L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Maiatz aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Maiatz 10 (1985-abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

Waiting for the sun

 

Itxaro Borda

 

                        this is the strangest life

                        I've ever known

                                Jin Morrison

 

 

—I—

 

Entzun ohi da bazterretan beltza kolore ederra dela, zuriarekin nahasirik dagoelarik batez ere. Bestela beltza, edo zuria ez dira koloreak: koloreak sortu aurreko, edo loratu ondoko kaos miresgarriaren lekukotasunak baizik. Ordu haietan munduari gertatu zitzaiona miresgarria zen, eta aldi berean harrigarria.

        Hogeita lau egun baziren lurreko abereek, jendeek, belar landare mota guztiek etzutela eguzkiaren argirik sumatu. Askok hainbestetan madarikatu zuten ekiaren itzultzea bihotzez desiratzen zuten. Eguzkiaren argiz eta beroz beteak ziren orduko bizidunen amets ilunak. Baina gau etengabeak zirauen; menturaz oraino gehiago iraunen zuen...

        Aspalditik, hasera-haseratik dudarik ez, zeruan ilargiaren hatzak galduak ziren, eta etzen nehondik izar bakegarrien disdirarik ageri. Hogeita lau «egunen» buruan jendeak keskatzen hasi ziren. Autoritate ekonomiko-politiko-moralei beldurturik xehetasunak eskatzera zihoatzin. Administrazioan, funtzionariek, eskale humilak bulegoz-bulego bidaltzen zituzten, nehork ez baitzezakeen esplikazio zehatzik eta razionalik eman. Buruzagi orokorra galdegiten zutenean, funtzionari herabeek ihardesten zien: «ba, anderea, Godish jauna ibilaldi baten egitera joana da, zuzen ez dakigu Bangkoken edo Delhin dagoen, baina bihar deituko gaitu. Zatoz bihar zerbait berri jakiteko...». Beti arrapostu berdina: gauaren eternitate horren arrazoinak nehork ez zituen ezagutzen.

 

 

Hogeita laugarren «egun» hortaraino jendeak lasai zeuden. Ordulariak aintzineko tenorean atxikiz zioten: «bai, bihar argituko du,...» eta biharamonean, eguzkiaren printzak ez ikustearekin ez ziren ordea etsitzen: esperantzaz hantuak zituzten gogoak..: Heri bakoitzetako gobernu autonomoek neurri handiak hartuak zituzten, oraindik katastrofea deitzen ez zuten gaualdi luze honen ondorioak mendratzeko: bide bazter guztiak, lantegien inguruak, dantza eta atsegin merke lekuak, liburutegiak, mendietako paseo-xendera ertzeak denak artifizialki argiturik zatxizkaten, jendeak «normalki» bizi zitezen.

        Gaua zenez, osoki gaua, bihar, atzo, etsi, herenegun hitzek ez zuten erranahi finkorik. Hitz horiek, beren izatea gauaren eta egunaren arteko berezketa funtsezkoan zeuzkaten erroak, sustraiak. Berezketa ezeztaturik zegoenez hitzek ez zuketen existitzeko premiarik. Gehienak iraganaz mintzo ziren, zerbait etsidura gorderen aztarnak zekarzkitela abotsean: «gaua erori baino lehen zoriontsu nintzen. Goizean, jeikirik kirolan espezializatu egunkaria irakurri ondoan arrantzara abiatzen nintzen. Bizpahiru amuarrain nekarzkin etxera, eguerdiko bazkariko emazteak kozinatzeko gisan. Gero arratsaldez karrikan ibiltzen nintzen eta ate irekiaren atarrian emakume bat hartzen nuen harekin oso merke larrua jotzeko. Orroitzen naiz bereziki Roxanetaz, ze begiak, ze sabel elastikoa...». Besteak orduan mintzalaria hortan mozten zuten: «ba aspaldiko kontuekin aritzeak ez du ezer ekartzen, hobe da momentuan ixilik egotea! Utzi ipuin haragigarriak argituko dueneko...». Eleka ari zenak hitz iturria ebakitzen zuen: «eta sekula ez badu gehiago argitzen?...». Beste delakoak irriz hasi ziren, zahar erreak arraileria on bat ahozkatu balu bezala.

