Sua, gizabideen inguru
Otsalar
Gernika'ko zuaitzari
bere eun urte-buruan.
Eusko baserriaren su-bazter txokoa,
zure garraren dantzak gaua inguruan.
Oraindik zure beroak iraunaz naroa;
zenbat oroitz igeskor ditudan buruan.
Larri-miñez gogoa, matasaz asmoa
gizabidea kezka miñez erriz-erri
bere aldakeretan iziturik doa,
oiñarrietan sua dalarik geznari.
Axolatasunari loturikan darrai
odei astunak nagi zeru zabalean;
aurrera, denbora gelditzeke lasai
t'eguzkia astiro bere ardatzean.
Egunak ziran labur, negua bai luze.
Prometeo'n likinkeri ausarteri esker,
gauaren amilletik igoz argi gose,
itzal nausitasuna galdu gendun laster.
Itzartuaz zetozten gizondu zirenak,
denbora aldakorra urteen buruan,
naiz aserre-bizi ari izan urak
libertadea itotzen ez dun itxasuan.
Basati eretako urruti galdutik
buztin lantzaille gendun jentil su beroa,
etorkizun amatzat jator ariturik,
arriaroan utziz animen lausoa.
Gure kondaira zarrak bere irudia
eusko Prometeo'tzat dauka Subillaro;
entendimentu onez dalako jantzia,
aita Noel antzera emen Olentzaro.
Sutan mendi-gaillurrak udako San Juan'en,
sua etxerik-etxe ixu-egunean,
garra da sorgin-dantza, suzko akelarren,
t'Eguberri sarreran Gabon-enporrean.
Euskaldunon biotzak, ain dira aparte,
su mantenduz zaitugun arbola santua
zagozkigu ikurkun guztion alkarte,
jarrai ditzagun lege zarren agindua.
|