L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Literatur Aldizkarien Gordailua
                   - Olerti aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

<oler1100>— Olerti 1961 III (1961-uztaila/iraila) —Hurrengo artikulua




 

 

Euskal poesi neurkera

 

Onaindia

 

Aldizkari ontan aurre-zenbakiko atarikoan aztertu ta azaldu gendun, naiz-ta erdi mordoillo, euskal azentuaren alderdi bat. Euskerak baditu, izan be, itz guztiak olango indar berezi ta esateko barik ebagi ta mingatu arren, bere mintzor edo azentuak, bi behintzat, bata izena ta bestea esaerena.

        Izen edo itzak ez doguz, jakiña, danak goibe bardiñaz esaten, gizona, adibidez. Itz onek iru izki dauz ta, oguzkeran bardintsu edo bardin antzeko izan arren, izki bakoitzak ba-dau bere oldar apartekoa. Iru silabako itzetan, geienbat, lenengo ta irugarren izkiak daroe indar ori: gIzonA, esan oi da.

        Alan eta guzti be, ez da arazo erreza azentu-arlo au lege ta arau jakiñetan esitu ta sartzea, erri batetik bestera be olako aldakuntza pizkat ba-dalako. Ta, gaiñera, mintzor orren doiñu ta indarrak igeskor ibil-zaleak dira. Beti ez daukaguz leku baten tinko ta senda, egon berean.

        Baiña onetzaz urrengoan geiago. Gaur, len itxi saillari lotu ta ekiñik, mintzo gaitezan gura bersoak bear daben neurri, eten ta azkenaz.

        Neurria. — Gerkar ta latiñak neurri-oiñez osotzen ebezan euren olerti-lanak. Geroagoko izkuntzak ez dagie olan geienez beiñik-bein silebaen bitartez baiño: zenbat silaba edo izki, ainbat piku.

        Eta euskeraz, zelan neurtu oi doguz bertsoak? Silabak bat-banatuaz, oraiñarte beintzat. Ete zenbat bokal ainbat silaba; ots, bertso-lerro batek zortzi bokal ba'dizu, zortzi silabako oi dago. Eta orrela gaiñerako guztiak be.

        Bertsoen izki-zenbaketan orraitiño, agots-bikiak gogotan euki bear dira; oneik, ba, bokal bi izan arren, silaba bat besterik ez dala egiten. Gure euskeran sei dira agots-bikiak (diptongo): ai, au, ei, eu, oi, ui. Ez dago besterik, ezta irukoitzik be.

        Beraz, silaba bi daukaz aita itzak, ai bokal bikoa izanda be agotsaldi batean esaten dogulako.

        Olerkigintza naiz oiñez naiz izkiñez egin, beti dogu neurketa ta ezpai barik, ezin ba dana sartu ein meatz egoki baten altzoan, ezetariko uts eta akats bage. Ortik, bada bertsolari ta olerkariak be ba-dabez euren eskubideak, edo bat-bateko saioan ari diranean edo astitsu irudimenari askatasun neurribagea emonik, lan egitean, erabilli dagikeezanak. Iru dira oneik:

Ikolpena (sinalefa), alkartzapena (sinéresis) ta zatipena (diéresis).

        Olerki-lanari jardutean egoki da sinalefa —naitaezkoa izan ezta be— kontuan eukitea, asko erreztu ta laguntzen dauskulako. Onek damoskun eskubide bitartez, bokal biren ezkontza dagigu, itz baten amaia ta urrengoaren lenena, itz jarraiko biren atzena ta asiera batu, buztartu egin oi doguz. Esaterako: Ta aren semea; aita ta ama. Bai ta biki mordoak diranean be: Gau uzua, ta abar.

        Ona lan sal ikolpen edo sinalefa bearrazkoa dana:

        1'go sailla: a-a; e-e; o-o; u-u; i-i.

        2'garrena: a-au; a-ai; e-eu; e-ei; o-oi; u-ui.

        3'garrena: au-u; ai-i; ei-i; eu-u; oi-i; ui-i.

        4'garrena: au-ui; eu-ui.

        Euskeraz ez dogu itz-alkartzerik egiten, urrengoa h'egaz asten ba'da edo erdian datorrenean: ots, soto hori, esakun ontan ez dago batzerik egin bearrik, eta egingo ba'litz, txarto legoke; ezta emen be, ahapaldi. Silaba bakarra izateko aapaldi idatzi bear.