        Gobernuek toki guztiak eletrifikatu arren argirik gabeko lekuak gelditzen ziren. Pobreak egoten ziren zelai ikaragarriak zitezkeen haiek. Noski gobernuak ezarri eletrika pagatzen zen, eta pobre guttik zeukan behar haina diru argi artifizialaren pagatzeko edo ordaintzeko. Gainera, laster, gaualdiak berrogei «egun»eko muga fatidikoa pasatzen baldin bazuen aberatsek metatu sosa ere deusetarako etzen izanen, eletrizitate faltaz: jada produkzioaren % 90 ematen zuten zentrala nuklearrak agortuak ziren, eletrizitate eskasez hauek berdinki...

 

 

Emeki emeki denbora doanaren ezaugarri zituzten ordulariak gelditu ziren. Alabaina eguzkiak argitzen ez baldin bazuen nola finkatu behar zen egunerdia, gauerdia etab. Ordua eguzkiaren argiaren itzalak gidatzen du. Ilunean denboraren ibilera ezeztatua da. Azkenean, nehork ez zezakeen tenorea erran, azkenean nehork ez zakien benetan bizitzen zuen ixtantea «normalean» gauez edo egunez luzatzen zitzaion. Araberan, espazioa ere hertsatu zen jendeen inguruan, artifizialki argituak ziren tokietaz aparte, beste guztiak ilunean (itzalaren faltaren latza!) egoten zirelakoan.

        Gero eta aintzinago (Hogeita hamargarren eguna), gero eta beltzago egin zen gaua, nolabait eletrika debaldezkoa agertu baitzitzaien gobernuei. Ordu hartarik goiti bakoitzak erabaki zuen bere-beretik irauten katastrofea jasaiten ikasten hastea. Ilunean ez zen laguntzarik idurikatu behar, beltzean gizakiak etsai ziren, besterik gabe. Etxeak, arbolak, abereak, kolorerik ez zuten arrosak berak mehatxuz kargatuak agertu ziren. Bakoitzak bere barneko eta kanpoko gaua ihardoki, asumitu nahi zuen...

        Anartean, jakintsunak bildu ziren gaualdi harrigarriari buruzko kolokio internazional baten antolatzeko, Zanzibarreko hirian. Ahal zuten bezala bideratu ziren Zanzibarrera: zaldiz, kameluz, lamaz, astoz... Jakintsun frango, eta ez txarrenetarik, hilak aurkitu zituzten. Erran gabe doa, kolokio hortan arpegien azalaren koloreak munta edo inportantzi guti zuela: beltzean, argi eskasez, gorria, xuria edo beltza bera ezaren kolore bakarrean urtzen ziren. Zanzibarreko udako palazioaren ateetan ilunez jantzi ikus ez zitezkeen polizi harmatuak ba ziren. Nortasun agiriak kontrolatzen zituzten, ezkoak argiztatu ttattoletan...

        Katmanduko budharen tenplo handian lanean ari zen astronomo famatu batek hitza hartu zuen. Dalai Gupta Sandhra jauna horrela mintzatu zen: «Orain, orduan kasurik egin ez nion fenomeno natural bitxi batetaz gogoratzen naiz. Nire teleskopo indartsuarekin usaian bezala Orionen konstelazioari begira nindagon. Badakizue Orion konstelazioa galaxiako ederrenetarik bat dela. Espiritu komunek lurrean 'bide esnazua' izendatzen dute... Lunetaren aurrean, besteak baino abiadura lasterragoa zuen izar urdin bat pasatzen ikusi nuen...

        Izar urdin amiragarri hori nondik zetorren ez nakien, baina indoeuropear zaharrek idatzi luburuetan haren izatearen berri banuen. Tamulherriko zuhurrek zioten izar horren agertzeak munduaren akabantza ekar zezakeela... Baina nolaz zuhurren solasek beti ideia metafisikoak parabolaz inguratzen zituzten, ez nuen sinetsi nahi...

        Eta horregatik gaur arte ixilik gelditu naiz... Bestalde, hego Indiako sekta baten liburu sainduan izar urdin hori zehazki deskribatzen zen: gure galaxia ez da bakarra, halatan galaxia beroak badira eta galaxia hormatuak; gurea eguzkiaren eraginez beroetan klasifika genezake. Gertatu dena xinplea da: galaxia hotz batetik etorri izar hormatuak eguzkia desintegratu du... Horrek gaualdia esplika dezake...»

