L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Mazantini aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Mazantini-2 (1992) —Hurrengo artikulua




 

 

Aldjeria

 

Madariaga-tar Iulen

 

        1965.eko epailaren egun batez, murgildu nuen ene burua Islam-eko lurretan lehen aldikotz. Magreb-eko eskualdean, hain zuzen. Tunisian zen, non lehorreratu baikinen Siziliako Palermotik garraiatu gintuen itsasuntzitik.

        Zenbait hilabete lehenago, epaitu eta kondenatu gintuen Eneko Irigarai eta biok Baionako Auzitegiak, auzi inarrosi eta xelebre hartan. Sarritan bezala gure bizitzetan barna, ihesi ekin genion, "underground" gisa, Iparralde eta Frantzian zehar Brusel-eraino. Hemen bigarren eskutako VW kakarraldo heietako bat erosi eta, Aljeriarantz abiatu ginen. Alemania osoa eta Suitza iragan ondotik (Brennereko mendizuloan gaindi, trenez, ibilgailua eta geu), Erromara iritsi ginen arrats batez, gauerdi aldera, doi-doi oren batzu lo egiteko asmoaz, ezen hurrengo egunean Napolitik Palermorako itsasuntzia harrapatu behar baikenuen, nahi-ta-nahiez, astean behin baino ezpaitzen hura.

        Hara gure nahigabea, goizeko zazpiak aldera autoa berreskuratzera ioan ginenean! Barnean zen guzti-guztia ebatsi ziguten, hiri "betikor" eta "saindu" hartan: axeak oro, autoestradatik ibiltzeko txartelak, paperak... Ehun metrotara zen zakurtegian, alferrik arront izan zen aurkeztutako salaketa. Ondorioz, arras berant abiatu ginen Napolirantz, derrigorrez harrapatu behar genuen itsasuntzia galduz. Aterabide bakarra: orduen kontrako laisterketa ikaragarria Palermoraino, Regio Calabria eta Messinan zehar (Napolitik hegoalderantz etzen garai hartan autobiderik). Ozta-ozta heldu ginen.

        Itsasuntzian bi pertsonaia ezagutu genuen. Bata Rhodesia (Zimbawe edo Malawi?) britaniar kolon bat eta Aldjeriako gizonezko bat, biak hogoitahamarren bat urtetan, gure adinekoak, alegia. Adiskidetu ginen.

        Tunis hiritik, hiru ibilgailuak elgarrekin —herrenkadaz— ibili ondotik, rhodesiarra Afrika hegoalderantz abiatu zen, aldjeriarra eta geuk mendebalerantz ioten genuelarik.

        Iakin, laister iakin genuen Eneko eta biok Mohamed aldjeriarra nor zen izaitez: aldjeriar armadaren serbitzu segeretuko kideren bat. Tunisia eta Aldjeriaren arteko muga bakarti hura igaro eta gero, ederki ongi ibili ginen hirurak kasernaz-kaserna, Mohamed-ek bere lagunak aurkezten zizkigula. Militar gazte heiei gehien laket zitzaien izkiloa zein eta... Eibar-ko "star" ospetsua? Irrigarria zinez.

        Aldjer hiria azkenik. Izaitez abantaila bihurtu zitzaigun Mohamed "agentea" ezagutzea, zeren eta ate bat baino gehiago ireki baitzigun. Geuk, bestalde, ez genuen deus ezkutatzeko eta argi eta garbi iakin-arazi genion gure Aldjeriako bidaiaren helburua, hots, ahalik eta laguntza zabalena gure askapenari begira, erran nahi baita: guda entrenamendu eta izkilo, irrati bat bertatik gure emankizunak aberrirantz hedatzeko, bereziki. Han ezagutu genuen lehen pertsonaia Kanaria Uhartetako Antonio Cubillo izan zen eta hertsiki adiskidetu ere. Irrati arazoaz, hain zuzen ere, etsenplu edo eredu bizkorrik genuen Antonio, ezen kanaritar mezu abertzalea aspaldidanik zabaltzen baitzuen Alderiako antena batetik. Bestalde, gure kaieren bat irakurri bezain laister —"La Insurrección en Euskadi", alegia— txunditurik geratu zitzaigun adiskidea. Betarik galdu gabe, delako liburuskaren testua "mutatis mutandis" ("vasco" kenduz eta "Canario" ezarriz, ordainez eta horrelako abar luze bat) berehalaxe ekin zion zut-hagari, Euskal Herritik heldutako mezu fresko hura, bere aberrirantz aireatuz uhainez-uhain. Arront alperrik izan ziren, ordea, gure ahaleginak. Ez irratirik, ez entrenamendurik, ez deus... Dozena bat urte baino gehiago igurikatu behar izan zen horren zerbait atxemaiteko. Ordainez —egia da— bizitoki bana lortu genuen Ain-Taya itsas-ertzeko hiriskan, Aldjer-etik, ekialderantz, 30 kmetara dena; baita bizitzeko lana ere.

        Zergatik politik-iokaera hori Aldjeriaren aldetik? Ene ustez, Ben Bela eta bere F.L.N.eko adiskide gehienak —herriaren askatzaile berri-berriak, alegia— agudo burokratizatu eta "erreal-politik"ean sartuak zirelako harezkeroz. Izan ere, eta besteak beste, harreman merkatal estuetan egonak ziren iadanik, 1965.erako, Franco-ren Espainiarekin inperiotik igorriak petrolio-truke.

        Horretaz gain "euskal" kasua ez zitzaien inondik ere erosoa, zeren eta heien kabiltar arazoa oroitarazi baitzien. 1965.eko Ekainean, Bumedien-ek Ben Bela irauli ondoren, bertan egoan burokrazia politiko-militarra, are militarrago bilakatu zen. Eta horrela orain arte. Gainera militar gehienek —Bumedien bera buru— Egipto-n (heien "Iparraldea") eratutako aldjeriar armadakoak ziren, beraz barneko "erresistentzian" aritu etzirenak. Armadak hura soilik zen herriratu Covian-eko Ituna sinatu izan zelarik 1962ean, independentzia lortuz.

        Erran beharra da ere, burokrazia politiko-militar harek eragotzi eta trabatu zuela autogestioaren ezarpena. Independentzia politikoa atxeman zuten, ez ordea, sozialismoa. Iraultza trunkatua geratu zen.

Nerauk, han etzela deus egiten ahal ikusiz, hemezortzi hilabeteren buruan, Flandria-ra aldegin nuen.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.