        Ikolpen au bear danean ez erabiltzea, akats dozu. Beraz, bertsoketan gertatu leiken' guztietan kontuan izan, izketan edo kantuz diardugunean be ia utsik bage, orrelaxe dagiguna dalako. Bai ta puntu edo komak bitartean dirala be.

        Ezin daikezu alan be sinalefarik egin bertso-lerro bateko azkenaren eta urrengoko lenenaren artean.

        Alkartzapena biki ez diran bokal gogor bi batean josi edo alkartzea dozu izki bakarra lez zenbaturik. Adibidez oa (astoa, goazen ta abar) bertsolarien artean, batez be, ots bateko lez erabilli izan arrn, ez da iñolaz be bikoitz, esanaldi bateko, silaba bi alkar buztartu eziñak baiño.

        Zatipena, ostera, silaba bat dana bi egitea da, egots-bikia deusezturik. Esate baterako: Aita, gañean ipiñitako kulatz biekaz ai silaba bat dana biko egin daroagu. Gure olerkariak iñoiz erabilli dabe, baiña ortara ez jo oba.

        Olerkariak —bai ta bertsolariak be, idazten dabenean beintzat— be-daba oraindik beste eskubide, norajo, betegarri edo lizentzi bat berezkatz ('), apostrofo, deritxoguna; ta izkiñen bati zer edo zer kendu edo, bokalen bat geienik, ixildu egin dogula esan nai dau; ots, t'erdi, ta erdi ordez; ner'alaba, nere alaba. Oba litzake, alan be, bokal ori ixilduko ez ba'litz. Edo onela esan: ni-ama, zu-aita. Asko erabilli ez erren, euskal-senari obeto dagakiona ei da azken-esaera au.

        Etena.— Idatzi bat irakurtean, batez be abots zolitan ba'diardugu, itz edo esaera batetik bestera olako geldiunea, etena egin oi dogu, bai arnas artzeko bai esakun bakoitzaren zentzunak eskatuta. Idatzian puntu, koma ta puntu-komaz adierazo daroagu zertzelada ori: andia, erdia edo txikia.

        Itz neurtuetako eten edo geldiunea, barriz, bertsoen neurri ta ozentasunak eskatzen dauana da. Eta iru eratakoa daiteke: txikia, erdia ta andia. Txikia, bertso-lerro baten datorrena, bai irakurtzean berezkoa, bai bertso zenbakiak eskatua; erdia, bertso-lerro bakoitzaren azkenekoa; ta andia, ahapaldi baten amaikeran egiten doguna.

        Ba-da eten bat bertsoak bere neurkeran nai ta ez eskatzen dauna. Gure bertsoak bakanak eta alkartuak dira; bakanak zati edo atal bat daukie eta oneik dozuz bederatzi silabatik beerakoak, eta ez daba bear, bertsoak eskatuta beintzat olango eten apartekorik. Beste batzuk alkartuak dozuz, zati bi edo geiago daukiezanak; dagiezan zatiak bi ba'dira, zatibikoak deritxegu, eta zati bakoitzaren bertso erdiari etena (hemistiquio). Eta gaiñerakoak.

        Bederatzi silabatik gorako bertsoak bi edo iru zati euki daukiez, eta naitaez etena bear erdian. Amarrekoak bostetik bostera zatitzen dira, amaikakoak sei ta bostean, amabikoak sei ta seian, amairukoak zazpi ta seian, amalukoak zazpi ta zazpian; amabostekoak iru bostekotan, eta amaseikoak bederatzi ta zazpitan.

        Eta erdiko eten ori bearrezkoa ote? Bederatzi pikodunetatik gora nik baietz arte. Gure Orixe onan mintzatu zan beiñola: «Azentu indarduna, gutxi edo asko bearra da bertsoak neurtzeko edo irakurtzeko edo ori gabe nekez irakurri ditezke gure bi zortzikoak... Tartean bear du bertsoak neurria, tartean». Azkeneko silabaetan bardin amaitzea be tarte bat besterik ez ei dogu, askotan bertsoa zatitu leitekelako andik edo emendik.