        Astronomoaren azalpenak bakea behintzat sortu zuen gehienen bihotzetan. Gaualdiak aste bat baizik ez zuelarik, amerikanoak eta sobietarrak elkar mandoka arizan ziren: batek bestea and vice versa bere satelito puxanteen bitartez eguzkiaren inguruan suak ezin errezko oihal metalikoz inguratu zuela. Bistan da, bi herrialde horiek eta beren aldekoek nahi baldin bazuten gaualdiaren arrazoinaz jabetu estakuru estrategiko bat bazen: biek eskuratu gogo zutela etengabeko gauaren sortzearen monopolio metafisikoa... Alainan, hogeita lau «egunez» gaua egin zezakeenak besterik ere obra zezakeen. Baina aldi honetan etzen arsenal nuklear emendatuen kontua... Dalai Gupta Sandhra jaunak ederki esplikatu zuen guztia...

 

 

—II—

 

Ivan Cain Adamovitchek hamazazpi urte gastatu zituen Hunts villeko presondegian, bere anaia zen Igor Abel Adamovitch hil zuenez geroztik. Hirietako jendeek normalki eguzkitan, argian bizi izan zirelarik, kartzelako zaindariek beti zelda itxi eta ilun batetan zatxikaten... Ikusmena gaueko huntz eta kahaken parekoa bilakatua zitzaion. Gainera ingurumenaren hunkimen berezia ardietsi zuen kartzelan egon zen hamazazpi urte luzeetan. Gaualdiaren hogei ta zortzigarren «egunaren» buruan presondegiak ireki zituztenean, eta Ivan Cain Adamovitch kalean agertu zenean, etzen egia erran batere harritu: beltza, iluna, ixiltasun bortxatua bere mundua zen...

        Cain Adamovitch jauna zibernetikan diplomatu haietarik zen. Azken urteko etsaminak baina lehen bere anaiarekin haserreturik, Barbara izena zuen blonda faltsu bat zela zio, mendietara gordetzera ihes egin zuen, pentsatzeko... Ilargia betean zegoen gau batez, zuhaitzek hostoekin kantu misteriotsua abesten zutelarik, Barbara hura eskuratzeko edo hobeki erranik oheratzeko medio bakarra bere anaia Abel, labanez sarraskitzea zela iduritu zitzaion. Hiru egun berantago anaiaren hiltzea obratu zuen...

        Ondoko gaua Barbararen besoetan iragan zuen, eta biharamonean poliziak bere bila etorri zirenean ez zuen gibel keinu bat ere egin justiziari eskapatzeko. Barbara hila zen: suizidio bat zela erantsi zuten poliziek, Barbararen kontua hortan gelditu zen. Baina nehork ez zukeen Cain Adamovitchen sekretua ezagutzen bere fantasmak konpliturik Barbararen azken hatsaren jabe bihurtu zela Cain Adamovitch. Betikotz!

        Kartzelako zelda beltzean zegoela Cainek denbora erabiltzen ikasi zuen. Egun normal bat balitz bezala gaua organizatu zuen, barneko sentimenduen arabera. Harentzat gauean denbora zihoan nehongo oztoporik gabe: loa, iratzar uneak, janaldiak, pentsa garaiak, kirolak eta berriz loa. Ororen buru ez zen hain zaila gaueko «denbora» partikularraren ereduak asmatzea. Aski zen haragiak manatzen zuen bidea hartzea funtsean gauaren eta egunaren arteko separazioan zetzan, gizatasuna. Behar bada beste nehon ez... Bereziki ez ziren gaualdi aintzineko ohidurak, haien arduratasun edo frekuentziak ahantzi behar: jendeek tenore berdinean gosaltzen, bazkaltzen, afaltzen zuten eta gibelak ordu bat lehenago gosearen sensazioen berri igortzen zuren buruhunari. Gero nahikoa zitekeen gosearen sensaziotik jaterainoko unea neurtzea eta arte hortan denbora bazihoan.

