Joakina Txapaltegi
Ez eta istorio bat ere
Joakin T. Expósito
Ahitzen zen ahantzia eguraldiaren itzal eta eguzkitan. Loreren baten eskeletoak balkoietan lagaturik, balkoiak beren murrizteak aitzinaldietan zintzilika, etxeetako aurrekaldeak sabeldunak zeuden, desitxaropenaren semeak haziz eta kaleetako perfilak zirriborratuz ezdenboraren haur-hondakinez.
Denborarik ez zegoen iadanik eta gauzek bertzerik ez zuten espazioa neurtzen haien bolumenaz, haien pisuaz inork ez asmaturik bainan erreala haien elkar zapaltzean. Hiria hilik izanen litzateke, gogora ahal lezan inor balitz: bainan ahantzia ere ahitzen zen oroimen ez absolutu hartan.
Giza hezurrak, inork gogoan ezin zuen suak deuseztaturik, hauts fitsak ziren haizeek noraezean eramanik edo kare eta porlanekoekin nahasturik. Giza hautsa gelditzen bazen, hiriko historiaren desagerpena bertzerik ez zuen oinarritzen. Eta saparik gabeko materia organikoaren aieruak sekula ere ezin litezke ezertaz lekukorik.
Hiria han zegoen mutu eta itsu. Espazio baten jabe, denborarik gabe, eguraldiaren mirabe. Kaleko izenaz plaka bat gehiago erortzean, zenbait uhinek aidea zeharkatu zuten soinu bihurtu ezinik. Arratsaldeko eguzkiaren errainu zeiharrak hautsez beteriko beira zati hartan isladatzean, bertze zenbait uhinek eguratsa zeharkatu zuten kolore uher bilakatu ezinik ere.
Bainan, leherketa baino lehen, denbora eta oroimen eta itxaropena oraindik zeudenean, horma batean norbaitek marraztutako galdera marka hura lerro kurbo hutsa bihurtu zen, ahantzia denetaz jabetu ondoren.
Dena den eta egia erran, ez zen hiririk, ez etxerik, ez kalerik, ez denborarik, ezta gauzarik inon ere. Eta inoiz ez zen ezer suertatu. Heriotza absolutua, "hemen ezer ez da gertatu"ra jauzia delakotz.
|