Gotzone Sestorain
Abendu bilutsiko
urdin urreztatuaz busti
egun horietakoa zen,
urrezko uhin herabez
bainatua izan arren
malko gezi garratzetan
urkaturikoa,
abendu bilutsiko
egun ezin ahantzi hartan
zen bai,
portzelanazko bihotz nimino hark
hesi kateatuez gainetik
mendi hauen zorrotza ere
jauziz
ortzemugaren marra uhelduaz at
ahaidetu zenean.
Abendu bilutsi ankerrean
bai.
Eta gauero,
iragazki azabatxean
kristaltxo majikoez birrindu
hutsarte kosmikoan
ilargiaren danbore izoztuak
dagizkin hari mehetan
diztiratzen du
zure haur begiratuak
hain hari hauskor eta hozkilduak
non edertasunaren betile lehun diren
erditu zintuenaren masail saminez
zartatua laztanduz
Eta gauaren hotzean
mendi elurtuak
zure ezpainetatik ernatu
txori berritsuak
ihintz tanta musikadunez
ereiten ditu
zuhaitz larrugorriak ere,
zure ahots ukatuaren doinuak
etengabe errepikatzen dituztelarik
apika
zure mendekuaren ohiartzunak
izan daitezken eresi minkatzak.
|