Pedro'ri begira zion...
Jautarkol
Oi, Jesus'en begi eder eta argiak,
Jainkozko dirdiraz, errukiz josiak...!
Beira nazazute, Pedro'ri bezela,
biotza au, ai!, otzez ilko zait bestela.
Neri ere errukiz ta maitez begira
ta begiok malkoz urratuko dira,
eta maite-damuz arpegitik bera
ixuriko zaizkit. Pedro'ren antzera.
Oi, nere Jesus'en begi maitetsuak,
sua darioten izpi doatsuak...!
Zulatu ta sutu nere biotz otza,
betiko urtuaz pekatuzko izotza.
Kementsu ta zintzo, Pedro'ren antzean,
jarraitu nai zaitut gurutze-bidean;
ark bezela askotan ba'zaitut ukatu,
gaurtik, ta betiko, nai zaitut maitatu.
Zure etsaien aurka, burruka gaitzean
Zugatik bizitza nik eman artean,
beira nazazute Jesus'en begiak,
maitasun-dirdiraz, errukiz josiak...!
|