        Gaua beltz-beltza denean ez da menturaz errez irakurtzea. Imaginazioa martxan jarria zuen Cain Adamovitchek: guztiek bazakiten irarkolatik ateratzen ziren idatziz ilundu paperak ez zirela arras legunak, zelaiak. Ohitura zuenak aise dexifra zitzazkeen eskuz hunkiz letrak, hitzak eta ondorioz perpausak. Irakurtzea munduarekin kontaktuan egoteko medio bat izan zen Ivan Cain Adamovitchentzat. Hamazazpi urtez ez zuen besterik egin...

        Karrikan ibili zenean, azkenean libro, libro, Adamovitchek ez zuen gehiago ezertaz mendekatzeko gogorik. Are gutiago ikusi zuenean mundua gauak estali zuela, nehork uste gabean. Naturak bere mendekua galaxiari jasan arazi zion. Dudarik ez, Cain Adamovitch zoriontsu zela orduan: bakarra zen gaualdi latzarekin konpontzen zena!

        Segidan Adamovitchek senditu zuen ilun honek ez zuela erro artifiziala, gizonaren nahiak ez zuela gerlakari honetan indar izipirik. Hamazazpi urtez berak bere krima iniziatikoa kario pagatu zuen, eta munduak sortzetik orain arte bazuen hainbeste krima eginik, deusetaz nehoiz ezer ordainduz. Pentsatu zuen etorria zela, hainbeste krima iniziatikoz pairatzeko ordua. Zergatik ez zen Ivan Cain Adamovitch zoriontsu, edo behintzat kontent agertuko? Nork ebats ziezoken dretxo arrunt hori? Bihotzean argia loratzen eta pizten nabaritu zuen...

        Karrikan, gauari ezin adaptatuz ari ziren jende miserableak kurutzatu zituen. Itsu mandoka bazabiltzan, eta gizaren zango gainetan ibiltzeko usaia galdua zuten. Leku batetik bestera kukubilka punpeka kurritzen ziren, ziminoen eran. Hogei ta zortzi «egun» gau aski ziren gizona abereen lerroan ezartzeko...

        Ivan Cain Adamovitch zutik zabilan, eta ilun bitxiaz baino bere kideen egoeraz harritu zen. Hantxet ezkinean hiltzera kondenatu nahi izan zuen juje balentrizz hantua ikusi zuen. Irri sekretu batek zilatu zion ahoa: denek hiltzera kondenatuak izatea merezi dugu. Aberatsen eta pobreen artean, zurien eta kolorezko pertsonen artean, ederren eta itsusien artean ez zegoen gehiago mugarik. Gauak diferentziak irentsiak zituen...

        Kandela ahul baten itzulian bilduak ziren jende multxoaren barnean sartu zen. Ongi begiratu zieten arpegira, eta ohartu zen begiko ninika beltza desagertua zitzaiela: lehen ikusi gabe ikusteko espantua zutenak itsutuak ziren. Larruek koloreak galduak zituzten, manera hortan gizon oro transparente edo uhargi bilakatua zen... Ivan Cain Adamovitch mintzatzen hasi zitzaien: «Zer gertatzen da? Gaua erori delakoan zuen gizon edo emazte izate fierraz biluziak zarete? Zuek aintzinean, hain indartsuak zineten... hain jakintsunak... Krima xoil baten gatik hiltzera kondenatu nahi zenutenak argia ekarriko dizue... Hegoruntz abiatuko naiz sarri eta handik argia ekarriko dizuet. Barkatzen ikas ezazue, bide zeharka ibiltzen ikas ezazue, gehienetan beti zuzen tente potente joateak leize hutsera bait garamatzi... Hegotik argia, eguzkiaren argia eskuartean ekarriko dizuet...».

        Cain Adamovitch ixildu zenean batek eskatu zion «baina nor haiz hi, guri horrela hitzegiteko? Jakin ezak hemen profetak kurutzefikatzen, edo erretzen, edo torturatzen, edo konzentrazio zelaietan marginalizatzen ditugula... (bere lagunei oihuka) Sokaz esteka zazue eta kitto!».

        Cain Adamovitch jenden gainetik jautsegin zuen eta «argia ekarriko dizuet» deiadarkatuz gauean urtu zen. Sokaz lotu nahi zutenak ez ziren normalki lasterka artzen ahal: ziminoen eran baizik, menbroetan askoz indar gutiagorekin naski... Urrundu zenean pentsatu zuen gauak gauza frango abolitu edo ezabatu baldin ba zituen ere zuhurren eta zoroen muga ez zuela ito oraindik. Baina muga hori ere suntsituko zuen denborak, edo denbora ezak, zuhur guztiak gaualdiak zorotuko bait zituen.

