L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Maiatz aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Maiatz 3 (1982-abendua) —Hurrengo artikulua




 

 

—kronika aberezakea 1—

 

Indietako exarpa xuri beltz bat bezala

 

Lucien Etxezaharreta

 

Bihurgune bat, M herritik ateratzean, normala. Ontsa ezagutzea hobe dukana, parrekoaren jo egiteko arrisku zozo bat baitik. Gainera, gauaz ene otoko argi txarrek doi doia erakusten dien bat. Kondatzen deutan hau gauaz pasatu zukan. Alabainan, beti gaua diat lana trenkatu orduko. Bai, berdin udan ere... Bistan duk. Ene oto tresna txar hunek beti bezala argiak makur eta oker ditik. Altabada erosi nuelarik ba zian orainartekoek baino molde planttakoño bat.

        Beti bezala, arastiri hortako orduak partida ditiat lanetik ateratzean. Beste egun bat joan zaukula. Beste bat eta nagok hea ene akidurak dautan ene baitan sar arazten sineste ttipiek egun ttipiak daramaztela. Bego, gauaren amentsa anartean enetako baita.

        Aaaa!! Dirdiran, hurbil hurbilak, bi gauza ene argi mehatsen puntan. Bat batean, izigarriko bultzada bat ene baitan senditzen diat. Ezker aldeko bi puntu horik, gatu begi batzu dituk. Gatu bat bide bazterrean lehertua. Beste hainbeste bezala. Ez duk halere beste zonbait bezaia itsuski lehertua. Badakikan bezala badituk batzu xehakatuak, odol, hertze, buru fuin eta denak nahas mahas barreaturik.

        Hunek kaska soil bat hartua likek. Bihurgune txar huntan herrian den sargune hau harriskugarria baita, gatuentzat ere. Itzuli motz bat. Usaiarekin hargatik fiurikan pasatzen ahal dukana. Ni baino lehentxago norbait pasatua zukek, arras berriki lehertua iduri baitik gatu horrek. Gatu xuri eta beltxa, ilea dirdiran, gatu pollita.

        Eta hor geldi geldirik zukan. Ez egun batez P hirian ikusi nuen gatu hura bezala. Bide bazterretik nindabillan eta oto arrasta batekin kaska bat entzun nian. Eta gatu bat orroaz ari tripatik ur xurruta bat bezala zariolalarik pixiten balu bezala eta lurrean zukan, bere burua itzul inguruka, gorputz guzia ikara basa batek joa. Oroit nauk harriturik egon ninduala eta, gatuaren itxura gogoan itzaturik, joan ninduala urratsa luzatuz eta itzuli gabe. Agonian utzi nian gatuak geroztik bi gogoeta egin arazi zizkiatan.

        Eta bi argi horiek... Bi begiek eni buruz bota gezi horiek gogoa alan jartzen nie. Bat bateko holako gertakariek burua pizten zaitaie. eta bat batean karkulan nagok nolaz, holako dirdira duten. Norbaitek errana zautak noizbait gatuen begiek beren baitarik argitzen dutela, bainan ez diat hori sekulan segurtatu ahal izan, liburu batean edo bestela. Erranen dautak ene otoko argiek argitu dituztela, ba, bainan zoin petreilak dituztan balio dik ikustea. Gero, argi konzentratze bat begiek egiten dutela hain segur hala zukek. Funtsean, kanika forma bat die lehen, ene haur denborako bide bazterretako ageri emaileetan bezala. Ba zukan preseski ene etxeko ondoan halako hiruko bat zeta batekin; bihurguneak erakusteko eta zeta horren eremuan kanika batzu ezarriak zituan. Gauaz, argitzen zitean oto bakanen argian, gu miretsiz. Horko gatuaren begiek bezala. Ba, seguraz ere, begiek duten ninikaren kanika esferikoak hori ekar lezakek: mirail efetu bat. Esferoen geometria laketak erakusten duen isladatzeko legea.

        Efetu beldurgarri bat zukan: gauaren erdian, bizl hil batek botatu dei bat bezala! Oroit nauk, gau batez... oo aspaldi duk. Izan ninduan mendi xoko batetako etxe batetara joaiteko ahalarekin. Aste bat lagun batekin, eta zer astea! Urriko euriak, jauts ahala, gelditu gabe ari izan zituan aste guzia, eta zer haizea! Halako bakartasun batean ninduan ezagutzen ez nuen etxe horren barnean. Zerbaiten bila ninditakelan orduan ene ezin biziaren baldintzak kanbiatu nahiz. Eguneroko gataska, lan eta neke bideetarik urrunduz... beste lilluraketa bat. Bai, zinez, bazter urrunak zituan, mendi mazela batean, G herriaren auzoan. Sekulako gaztain ondoz inguraturik etxe bakartiar bat zukan. Ba zitian auzoan etxe huts abandonatu batzu. Urteak eta urteak gaztainak nehork ez zituela biltzen. Eta ere mahasti sasituak! alimaleko sasiekin bainan hala ere mahats molkoz beteak. Laparren erdian, haien biltzea zer atsegina... Oroit nauk ere orduko sendipen batzuetaz, hala nola iduri zitzatan mahats biltze horrek ba zuela hautu peningarri baten itxura bezala. Batzu baizik ez bainintuen biltzen ahal. Eta ondo bildu bakar haieri bizia emaiten nielako ustekeria bat bezala nian. Leku horien heriotzaren kontra ez nuela deus egiten ahal, jestu bat baizik, ene ahalen ez deusa erakusten ziatan jestu mugatu bat...

