Gotzone Sestorain
Agian atzo, herenegun...
dagoeneko hamabi ilargi maltzur
borobilek
hamaika iseka urdin zerigula,
iraganak,
honez gero lur masail tipilan
zikio orekatuaren lau aroen aztarnak
ez ezik,
kristalezko eremu bailitz,
sutegi iragankorrak igorri
hainbat atomo suspertzailetan birrindunko
ezin konta ahalezko pritz goriez,
erakarmen magnetikoz haztaturik ere,
igerritzen da.
Urte bat, bizitza bat,
orduan,
gaur ez bezelako egun hartan,
zutaz,
nere bihotzan maitasun oldarkorrak
odol tanto bakoitza pirpil zeukan,
poliki pitzatzen joan den mendi sua
errauts bilakatu arteino.
Gaur, aldiz,
dena oroimen zait,
zorabiozko ilunabar honetan
itsas uhin kementsuen astintze gupidakaitzez
ezabaturiko amets apartsu ete idilikoak
bailiren.
|