 

 

—III—

 

Hogeita hamabi «egunen» buruan eletrika iturriak agortu ziren, eta jendeak argitzeko bezain berotzeko uste izigarriak altxatzen hasi ziren. Baina gizak ez zituzkeen bakarrik egurrak, hosto eihartuak arbola eroriak erretzen, berak eta mila belaunaldik metatu jakitatea erretzen zuen denbora berean beharrak, behar material arruntak manaturik. Erre, erreko, erretzen: ez zen hitz diferentik aditzen bazterretan...

        Adibidez, hogeita hamabostgarren «egunetik» goiti paper eta liburuak aurdiki zituzten suaren asetzeko. Munduko artxiboek eta bibliotekek zatxizkaten texto zaharren manuskritoak, dokumentuak, irakurgaiak, denak erre zituzten damu izpirik gabe. Gaualdia etorri baino lehen gizaki komun gehienek pentsatzen zuten, bistakoa denez goraki kantatzen, liburuek ez zutela gizarte langiletsu eta borrokan kementsu honetan lekurik merezi. Orduan Platonen idazkiak, Danteren komediaren bertsoak, Rimbauden poesiak eta Buzzattiren ipuin bildumak sura botatu zituztenean nehork ez zuen negarrik egin. Ba ziren alta batzu begiak bustiak zituztenak: poliziak, beren liburuak besapean zeuzkatela tirokatu zituen. Haien hilhotzak erreak izan ziren... Munduaren, gizartearen memoria osoa galdu zen...

        Uste zuten bakarrek, mikrofilmetan, konputerretako disketa ttikietan bildu munduaren memoria ezin hunkizkoa zela. Irradiazio nuklearren aurka segurtatuak baldin baziren, ez zitezkeen gizaren barbarokeria xoilaren kontra imunizatuak. Eta ez pentsa behar gorria agertzen denean, gizon edo emazteek liburuak edo munduaren memoria errespetatzeko gogoa dutenik... Lehenik jan, gero berotu... Prioritatea hor zegoen.

        Baina hogeita hemeretzigarren «egunetik» at paperak zuhurtu ziren. Gaualdiaren haseran hil eta artean zenduen gorputzak aurdiki zituzten surat. Haragi kixkaildu usain gogorrak bete zituen inguruak. Azkenean bizidunak hiltzen ari zen suarekin gelditu ziren, halako beldur hormatu batek hezurrak ikara arazten zizkietela. Bukatzeko gizadiak sua nola pizten zen ahantzi zuen. Harriak elkarren artan joz, zaharrek suaren eta eguzkiaren garaiak nostalgikoki aipatzen zituzten. Denbora arruntaren neurria galdua zenez geroz denei ixuritzen zitzaien zaharren ixterioak aspaldikoak zirela: zenbat mende, zenbat mila urte... Alta duela berrogei egunekoak baizik ez ziren...

        Gaualdiaren erruz, gizakiak suarekin batera orroitzeko ahalmena galdu zuen. Hemen agertzen zen energiarik gabe ez zela edozein motetako akumalaziorik sortzen: suaren bitartez bizidunek memoria kolektiboa ardietsi zuten. Eta orroitzeko ahalmena pertsonak esperatzeko duen kapazitateari lotua zen. Denbora finkatu ezean, orroitzapenik ez zegoen. Baldin ez bazen denbora atzo, egun, bihar hitzetan materializatzen nola ordenatuko ziren orroitzapenak, esperantza bera atzoaren eta biharraren arteko lokarria zelarik? Lokarria, erran nahi baitzuen batetik bestera zihoan suaren energi mugitzalea. Baldin ortzean eguzkiaren mugimendua gelditua bazen, zerk biltzatuko zuen atzoaren eta biharraren arteko lokarria? Emeki-emeki jendeek «argituko zuelako» esperantzaz hustu ziren...

