L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Korrok aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Korrok-9 (1987) —Hurrengo artikulua




 

 

Ezkil Hotsak

 

Aingeru Epalza

 

—Kontu, kontu, kontu...! —ezkil hots bizia, zimiztazuria bordako gibelaldetik tarrapataka, bultan hirukoteari buruz. Instant batez, bi berdezkoen artean esposaturik doan artzain zaharraren kontra talka eginen duela iduri du. Alabaina, azkenekoan eskuin aldera jo eta Carmonari oldartu zaio.

        Bertze hiruen eri zuzenek metraileten zakurra ukitu orduko, ardi adarduna saroia inguratzen duten lizarren artean galdua da tiro bat ere jaurti ahal izan gabe. "Largo", artzaina eta Carmona itzulipurdika daude lurrean. Azken hau aieneka buruz barna. Lizarrek ezkil hotsa irentsi dute jadanik.

        —Zer ari haiz hor, "gilipollas"! —sarjentoak, anarteraino zurbildu ez ezik deus egin ez duen Ramirezi—. Lagunduko al diok!

        "Largo" eta Ramirezen artean itzuli dute Carmonaren gorputza. Sarjentoak, orori ez-axola ematen duen artzainaren bizkarrean paratu du burni beltza, ihes-asmorik xumeena galerazi nahiean. "Pachi" barrandan gelditu da bazter batean, adi zer gerta ere.

        Ardiaren bi sastakaiek bertze hainbat zilo mehe utzi dute Carmonaren sabelean. Bietarik ateratzen den odol ugaria uniformearen berdea ilunagotuz doa.

        —"Madre"! "Madre"! —aiume etenak. Ur gorria lekoratuz bezala, masailen hori-beltza elurraren nabardurak bereganatzen ari da.

        —"Pachi"! Jeepera, agudo, eta botikina ekarri! —sarjentoak, somatzen ez duen segurtasuna erakutsi nahiean.

        —Bakarrik? —"Pachi"k, asaldatua.

        —Berrehun metro baino ez dituk hemendik pistaren amaieraraino. Edozein ardi ikusita, bota egiok eta kitto. Afari ederra izango diagu gaur koartelean —egiatia izateko irrifarra sobera bortxatua bada ere, "Pachi"k ez du gehiagorik gaineratu. Bidean beheiti lekutu da pauso urduriez, guardazaina bizkarretik zintzilika disparatzeko prest. Bidexkak muinoen anean bihurgune egiten duenean galdu da bertzeen ikusmenetik.

        —"Tranqui", Camona, berehala aterako haugu hemendik, ikusiko duk —zaurituarenganuntz kukurubikatu da sarjentoa. Gero eta eite kaxkakarragoa du. Dardaraka dago.

        —Hotz! —doi-doiean mogitu dira bere ezpainak.

        —"Ramire"! Begira borda barruan manta edo estalkirik ote dagoen. Hi, "Largo", ekarrak transmisorea. Helikopteroa eskatuko zioagu Komandantziari.

        Ramirez bordan barneratu da. "Largo"k, bizkitartean, eskua gerrikora eraman ondoan nahasdura keinua egin du.

        —Zer? —sarjentoak, pazientzia galdu antzean.

        —Ez dakit non... gerrikoan loturik neraman eta... —totel-motel. Bisaia argitu zaio bat-batean— Bai, jakina, ardi "puta" horrek eraso egin digunean eroriko zitzaidan noski.

        Animaliak bulka egin lekura eta lurrari so gelditu da lipar batez. Segituan kukurtu da eta zerbait bildu. Astian bezain goibel eskutaratu dio transmisorea sarjentoari. Zanpaturik, ostikokaturik ageri da. Erabili ezina. Amorruak ez dio mintzatzen uzten:

        —"Hijoputa" horrek —orain artean tente eta ja ere erran gabe iraun duen artzain zaharrari—, "hijoputa" horrek zeukak erru guztia! Berak erakutsi ziok pizti adardun horri, berak...

        Esku-zangoek kendu diote aldia "Largo"ren ahoari. Lehen ostikadak artzainaren hanka-tartekoak bilatzen ditu, bai eta aurkitu ere. Lurrera eroria, burua eta sahietsekin tematu dira gero. Gainerako biak, deus egin gabe, begira hipnotizatu antzo.

        Errafaga motz bat eta bi luzexko gero. Ostikalariaren zangoa aidean gelditu da, ez aitzin ez gibel artzainaren sahietsetatik zenbait zentimetrotara. Brastakoan begirada guziak bidexkak beheratekoan egiten duen bihurguneruntz itzuli dira.

        —Harrapatu egin dik, seguru —Ramirezek, berekiko edo—. Ardiarenak egin du. "Pachi"k ez dik trastearekin hutsik egiten.

        —Bai, seguru —baietsi du sarjentoak, duda izpi bat mintza doinuan. Minutuak ziztuan iragaten dira. "Pachi"ren aztarnarik ez. Denen begiek lurretik ezin altxatuz dabilen artzain kolpatuarenak barne, bidexkako bihurgunean tinkaturik segitzen dute. Noizean behin, haize zirrizta batek inarrosten ditu lizarren hostoak eta hauek asots agar batez erantzun: Urrutixe, ezkil hotsak ttarrapattaka, astikoiak, solemneak, hil-zeinu iduri.

        —"Largo", hi nerekin —azkenik sarjentoak—. "Ramire"! —oraino lurrean, esku esposatuez baliaturik bere txapela bildu nahiean dagoen artzain zaharrari buruz— Argi honekin. Badakik: ezer susmagarririk, edozein tontokeria eta listo utzi. Nardatu naik dagoeneko.

        Carmonarengana itzuli da ondoan. Eskua harturik mintzo zaio eztiki:

        —Tira, Carmona! Behingoan izango gaituk hemen. Ikusiko duk, permisoa lortuko diat eta hire herrian bolada ederra emango duk...

        Zaurituaren ahotik ez da mihingain idorrak egindako klaska baizik kanporatzen.

        Sarjentoa aitzin, "Largo" gibel. Bien eskuak dilindan daramatzaten burni hotz beltzei atxikirik, ezker-eskuin eskuin-ezker behaka. Bortz minutuz ailegatu dira pista bukaerara. Ikuskariari so gelditu dira, mutu, deus erratekorik kausitu gabe: jeepa bide bazterrean itzulikatua da, erabat iraulia. Xehakatuak balak geldierazteko moldatu ziren birin berde-ilunak. Zilatuak lau adurrak.

        Bide ertzeko pezoin-arroilean "Pachi" datza, luze, metraileta oraino hatzaparturik. Carmonak hartutako zauria bezalakoak pila ditu gorputzaren atal ezberdinetan. Zabalik daude bere begiak. Bizi gabe, heriotzari begira segitzen dute.

        Sarjentoa eta "Largo" gibelka hasi dira. Astiki lehenbizi. Lasterrago, urduriago, izutuago gero. Eta bat-batean gelditu dira. Elkarri so zorroztu dituzte belarriak. Lehen urrutixe aditzen zituzten ezkil hotsak gertu-gertu daude, gero eta ozenagoak, hamaika aldiz biderkatuak. Lizarren artean, buru mutur beltz adardunak, gorputz zuriak. Ehundaka, milaka...

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.