irakurriz ari danean bat, alako min batek, alako oiñaze batek yarraitzen dio gogoari denpora guzian. Olerkien eztia miztatu, aien goitasun ta sakontasuna gozartu alde bat... eta gogoari beste alde, tinki atxikiturik alako oiñaze ixil, samiña, pakerik uzten ez diona.
Biotzak iñolaz ere ez nai, alako olerkaria ain gazterik iltzea ta negar dagi ixil-ixil barnean, begietako malkorik gabe. Eta oiñazeak ikututa, biotza ere intziriz, esaka: «ai! onelako olerkariak ez lukete ain gazterik il bear. Luzaro, luzaroago bizi bear lukete gurekin, musikarik bioztien ta gozoena olerkietan guri uzteko ta, batez ere, Euskerari, gure Euskera zarrari, arnasa ta bizia arrarazteko. Onelako olerkariak ez lukete ain gazterik yoan bear...»
Eguzki aldeko zeruetan «meteoroak» oi dira noizpait, gau illunetan. Zeru ta lurreko bazter oro argi-argitzen dituzte, unetxo batez besterik ezpada ere. Unetxo ori igaro ta argia berriz itzali ta beraz gau illun-illuna...
Illunpean dabillen bidariak, biotzean oiñaze ta naigabe artu oi du, argi eder ura ain laster itzaltzen dalako. Argi arrek irautea nai gau guzian edo zati luzez beintzat. Zeru-eremutik iges doala ta itzaltzen dala ikusiz, biotzean miña, atsekabea artzen...
Ala ere, unetxo bateko argi arrek mesede egin dio, ta aundia gero. Aurreko ta aldameneko aitzarte ta malkorrak argitu dizkio ta, bizitza galdu bear zuan lekutik, ondo ateratzen lagundu dio. Gaueko unetxo bateko argi arreri eskerrak, bizirik atera da!!...
Ene! Euskaldunok ere illunpe lodian gabiltz, gure Euskera nola gaizkatu ta bizitu ez dakigula...
Orra da Euskeraren zeru illunean argia agertu zan ta Euskal-Erriko lurra ta zerua argi-argitu zituan. Argi arrek izena LORAMENDI.
Baña zeruetan agertutako «meteoro» bezela, gazte-gazterik itzali ta yoan zitzaigun, euskal-biotzak oiñazez utzirik.
Ala ere argi egin zigun; ta argi arreri eskerrak, badakigu zein bide artu, euskera biziarazteko ta pizkortzeko ta euskerari arnasa ta indarra emateko.
Batez ere gazteai bidea zabaldurik utzi zien.
Ekin ta ekin lanari, Loramendi'k bezela. Arrek bezelako olerki bioztunak ta irudimentsuak egin; adimen ta biotz-gogaiak irauli euskal-idatzietan; ta sua eraman euskal-biotzetara; ta eraman argia euskal adimenetara: ta sortu euskaldunetan gai orotariko idazleak, eguzki oso-osoa agertuko zaigun bitartean... Euskal-Erri osoa loretegi ta landa ikusgarri egingo zaigun bitartean... errekak ta ibaiak (idazleak), osotasun guziak dituan itxaso zabal, eder, mugagabea (elerti garaillea) ekarri bitartean...
Euskaltzaindiak artu bear luke bere gain gazteen zuzentze lan eder ori; urteoro, bein gutxienez, euskal-olerti-eguna egin bear luke, ta urteoroko norgeiagoka aiek berritu; ta gero olerkiak, sari-irabaziak ta sari irabazi gabe ere, argitalgarri diranak, irarri ta liburu txanbeliñetan argitara ta zabaldu. Gazteak zuzpertzeko ta adoretzeko. Gaztedian dago itxaropena, Euskerari bizia ta indarra emango diola.
«Gizon bat naikoa sarri, indar sakabanatuz korapillo egiñik, idazle mordo garbala osotzeko. Ta oneik dagien lana, alkar subiztu-ta!» (Manterola'tar G.)
Euskaltzaindia yaun langille ta goresgarri asko dituena da.
«Orra or ba bide bakarra, Euskera piztutzea nai izanik eusko-olertia zabaldu, olerkariak goratu ta txalotu eta indartu bear, euskera eder, sendoa nai badegu» (14).
«Anti...» ta «...ismo» guziak alde bat utzirik, batu gaitezen guziok ta Euskerari lagun dezaiogun, Euskal-Erria «euskal-erri» izanaz yarrai ta bizi dedin eta gure gañera etorri ez dakigun errua, Euskal-Erri «erdal-erri» aldatu degulako erru lotsagarria.
1959'ko Dagonillaren 9-an.
(1) Liburu, agerkari ta idazleen izen-zerranda au ezta osoa, geldiro ta zeatz-zeatz egiña, idaztortzaren ibiltze lasterrean arin-arinka gogoratua baizik. Batez ere Donosti'n euskal-elertilari asko ta onak agertu ziran, aien izenak emen aitatuak ez egonagatik. Yakintza-liburuetan ere beste geiago azaldu ziran, esaterako «Pisia» eta «Kimia» Jauregi Abarenak, ta abar. Berdin beste edozein gaiari buruzki egiñikako liburu ta gutunak. Idazlan au, norgeiagokara aurkeztu bearrez, lasterka asmatua ta egiña da.
(2) Bazala batzuen baitan iritxi ori, Intza'r Damaso Ak. Jauregi'ren «Biozkadak» olerti-sortari eratu zion itzaurretik, igerri diteke.
(3) Aita Onaindia'ren «Milla E. Olerki Eder» liburuan, 191-garren orrialdean ikusi diteke.
(4) Ik. «Zeruko Argia» 173 znbk., 1933'ko Lorilla, 8G-Orr.
(5) Ik. «Zeruko Argia» leku berdiña ta idazlan berdiña.
(6) Ik. «Eusko-Olerkiak», 1932, IX-garren orr.
(7) Ik. goian esandako «Zeruko Argia» berdiña, azken aldeko iragarki orrietan, «Bi olerkari gutxiago» izenburu duan lanean.
(8) Ik. «Eusko Olerkiak», 1932, VII-garren orr.
(9) Ik. Azk. Dic. vasc.-esp.-fr., 1905, 396-orr., Z izkian.
(10) Ik. «Zeruko Argia» aurrean aipatutako «Zaraya»ren lan eta leku berdiñean.
(11) Ik. «Kuliska Sorta»'ko Biotz-begietan olerkiak: Lizardi, XXIV-orr.
(12) Eusko-Olerkiak, 1932, XI-orr.
(13) Eusko-Olerkiak, 1932.
(14) Aitzol'ek. «Eusko-Olerkiak», 1930, 4-orr.
|