 

 

Abereak goseak hil zituen, espezia ahulenak lehenik, azkarrenak ondotik. Belardiak, arbolak, landareak eguzkiaren desagertzearekin lehortu ziren: fotosintesisa egiteko alainan argiaren beroa behar beharrezkoa zeukaten. Enborrak, brankak, abarrak sapaz errautsi ziren orduan... Eta ibaiak hormatu... Geroxeago, norbaitek kondatuko zuen bezala, itsasoa jabal zegoen. Itsasoak aintzira urmaelzu bat zirudien. Maitaleak eta desesperatuak kontsolatzen zituzten uhain hagunez kargatuak loak hartu zituen. Zuzenen loak.

        Duela berrogei ta hamar «egun» hasi zen gaualdia jada lurraren azala izozten ari zitekeen. Toki batzuetan azala hain zen gogorra non errez hausten baitzen, eta zauriek ireki ziloetarik sumendi aspalditik zenduen odol erre malgo beroa ixurtzen zen.

        Gizonek bizi nahi zuten, eta ondarkin ustelduz asetzen ziren. Katastrofe aurreko urteetan gerla ezagutu zutenek zioten: «orduan, trinxerretako infernuan ihardoki baldin badugu, zergatik ez gaurkoan». Egia zen txorien kantak ez zirela gehiago entzuten. Txorien itxurak zerua desertatua zuen, eta gizakiak ez zezakeen asma zer izan zen txoriek sinbolizatzen duten libertate edo askatasunaren edukina... Gainera, zainak zarta arazten zituen ixiltasun pizu hori!

        Egunak eta gauak zehazki finkatuak zirelarik, barneko ixiltasun dorpea ez aditzearren zarata organizatuz (musikaz) edo desorganizatuz (baserri eta karriketako makinen azantzaz) hazten ziren pertsona ugarik bere buruaz beste egin zuen. Gauak ixiltasun hotz soporta ezina hedatu zuen inguruetan. Ordu hartan, balizkako kotera malinetik ixtripuz eror zitekeen ur ttantta umilenak gizartea izi zezakeen: ur ttanttaren oihartzun multiplikatuak bonba atomikoen esplozioaren burrunba mehatxugarria zirudikeen. Den mendreneko azantz ttikienak mendekua seinalatzen zuen... Ixiltasun metafisikoa: jainkoen mututasuna apurtzeko etorria zen ixiltasun galkorra.

        Gaualdiaren bi edo hiru lehen egunetan maitaleak uros ziren. Iduritzen zitzaien gau osoa baino askoz gehiago zeukatela, bai maitatzeko eta bai batek bestea nasaiki sufri arazteko: amodioaren prezio bakuna.

        Gaualdiaren haseran ez ziren holandako oihaletan moztu eta josi mihiseetarik mugitzen: paradisua. Gauak arras luzeak zirenez mila aldiz arra egiten zituzten atsegineraino zeramazkiten gestu zabal eta hurriak: ferekak, musuak... Ordea, geroxeago eguzkiaren argi indar faltaz beren kemena ahuldu zen. Argiak hazten zituen hormona sexualak agortu ziren: FSH eta LH... Gizonak emazteengandik, aldrebes ere, desgostuz, atirantzia eskasez berezi zitezkeen. Maitasuna orohar hormona edo partikula kimiko ixtorio zen. Besterik ez.

        Gehienik negarrez arizan zirenak emakumeak ziren. Ilargiaren desagertzeak ondorio txarrak ukan zituen haien fisiologian. Astre urdinak zuen bixtan dena, manatzen hileroko hilbeltz edo mentruazioen frekuentzia. Medio artifizialez hilerokoak kontrolatzen baldin ba zituzten ere, haurdun ez izateko, beti plazerrekin ikusten zuten azpi artean hogeita zortzi egun oroz agertzen zen jario gorri lodia. Emazte bat mintzatzen hasi zen: «Gau nekagarri hau dela estakuru, ez diot herrarik atxikitzen nere amari. Neska ttikia nintzelarik, emakume bihurtzekotan ixilik, muturik gelditu zen. Eta odola erortzen senditu nuelarik izigarriko tristezi beldurtiaz lehertu nintzen. Denbora asko eman dut, hilero nere emaztetasuna onhartzen, jasaiten eta azkenean egoera hortaz baliatuz gozatzen. Denbora askoz ere nere ama mutua madarikatu dut. Erraten ahal zidan, eta samurtasun gehiago eskaintzen ahal gaurkoan bakartasuna ez nezan sobera minberaki bizi. Baina gauarekin dena barkatzen diot...».