        Alan be, eten au sarriegi edo urregi edo bear ez dan lekuan egin ezkero ez yaku ain eder, belarriak bait-dauskuz mintzen doiñu bardin samarrak dakarskun kalaka gogaitgarriak. Baiña oneri be besta bein ekingo.

        Amai bardiña. — Bertsoen bukaeran, bitik baten beintzat, oskidetza antz edo bardin amaia bear da. Euskeraz ez dago erderaz lango asonantezko amaitzerik.

        Itz bardin erortze ori dabe, azken bokal mintzordun edo soiñutik asita; eta, esan dogunez, euskeran azken-bokal geienak daroie euren azentu berezia. Alan eta guzti beste izkuntzetan lez, azken-aurrekotik asita agin al ba'da, obeto. Adibidez: baratza garratza ta abar. Biotza ta ogia ez letorkez ondo. Belarria dozu onetan araurik bikaiñera.

        Itz bardin amaitze au, gaur beintzat, euskeraz be naitaezkoa dogu; bertso luze samarretan geiago laburretan baiño. Batzuk ba-dira traba ta zoztor ori astindu nai leukienak, bertso ta olerkigintza arruntean nasai asko jardunik. Bai ta egia, izkuntza askotan, neurkera berezi bat eredutzat artuta batez be, lan ederrak egin ta burutu dabezala. Baiña, kontuz; bertso azke arrek osotasun geiago eskatzen dau, enparau gaieri buruz kidetasun geiago, goxotasun geiago bardin ez amaitze orrek izten dauan utsunea ornidu al izan dagian. Olerkari onak ba-daki nundik dabillen, kaskarrak ez ostera.

        Ona arau batzuk rimami buruz.

        1) Azken itzak edo izki-mordoak beitez, al dala, askotarikoak, ez bardin samurrak; bai te al danik aberatsena be, -tza, -tsu, -ja, -ki ta olango arruntak saiets itxirik. Zenbat eta ezbardintasun geiago ta biotz-zauskada obea.

        2) Ez da azken-izki bardiñik sarri erabilli bear, urrun samar ez ba'da; ahapaldi baten -ai, -ai, ta urrengoan oro bat, motz damo ta txirotasuna erakusten. Orraitiño lengoaren azken-otsa il baldin ba'da, erabilli gengike barriren barri.

        3) Azken izki konsonantedunok ez begoz urriñegi, belarri onak ez artzeko moduan. Sail baten bertso askotxo bitartean sartu ezkero, rima atzena galdu egin oi da, edo ezereztu, ta orrela ritmuari bere oskide guztia murrizten yako.

        4) Bertso berberaren barruan ez da egoki ez legezko, belarri ernaiari min damotso-ta, azken rimagaz bat datorken itz kidekorik.

        5) Bertso azke edo atzen-bardingabeak ba'dira iñoiz be ez da rimarik egin bear. Orain bai ta gero ez, itsusi legoke.

        6) Ez da egoki, ez aizu, itz bat erdibitzea; ots, erdia bertso-zerrendaren atzenean eta beste erdia urrengoaren asieran.

        7) Izugarri motz litzake itz berberaz rima egin nai izatea; aita, aita, esaterako. Bestelako adiera izan arren be, oreiña (baseuntz), oreiña (orban), oba ez erabiltea.

        8) Iru bertsotik gora ezinn daikeguz azken bardiñez amaitu amairu silabatikoetatik aurrera ez ba'da. Soiñu zurrun ta bardiñetan loa lekarkigu. Alan be, or da gure bederatzi puntuko ahapaldia.

        9) Eta azkenez, betegarri edo ripioak aienatu bear. Zar dituga betegarri oneik? Edozein itz edo esakuntzan, beste barik, edo bertso bateri bear dauan neurria emonik borobiltzeko, edo azken bardiña egoki ta dotore amaitzearren itsasten dan itza; onelakoak dira sarri bertsoatan agiri yakuzan berein itz, izen lagun, aditz-joku, toki izen edo asperen. Itz oneik: bear bada, noski, alegia, beraz, ain, oso, txit, guztiz ta antzekoak, betegarri besterik ez dozuz.

        Naiz-ta erti-lana osotzerakoan izerdia bota, bertsogille antzetsuak laster ostendu oi dau jardun orren nekea. Erreztasun au, bertso-gaieri buruz olerkariak dauan jabetza osotik sortua da.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.