        Gau batez, jeiki ninduan, haize eta euri zirimolek atzar arazirik. Sukaldera joaiteko, etxe guzia trebesatu behar zukan. Hango etxeak ez dituk bat ere hemengoak bezalakoak. Iduri die herrixka bat. Ba, zinez, lau bost etxe bat besteari lotuak balire bezala. Lehenagoko egoitzen eta bizi moldeen araberakoak, dudarik gabe. Leku patartsuak dituk eta hortako ere, behar bada, eremu zabaleko etxerik ez die egiten ahal. Itsumandoka beraz abiatu ninduan, gauaren erdian, zeren eta barne batetik bestera joaiteko argiaren pizteko botoinak xekatu behar nintian. Gainera, leku horri ez ninduan oraino trebatua. Funtsean, hala nuk, denbora ainitz behar diat leku baten ontsa ezagutzeko. Gauza horrek beti harritu nik zeren eta zonbait, aldiz, berehala bazterrak beren baitaratzen ditie... Beraz, ibilki ninduan loz ere erdi itsumandoka sukaldeari buruz. Gainera, gauak, bakartasunak eta denboraren marrumak, ene baitan, halako ximiko bat sor arazten zitean.

        Sukaldera heldu eta, ur xorta bat ekar arazten diat errobinetean eta oroit nuk baso bat ezkerreko eskuarekin hartua nuela. Gogoetan ari nindukan nola joan zen egunean ura nekez heldu zela errobineta hortarik... Burua altxatzen diat berinari buruz. Aaaa!! Dirdiran, hurbil hurbilak, bat batean, bi argi. Bi argi gauean, berinaren gibelean euri uharrek urtu berinek haundituak bezala. Oihu bat bota nuela oroit nuk. Aaaa!! Bizidunik izan zitekela ere pentsemak ez nuela usterik eta izigarriko punpakoa ene bihotzak egin zikeian.

        Aaaa!! Bi begi horiek, bide bazterrean etzanik! Gauaren erditik horiek ere. Urrungo beldur bat! deika iduri. Gaua, beldurra, heriotza, denak hor bat batean. Berritz.

        Bihurgunea laburra baita, bi begi horiek laster gibelean ditiat.

        Bainan buruan, hor ditiat, bi itze distirant horiek.

        Gero diat pentsatzen gatu lehertuak bide bazterrean uzten dituztenak arras gogorki jorratzen dituztala. Zer egin behar nian? Gibelerat egin, jautsi, behatu hila zenez? Hala izanez, auzoko etxera ekarri? Bederen bide bazterretik kendu? Ez diat holakorik egin. Hor utzi diat. Akitua nintzelako estakuru lizun bat ene buruan pasa araziz. Eta gatu hori, duela oren bat, norbaitek perekatua zukeela...

        Biharamun goiza. Ahantzixia nian. Halako beldur batekin bihurgune hartara heltzen nuk. Nola ikusiko diat? Han dea beti? Hor duk. Perekatua zuketen gaixo gatu hori hor duk, saltsa beltz eta gorri bat iduri duela. Doi doia baizik ez zioiat behatzen ahal. Bainan gogoan fotoa atxikia diat. Orai ere erran nezakek nolakoa zen; ageri zian buru lehertua eta sabel zartaturik hertze ta haragi xehakatuak... Aldi huntan ere ez zian hain aspaidi egina. Ni pasatu baino lehentxago. Masakrearen ondo ondotik pasatzen nuk.

        Gaixo gatua, ez dik halako pereka gogorik sortzen orai. Heriotzaren arpegi izigarria baizik ez dik. Orai hasten ahalko dituk jaten bai ulitxak, uli beltzak, garratoinak eta beste, lana errextua die.

        Norbaitek hortik kenduko dua?

        Aratsa. Ahal bezain laster pasatzen nuk, ez diat ikusi nahi. Min diat. Gaixo gatua.

        Biharamun goiza. Bat baino gehiago gainetik pasatu zaizkiok. Odol gorri hura beltzatu zakok. Forma zerbait ageri duk hala ere. Nehork ez dik hortik kendu gorputz xintxifrikatua.

        Johan zituzkan egunak eta egunak eta beti hor ikusten nian. Egun batetik bestera lehertuago, janago. Axai xuri eta beltx bat baizik kasik ez zuan ageri. Eta, gainetik, beti, goiz eta arats otoak eta kamiunak. Norbaitek orduan baizik ez balu ikusi, zer zen ez zian erraiten ahalko. Zikinkeria bat balitz bezala.

        Euriak eta eguzkiak ere beren obra egiten zitean. Hunek xuri, besteak idor eta erre. Harrek eta besteek ginarri, muina eta barneko guziak janak zizkateian. Hezurrak errota azkarrek purruskatuak.

 

        Egon duk luzaz hor. Nik ere ahanzten nian batzuetan zer zen hori. Gertatu zatak ere pentsatzea egun batez, lehen maite nian norbaiten indietako exarpa xuri beltz bat zukala.

 

 

 

Egutegi hutsa

 

Lucien Etxezaharreta

 

utzi eta egunen zerrendak

oroitzeak ile xuriak ditu

 

hor zinen gau guziak

belar epel eta irriak

etsipenaren euriak ere

 

eta zuk

goizeko lehen izpiak ere

ez dituzu ikusi

 

egunak

batzuetan kondatzen ditut

 

83/1/5a

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.