        Zuen arpegi gogor eta hertsian malkoak ixurtzen ikusi ziren...

        Hirurogeigarren «eguna» pasatu zen. Lurrak kaos aurreko itxura zuen: ixil ixilik, ordea heriotzaren ixiltasuna. Ezer ez. Hutsaren hats hutsa hutsean hutsetik zarion...

 

 

—IV—

 

Ivan Cain Adamovitch, hamazazpi urtez krima iniziatiko baten gatik kartzelatua, libratua izan zenez geroztik, bide beltzean bakarrik zabilan. Presondegiko zelda ilunean ezargiari ohiturik, askok usteko zuten errez ibiltzen zela. Baina ez: hamazazpi urtez zeldako ingurumen hurbila ongi ezagutzeko premia baldin bazuen, kanpo urrutiari arras arrotz gelditua zen.

        Haseran, bere burua supergizon senditzen zuen. Beste guziak, beltzari ezin adaptatuz abereak baino beherago jautsiak ziren. Iduritzen zitzaion hura zela liberatzalea, argia etorriko zela oihukatzen zuen profeta, egunsentiaren mezulari madarikatua, jendetza herabetuaren gida segurrua. Laster, bista galdu zuen, eta kalziko bihurtu arkaitzetan, usteldu arbolen artean itsu-mandoka zarraikan. Itsutzearekin usaian ez bezalako negar gutizia sortu zitzaion. Behar bada orduko malko kontrolatu bakoitzean gizakume xoil bilakatzen ari zen...

        Desesperatzea ez da etsitzea: hona zer ikasten zuen zegikeen urrats gaizki markatuetan. Bakarrik zagon, kartzelako zelda ilunean ez zuen sekula horrelako sentimendu garratzik sumatu. Bizidunak bakartiak ziren, ez poetek asmatu ideal kixkailduen moduan bezala, baizik eta sikologikoki, fisiologikoki. Bakartasun hitza baino sakonagoko erranahia zuen errealitatea zen. Anaitasuna, adiskidetasuna, batasuna?... Utopiak, ilusioak, desilusioak frangotan: baina bizidunek, eguzkiaren argitan, ilusio horien behar biologikoa, instinktiboa zeukaten, batez ere espeziaren kontserbatzeko...

        Bazakien Ivan Cain Adamovitchek gizakume bat baino gehiago biltzen ziren tokietan, beti bi klasetan banatuak zirela jendeak: dominatuak eta dominatzaleak. Dominatzaleen diskurso koertzitiboak batasun, anaitasun edo adiskidatsun hitzak erabiltzen zituenn. Konzeptu horiek osoki askatasun indibidualaren aurka altxatzen zituzten... Dominatzaleak abilak ziren, funts metafisiko handirik ez zuten ixkanbilak sustatzen zituzten gero borroka garraituaren ondotik beren indar jadanik mila aldiz probatua azkartzeko... Zirkulu madarikatu batean sartua ziren gizakumeak.

        Egia zen, argitzen zuen garaietan, duela hirurogeita bost egun/gau, askatasun solasak munta gaitza zuela, zinezko askatasun balore bakarra bakoitzak bere pertsona ongi artatzea zelarik. Askotan askatasunik den mendrena kartzela bihurtzen zen.. Eta oroz gainetik, askatasun politikoa edo nazionala. Halatan Ivan Cain Adamovitch ilunean joanago eta bihotz barnean urtzenagotzen zen...

