Oldozketan
A. Nervo
euskaratzailea: O.
—I—
— Ai! intziri neskatoak—, larros-arantza batek zauritu nau.
— Larros-arantza ori, anai iltzaille duzu —erantzun nion nik.
—II—
Jainkoarik ez ba'litz ere, giza-semeak, menderen mende, sort-aziko zun, Arengan pentsa ta pentsa.
—III—
Ba-da, ez dakit nun, bear bada nere baitan, edo goragoko mailla baten, zoragarrizko zoko bat; ate ezkutu batetik sartzen da bertara... Baiña nik ez daukat aren giltzik!
Ni ara sartu al ba'nintzake, ditudan ezbai ta itzal guztiak zuzitu ta ezer-ez biurtuko litzazkidake, nere kezka ta barne-min guztiak aienatuko lirake; eta bertan aurkituko nukeana txit eder, arrigarri ta bete-betekoa izango litzakelako, barneko irrits eta gora-naiak betikoz aseturik, ene ezbai ta zergatien urduri ta ezinegona ere naretu litzake.
...Baiña, ate ortatik ezin ni sartu, aren giltzik ez daukat-eta.
—IV—
Zergatikan izan bear ote du gizonak, erremindua, kemen ez-ezagun baten olatu zakar erdian? Kanpotiko gauzak, geronek nola uste alaxe bakarrik atsekabetzen gaituzten ezkero, ikus ditzagun aldian dirauten bitartean, eta ikusitakoan... leioa itxi ta piztu dezagun barruko krisaillua.
|