        Zergatik behar ziren adiskideak? Kontseiluak emateko, xangrinetan kontsolatua izateko, laguntzeko. Blabla izigarria! Adiskidearen ideia errepresiboa zen: adiskide artean borroka sustatu ixilak agertzen ziren. Nehork ez zuen zinez besteak entzuten, eskutatzen, aditzen, bere burua bai, eta denek adiskide izanik edo ez, nahi zuten (iduriz behintzat) erara gobernatzen zituzten bizitzako harat-honatak. Orain, Ivan Cain Adamovitch gogoratzen zen unibertsitatean zegoen denbora adiskide min bat bazuela. Orroitzen zen zenbat humiliazione, zenbat apaltze, zenbat ixiltze jasan zuen bere adiskide poetaren pertsonalitate garraitzalearen onhartzeko. Bera zintzoa zen, besteak aldiz ardura gertatzen den bezala, bere poeta joko zoziala jolasten zuen antzerki galgarriaren moduan. Azkenean, delako adiskideak interes guti aurkitzen ziolako eta krimaren hori gertatu zelako, berezi zirenean Ivan Cain Adamovitch nekatua, apurtua, hustua zen. Mozkorra ez zen orduetan Gregory Corsok zion: «lurrean ehortzi ondoan adiskide beharrik ba ote da?»

        Ingurumena bete zuen ixiltasun elkortzalean, Ivan Cain Adamovitch belar lehortu meta baten gainean gelditu zen. Pentsamendu hitsak baztertzen saiatu zen. Baina ezin: beti itxura berdina jiten zitzaion burura, burumuineko arroila odoleztatuak urez hantzera. Gizakumea bakartia zen, eta beste gizakumeekin juntatzera bortxatua baldin bazen arrazoi politiko, ekonomiko eta sentimentalen gatik zen. Azkenean bizitza komedia bat zitzaion, bizitza bukatzen zuen heriotz madarikatu hura lasaiki ihardokitzeko...

        Anaia (Abel) eta maitea labanaz xitxifrikatu zituen mementotik goiti Ivan Cain Adanovitchek ez zuen heriotzaren beldurrik. Hor, belar meta lehortuaren gainean jarririk, goseak hilik eta askatasun sentimentu paregabeaz aserik, heriotza sakonki desiratzen zuen. Historia zaharreko zuhurren eran, hunkika, haritz sendoaren malda xerkatu zuen, bakartasun eta ixiltasun dorpeegi hortan, hiltzeko leku egokiena hautatzeko. Konturatu zen, gizakumeak bizitzeaz arta material asko bilatzen zuenean, heriotzaz axola guti zuela. Heriotzaren kalitatea bizitzaren kalitatean oinharritzen zen Ivan Cain Adamovitchen ustez. Konprenitzen zuen ere gizakumeak zergatik hainbeste lotuak ziren elkarren arteko harreman higatzalei...

        Eskuz haritzaren azal bihurria ezagutu zuen, eta bi besoez inguraturik etengabeki musukatu zuen larru sufritu hori. Etzan zen. Ixiltasunean, bere hatsaren soinu ahul monokordea entzuten zuen. Menturaz lokartu zen. Dena dela denbora asko iragan zitzaion eta pentsamendu lerro guzien edukina bora ahantzi zuen. Erotasunaren, ez izate krudelaren muga kritikoan zagon. Besteak bezala Ivan Cain Adamovitch errendituko zen gauaren jujamendu luze eta tiranikoari. Orroitzeko ahala galtzen ari zen...

        Hurbileko arbolaren brankan txori baten kantua aditu zuela iduritu zitzaion. Asmaketa balizkakoetan barna jausten zela pentsatu zuen espiritu razional horrek? Bai, segidan lokuman sartu zen. Egun argiz bete ametsak egiten zituen, txori abesti minkorrak, uhin mugimendu betikoak, arpegiak, irri karkarak, break eta frutuak... Delirean barna bazoan...

        Deliratzen ez gsoki ordea: sortaldetik, gaua haizatzen zuen aire urdin emea altxatu zen. Bisaian aire horren fereka gozoa sendi zezakeen Ivan Cain Adamovitchek. Gero arboletako hosto eihartuak, enbor ustelduetako harrak, txoriak, ibaietako ur horrnatuak bizitzen hasi ziren. Esnatzen, iratzartzen. Ivan Cain Adamovitch pozik zegoen. Espero zuen hainbat burutazioren ondotik, gizakume askok egun sentiaren lehen xixtak beren gorputz mututuetan sendituko zituztela.

 

 

Hirurogei ta hamargarren eguna egiazko eguna izan zen. Eguzkia bere argian errege jeiki zen, eta arraioekin harpe ilunetako harriak bezala lotan zirautenak berotu zituen. Orduan, alegrantziaren minetan, Ivan Cain Adamovitchek azken hatsa lurrari eskaini zion...

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.